Gorputz jipoituen tratamendua euskal literaturan “emakume idazleek subjektu bezala gutxiago idazten dute genero indarkeria eta tratu txarrei buruz”

gemaGorputz maltratatuak gai orokor gisa hartuta, “Gorputz jipoituak, genero indarkeriaren sinedoke” izenburuarekin zabaldu du Gema Lasartek UEU 41. edizioko Udako Ikastaroetan eman duen saioa. Idazle Errenteriarrak 2011. urtean “Pertsonaia protagonista femeninoen ezaugarriak eta bilakaera euskal narratiba garaikidean” tesia aurkeztu zuen eta UEUk eskaintzen duen “Gorputza eta generoa euskal kulturan eta literaturan” ikastaroan parte-hartu du irakasle bezala. Ikastaroaren helburu nagusia era dinamiko eta didaktiko batean euskal literaturan eta kulturan emakumeek subjektu bezala euren gorputza nola ikusi eta ikustarazi duten azaltzea izan da. Horri buruz eta saioaren inguruan berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Lehenbizi, arreta deitu zigun Gemak bere saioari jartzen zion izenburuak. Bertan “sinedoke” hitza aurkitzen genuen. Ikastaroaren edukia kontuan hartuz eta berak jardun behar zuen gaiari egokituz, gorputz gaizki tratatuak, mutilatuak eta jipoituak azaltzeko erarik egokiena sinedoke bat bezalako figura erretoriko bat erabiltzea pentsatu zuen. Azken finean, genero indarkeria gorputz jipoituak eta hori baino gehiago direla azaldu nahirik.

Emakumeen gorputzak nola irudikatu izan diren izan da ikastaro horretako gai garrantzitsu bat; izan ere, gehienbat gizonezko ahotsetatik deskribatuak izan dira, batik bat euskal literaturan. Gemak azterketa hori burutu ahal izateko ikastaroan bereziki gizonezkoen obrak aztertu ditu, horien artean Anjel Lertxundi, Iñaki Friera eta Xabier Montoia. Helburua biktima hori nola azaltzen zuten aztertzea izan da.

Emakume idazleek subjektu bezala emakumeari buruz normaltasun osoz idatzi izan dutela adierazi digu. Halere, bere tesiaren ondorioetako bat genero indarkeria emakumeek maite ez duten gai bat dela izan da. Gizonezkoak gehiago ausartzen dira genero indarkeria edo tratu txarrak tratatzeko, eta emakumeen artean oso gutxi tratatu izan den gai bat da, beldur asko diotelako gai horri. Aldiz, indarkeria sinbolikoaz gehiago idatzi da, modu inplizitu batean agertzen da gehiago, nahiz emakumeen obretan nahiz gizonezkoenetan. Horren arrazoi bezala indarkeria sinbolikoz betetako gizarte batean bizi garela adierazi du Gema Lasartek, “Baina hori ikusi egin behar da, betaurrekoak jarri behar dira, genero ikuspegitik ikusi behar dira”.

Bukatzeko, Gemarekin izan dugun elkarrizketaren barruan euskal kulturan gorputz jipoituek izandako bilakaeraz hitz egin dugu. Horretarako, Golgota eta Tango urdina eleberriak azpimarratu ditu bere ustez proposamen ezberdinak direnak. Biak gerra garaiari buruzko eleberriak izanik bietan agertzen dira momentu hori pairatu zuten emakumeak, indarkeria egoera hori gainditu duten emakumeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude