Mari Luz Esteban Galarza: “Kultur tradizio, mito eta ohituren berrirakurketak behar ditugula argi dut”

Gorputza eta Generoa Mari Luz Esteban1Tesi batetik ideia hartuta, UEUko “Gorputza eta generoa euskal kulturan eta literaturan” udako ikastaroan parte hartu du Mari Luz Estebanek, “Gorputzak Euskal Kulturan. Ikuspegi berrien bila” hitzaldia emanez. Gorputza eta generoaren azterketa egiten saiatu dira bertaratu diren emakumeak eta bere helburuetako bat, bere antropologia lanetan eta generoaren inguruko ikasketetan ikasitakoa euskal kulturara egokitzea izan da. Euskal kulturak orain arte izan duen zentzua problematizatuz, ondoren azterketa egiteko. Sei lagunen elkarrizketatzetik ateratako “bertarakotze“ ideia hartuta euskal kulturara egokitu diren emakumeen bizipenetatik hasi da Mari Luz Esteban Galarza antropologian doktorea eta medikuntzan lizentziatua.

Ikuspegi berrien bila zatoz hitzaldira. Zein izan da orain artekoa? Euskal kulturaren ikerketan ohikoak izan diren ikuspegietatik harago joateaz hitz egin dut, bai teoria feministak baita gorputzaren eta emozioen antropologiak ere eskaintzen dizkiguten planteamendu teoriko eta metodologikoak baliatuz. Azken hamarkadetako teoria feministan, genero kontzeptuaren eta emakume eta gizonen arteko mugen ezegonkortze prozesuan murgilduta gaude nahiz eta “emakume” izendatuak diren pertsonen egoera menpekoa hauteman eta salatu. Era berean, “euskal” eta “euskaltasun” kontzeptuak ere ezegonkortzeko ahaleginaz hitz egin dut, euskal komunitatearen errealitatea aitortuz baina euskal kulturaren irudi mitiko, estatiko eta uniformearen kontra eta (euskal) identitate bizituen alde. Horretarako, jendearen jardute ezberdinei begiratu behar diegu, praxi hori sortzen den testuinguru sozial, ekonomiko eta politiko zehatzak bistatik galdu barik. Eta jarduteen analisia esaten dudanean, gorputz eta emozioekin zerikusia duten praktikez ere ari naiz. Analisi hau euskaran/hizkuntzan enfasi gehiegi ez jartzeko ere erabil daiteke eta euskaltasuna modu zabalago eta konplexuago antzemateko. Adibide xume gisa, 60. hamarkadan Euskal Herrira etorri ziren emakume etorkinen adibidea jarri dut: emakume horiek askotan elikadura eta jantziak baliatu zituzten “hemengo“ bihurtzeko. Beraien burua “euskalduntzat“ izan ala ez, asko eta asko bertakotu ziren aztertzeke dauden jardute ugariren bidez, beraien seme-alaben errotzea ere ahalbidetuz. Emakumeen gorputzen analisi plural hori, beste aldetik, euskaltasuna berrizendatzeko bide bat izan daitekeela argudiatu dut.

Nola irudikatzen da gaur egun euskal kulturan emakumearen irudia? Askotan euskaldun izatea indarrarekin eta sendotasunarekin lotu ohi den era berean, emakume eta gizonen artean bereizketa zorrotza egin ohi da, indarra gizonekin eta sendotasuna emakumeekin lotuz. Bi kontzeptu horien berrikuspenaren alde egin dut euskaltasunaren irakurketa berrien beharra azpimarratuz. Beste aldetik, Euskal Herrian bizi diren emakumeen arteko ezberdintasunei eta emakume eta gizonen arteko antzekotasunei ere begiratu behar zaiela defendatuko dut.

Azken urteetako ahaleginek beren fruitua ekarria al dute? Hots, lortu al dugu emakumearen irudia aldatzea? Baiezkoa bada, zeri edo zeni esker? Ukaezina da gaur egun emakumeak askoz presenteago daudela arlo publikoan eta kulturgintzaren arlo guztietan, nahiz eta gaur gaurkoz gizonen taldeek botere izugarria edukitzen jarraitu eremu gehienetan. Gainera, emakumeek eta feministek egindakoa ez da beti jendartearen edo kulturgintzaren erdigunean kokatzen, zerbait apartekoa izango bailitzan. Hala ere, oraindik, emakumeen ikusezintasuna nabaria da: ikusten ditugunean ere, emakumeak, gizonak baino gehiago, kolektibo moduan aurkeztuak izan ohi dira, ez banan-banan eta izen propioarekin; eta gainera, emakumeez hitz egiten denean, emakumeei sozialki esleitzen zaizkien eginkizunak azpimarratzeko ere balio izaten da.

Nola irudikatzen du emakumeak emakumearen gorputza euskal kulturan? Ez nuke jakingo nola erantzun galdera hau. Esango nuke ez dugula informazio nahikorik jakiteko nola irudikatzen duten beraien gorputza ez emakumeek ezta gizonek ere. Beste aldetik, galdera horri erantzuteko esparruka egin beharko genuke analisia: nola ikusten duten beraien gorputza emakume bertsolariek edo emakume kirolariek edo emakume…? Ikastaro honen amaieran ziur asko erantzunen bat emateko jantziago egongo gara.

Kultur tradizioa, ohitura, barneratutako rolak … emakumearen irudia aldatzeko oztopo besterik ez dira? Kultur tradizio, mito eta ohituren berrirakurketak behar ditugula argi dut, ez bakarrik emakumeen irudia aldatzeko, euskaltasunaren inguruan ere interpretazio eta aukera alternatiboak eta konplexuagoak aurkitu ahal izateko eta gaur egun dugun jendartearen beharrizan eta errealitateei hobeki egokituz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude