Irudiak, formak eta koloreak irakaskuntzako tresna gisa

Eider Eibar eta Miriam peña irakasleakIrudimen handiz beteta hasi dira aurten UEUk eskaintzen dituen 41. Udako Ikastaroak. Izan ere, “Eskuekin pentsatuz, emozioak irudikatzen” Udako Ikastaroa jasotzeko aukera izan dugu Miriam Peña eta Eider Eibarren eskutik. Biak dira Arte Ederretan lizentziatuak eta literatura eta irudia lotzen diren esparruetan ibili dira, Eider alde batetik haur eta gazte literatura ilustratzaile bezala eta Miriam “Letra eta irudiaren arteko harremana Album ilustratuan” ikerketa tesiarekin. UEUko Arte Saileko arduradunak ere badira. Ikastaro praktiko honetan irudiaren alde ludikoaz jarduten ari dira. Irudiak, formak eta koloreak osatutako irakaskuntzako tresna gisa erabiltzea. Emozioak plazaratzeko helburuarekin, baliagarri izan daitezkeen tresna eta baliabideak eskaintzen dabiltza.

Gaur egungo heziketa moldeetan espresio artistikoa nola baloratzen da? Egia esan gu ez gara haur hezkuntzako irakasleak eta ez dakigu oso ondo klaseetan zer gertatzen den, baina bai ikusten duguna jendea baliabideen bila etortzen dela da. Adibidez gaur komentatu dugun gauzetako bat izan da ikus-alfabetizazioa ez dagoela alfabetizazio arruntaren maila berdinean. Hau da, maila ezberdinetan lantzen direla, eta ondorioz haurrak jasotzen dutena ez dela parekoa.

Zer gertatzen zaigu hazten garen heinean? Txikitan genuen bat-batekotasuna galdu eta kulturak edo gizarteak baldintzatutako forma adierazpenetan mugatzen gara? Alde batetik ikus-hizkuntza oso sendoa ez daukagulako gerta daiteke, orduan aukera pertsonalak egiteko ez dago oso landuta. Txikitan ez gara epaituak sentitzen, ez daukagu lotsarik, espontaneoak gara. Baina hazten garen heinean, gizartearen presioagatik taldera egokitu nahi gara, bakarrik ez sentitzeko. Beraz, marrazki edo irudi-hizkuntza landu gabe dugunez, heldua, umea edo gaztea sentitzen da ez dela adierazpen horiek egiteko gai eta alde batera uzten du. Aldiz, gai direnak jarraitu egiten dute.

Emozioak adierazteko baliabide eta teknikak geureganatzea ze ekarpen egin dakiguke? Nola bideratuko ditu baliabide horiek irakaskuntzan? Ikastaroan egin ditugun ariketa bakoitzarekin koloreez osatutako hiru kodigo erabili ditugu. Gorria alde batetik, bakoitzari sortzen digun pasioa, momentu horretan zer sentitzen dugun adierazteko, berdea klasean nola uste dugun aplikatu genezakeela eta horiarekin ze oztoporekin topatu garen hori egiteko, adibidez azaltzeko zaila iruditu zaigun zerbait.Baliabideak anitzak dira; ikasle batek adibidez “azaldu ezin diren gauzak azaltzeko” adierazi du, guk irtenbide bat bilatu dezakegu irudiaren bidez edo klaseari hasiera emateko marrazkiaren bitartez saia gaitezke. Klasean horri buruzko debatea sortzea lortu dugu.

Helduek haurrekin alderatuz irudiekiko pertzepzio ezberdina dute, garrantzitsua da hezitzaileentzat irudi eta objektuen formak eta konposaketaren analisia egitea? Guretzat interesgarria da jolasaren bidez hurbiltzea. “gorrotoa” bezalako kontzeptuak azaldu behar badira adibidez. Klasean ariketa bat egin dugu, gorrotora heltzeko maitasunetik hastea erabaki dugu, dado-joko baten bitartez eta azkenean zerbait marrazten bukatu dugu baina jolasaren bidez hasi gara. Gure ustez haurrak ulertu behar ditugula uste dugu, ulertu behar ditugula sentitzeko horretan bere lekua dagoela. Halere uste dugu helduaren ikuspuntu batetik ume batengana heltzea zaila dela. Erak eta erak daude eta badago jendea oso ondo konektatzen dakiena, baina guk mundu guztiak erabiltzeko moduko baliabideak eman nahi ditugu.

Ikastaran baliabide plastikoetatik aparte emozioak kanporatzeko objektuak, materialak eta jolasa izango dituzue oinarri bezala. Zertan ezberdintzen dira? Marrazteko zailtasunak dituzten pertsonekin aurki gaitezke, horren haritik, imanekin egiteko zenbait ariketa planteatzen ditugu. Toki batetik bestera pasatu daitezkeen eta itsatsi daitezkeen elementuak dira, teknika hau errazagoa suertatzen da boligrafoa hartu beharrean. Dena ez daukagu zertan marraztu eta zertan asmatu, gauza asko eginda daude. Horregatik ekarri ditugu 40 ipuin, baliabide horiek bertan daudelako. “ Zergatik uste duzu protagonista gorria dela?” kodigo horiek ulertzen baditugu errazagoa da, ipuinen bitartez edo beste material batzuen bitartez heldu gaitezke ezagutza horretara. Pertsonak ez dauka marraztu beharrik. Ikastaroko beste ariketetako bat ipuinak sortzea izan da. Ondoren lego bidez eraikitzea, 3 dimentsioak erabiltzea istorioak eraikitzeko helburuarekin. Beste bat marrazketaren bidez txotxongilo batzuk sortzea bizitasuna emateko eta 3. dimentsioa jorratzeko. Azkenean kodigo ezberdinak erabiltzen dira helburu berdinerako, jendeari baliabide eta teknika ezberdinak eskaintzeko desioarekin. Adibidez pertsona bati imanen teknikak ez dio balio baina agian ipuinak balioko diote, gauza da abaniko zabal bat ematea eta bakoitzarentzat baliagarri dena hartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude