Errotariarena

Edo urak bere bidea aldi batez uzten duenekoa.
Errota zaharra biziberritu egiten da Joxek giltza irekitzen duenean.
Butroeko urak arin-arinka amiltzen dira errotapera.
Burdinazko hodietan barrena doan ur txorrota larritua
oldartu egiten da txifloiaren ahoan, eta errudearen kontra lehertzen.
Ardatzaren akuilukadei men egitea
beste erremediorik ez du gaineko errotarriak,
eta hasi da, tar-tar, azpikoa igurzten.
Dogarara botatako artagarau gorriak ere
dantzan hasten dira txangalaren soinuan,
eta hor doaz, txala-txala, harro zulo ilun beltzera.
Arto-bazka kupida gabe irensten dute harriek,
eta eho eta eho
eta askara botatzen dute urregorri koloreko arto-irin fina.
Bertatik jasotzen du errotari zurituak,
eta tapa-tapa hasten da, galbahetik igaroarazten.
Zakura, irin fina baino ez.
Baina, ai, garaiok ez dira, ez, lehengoak;
zakukada bi nahikoa izango da aldi baterako.
Gero, irekitzea baino askoz gehiago kostako zaio Joxeri
urari bidea ixtea.
Errotak ere gogortuxe dauzka giltzadurak, antza.
Eta egunak eman duena pisatu ostean,
oraindik ere errota barrua
zuriz jantzi duen irin estalkia garbitu beharra dago.
Izan ere, egunak eta agian asteak ere joango dira-eta
errota zaharra berriro esnarazi orduko.
Gainera, gaur Txikitonekoa datorkio bisitan.
Gogora ekarriko dituzte antzinako kontuak,
fabrikan ere lanean zebiltzanekoak eta beste hamaikatxo.
Artean, errota isilik.
Eta berriro ura bere bidean.
Eta mila urte igarota, errota garia ehoten…
Bai ote?

Josu Varela

Sarrera Zakua Pisatzan Zenbat ote Garbitzen Garia edonon Barruko mekanismoa Artoa Ura Artoa biltzen artoa bilduta Ibaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude