Sozialismoa hemen eta orain

Askotan esaten, entzuten eta erabiltzen dugu sozialismoa hitza, baita horren inguruan iritzia eman edo eztabaidatu ere. Baina benetan, zenbat dakigu edo zenbat hausnartu dugu sozialismoari buruz? Horretarako aukera izan dute Iruñean, UEUk antolatutako “Sozialismoa Euskal Herrian XXI. mendean. Gizarte eredu berri baten alde” ikastaroan.

Ikastaro horren helburua, hiru egunez, gaur egun bizi dugun garai politiko eta ekonomiko gorabeheratsu honen inguruan ikuspuntu desberdinak mahai gainean jartzea izan da. Landutako gaiak, bestak beste, ekonomia, ekologismoa, feminismoa, immigrazioa eta sozialismoa Euskal Herrian izan dira. Horretarako arlo guztietako adituak bildu dira gela bete ikasleren inguruan.

Joseba Felix Tobar ekonomialariak dio ez dakiela gaur egun “sozialismoa zer den”, ezta “zer izango den hemendik aurrera” ere. “Baina badakit zer izan den: estatu-kapitalismo atzeratua”, azaldu du. Sozialismoaren kontzeptua, arlo politikoetatik harago doa. Izan ere, Tobarren ustez, krisiaren atzean “ezjakintasun ikaragarria” dago nonahi. “Horrela doa gure bizitza, zulo finantzarioa gero eta handiagoa eta sakonagoa izanik, politikariak eta ekonomialari gehienak erabat galduta dauden bitartean”, gaineratu du UEUko Ekonomia saileko kideak. Horrez gain, Tobarrek aipatu du Diru Teoria Modernoek badakitela “krisia zergatik gertatu den eta nahita nortzuk induzitu zuten”. Aldi berean, krisitik ateratzeko zenbait proposamen “jakinak” direla komentatu du. “Dena argi dago; hala ere, askatasunari beldur diogu”, azaldu du. “Hobeto ortodoxia hilgarria, oraingo Europar Batasunari tinko eustea horrek suposatzen duen hondamendi ekonomikoarekin, heterodoxia baino”, adierazi du.

Ekologiari buruz ere badago zer esana sozialismoaz ari garenean. Horri buruz mintzatu da Josu Larrinaga soziologo, EHUko irakasle eta Parte-Hartuz ikerketa taldeko kidea. Bere ustez, ekologiak “aurrera joatea, atzera joatea, edo suntsipenera joan gaitezkeela abisatzen du”. Eta orain, atzera edo aurrera goaz? “XX. Mendea aurrera joatearen mendea izan da, petrolioa erretzen”, dio Larrinagak. “Gaur egun, ostera ere, krisi sistemikoak horrela ezin dela esaten du, bizitza onaren inguruko kategoriak birpentsatu behar ditugula eta ekologismoak historian ezagutu dugun onenaren kontserbazioa, helburu eraikitzaile eta aurrerazaleak alboratzea eta komunitate lokalen ordua iritsi dela plantea dezake, bere etxeko-lanak ere egiten baditu”, adierazi du Larrinagak.

Feminismoa izan da jorratu duten beste gaietako bat. Ikastaroan hizlari bezala egon da feminismo eta sozialismo gaietan aditua den Zaloa Basabe. Feminismoa ez dela “amaitzen den zerbait” aipatu du, “bizitzeko era bat baino”, eta ondorioz, “eraldatzen” doan mugimendua. Horregatik, feminismoak jendartearekiko “harreman dinamikoa” duela adierazi du Basabek.

Ikastaroa bukatzear dago eta hiru egun hauetan ikusitakoa biribildu nahian Imanol Galfarsoro soziologoak, Andoni Olariaga filosofoak eta Iban Galletebeitia soziologoak mahai-ingurua antolatu dute. Horren helburua, Euskal Herriko sozialismoari buruzko eztabaida bultzatzea eta ikasle zein irakasleak hausnarketa bateratu batean murgiltzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude