Roldan Jimeno: “Konkista gure lurraldean historian zehar izan duen gertakaririk garrantzitsuenetarikoa da”

Aurten Nafarroako erresumaren konkistaren 500. urteurrena betetzen da. Asko dira gertakaria gogoratzeko egiten ari diren ekitaldiak. Baina zehazki zer dakigu konkista hartaz? Zer zen galdu zena? Nolako eragina utzi du gerora konkistaren memoriak? Gai horiek jorratu dituzte hiru egunez hainbat historialariren presentziarekin. Iruñean ospatu diren udako ikastaroetan, egunero izan du presentzia orain bostehun urte eman zen Nafarroako Konkistak. “Ikastaroaren xedea Nafarroaren konkista zer izan zen eta gerora nola interpretatu den ulertzea da. Izenburuak dioen bezala konkistaren lehena eta oraina ezagutzea. Horretarako egun bakoitzean garai bat hartu da. Bigarren egunean Amaiur gaztelua in situ ere ezagutu genuen, interesgarria baiteritzogu”, dio Jurgi Kintana ikastaroaren antolatzaileak. Ikastaroa ematen izan diren irakasleen artean izan da Roldan Jimeno historialari nafarra. Historian doktoregoduna, eta beste hainbat gaietan aditua da bera, bereziki Nafarroako Konkistan. Gertakizunaren inguruan duen iritzia jakin nahi izan dugu.

Zer dela eta, 500, urteurrena beteko duen konkista honek, hain oihartzun gutxi izan du gizartean?
Nik kontrakoa esango nuke, Nafarroako ikuspegi batetik behinik-behin. Ez dago asterik -ia esango nuke egunik ere-, bertako prentsan konkistaren inguruko berririk ez datorrenik, Nafarroa Bizirikekoek egindako ekintzengatik hein handi batean.

Zein da zuk ematen duzun ikasgaiaren helburua?
Nire bi saioetan, konkistak suposatu zuen ekintza militarrez gain, bere aurrekariak, legitimazio juridiko eza, eta bere garaian eta oro har XVI eta XVII. mendeetan Nazioartean konkistaren gaiaren inguruan egon zen eztabaida juridiko-historiografikoa azaltzea izango da.

Zergatik daude hainbat ikuspegi ezberdin gertakari honen inguruan?
Nafarroako historiografiak diskurtso nahiko bateratua izan zuen 1921. urtea arte. Alegia, 1512koa konkista militar bat izan zena. 1921ean Amaiurko balentria gertatu eta lau mende ondorengo gorazarreak eztabaida garratza eragin zuen garai hartako zenbait politikari eta intelektualen artean, Gaztelak Nafarroa anexionatu izanaren gai korapilatsuaren gainean. Egia esan, gertakari historiko hark aurrerantzean, baita gaur egun ere, bazterrak inarrosi eta elkarren kontrako jarrerak sortuko zituen. 1921. urtearen hasieran, hitzaldi batean, Pradera gogor mintzatu zen aipatu monumentua eraikitzearen kontra. Une horretatik aurrera, eta hilabete batez, eztabaida gorria prentsatik plazara zabaldu eta, gainera, hainbat azterlanen argitalpena eragin zuen. Praderak, hau da, 1918ko garaipen nabarristaren eta anti euskaltzalearen ikurrak, ez zuen zalantzarik izan guztiei aurre egiteko: Aranzadi (abertzalea), Joaquin Baleztena Premin de Iruña (jaimezalea), Jesus Etayo artxibozaina (jaimezalea), Jose Maria Azcona tafallarra, Julio Altadill eta Rodeznoko kondea. Hitz gordin batzuk gorabehera, eztabaida jasoa eta sakona izan zen hura eta historiografian pausatu zuten begirada, egia historikoa bilatu nahian. Beraz, saiatu ziren urruntzen jarrera politikoak justifikatzera bideratutako argudio historikoetatik. Praderak esaten zuen monumentuak goresten zuela XVI. mendeko borrokan aritutako taldeetako bat, agaramontarra, eta bere iritziz, talde hura traidore izan zen Nafarroarentzat.
Bere momentuan Praderaren tesia gutxiengo baten tesia izan bazen ere, Frankismoan zehar inposatu zen, eta gaur egun Navarrismoaren tesi nagusia da.

Hezkuntzan zergatik uste duzu leku gutxi bereganatu duela konkistak?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan konkistaren inguruan irakasten dena gutxi da, baina, batez ere, kontutan hartu behar dugu 12 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutilak direla, eta gai honen inguruan ikasitako edukiak Giza Zientziak eta Sozio-ekonomia ibilbideko Batxilergoa hartzen dutenek modu zabalago batean ikusiko dituztela. Ordea, Zientzia eta Teknologia ibilbidea hautatzen dutenek, ikasitako eduki gutxi horiek ahazten dituzte. Batxilergoan ematen diren Historiaren inguruko irakasgaiak hiru dira: Bi enborrekoak Mundu Garaikidearen Historia (Lehenengo maila) eta Espainiako Historia (Bigarren maila), eta Nafarroan hautazko bat Nafarroako Geografia eta Historia (Lehenengo ala Bigarren mailan egiten ahal dena). Azken honetan da, hain zuzen ere, gaia jorratzen den bakarra, baina oso gutxi, gainera. Arrazoiak, jakina, Espainiako hezkuntzan sisteman bilatu behar ditugu, Madrilgo zentralismo zorrotz batetik diseinaturikoa.

Zein da zure iritziz, gai honen inguruan duzun iritzia, eta balorazioa?
Ikuspegi politiko-instituzional batetik, Nafarroaren konkista gure lurraldean historian zehar izan duen gertakaririk garrantzitsuenetarikoa da, XIX. mendearen foralitatearen krisiarekin parekatu dezakeguna. Zentzu honetan, ikerketa historikoa eta ikerketa honen dibulgazioa ezinbestekoa da, eta horretan Udako Euskal Unibertsitatea aitzindaria izan da. Gai honen inguruan euskara soilean egin den jardunaldi bakarra UEUk antolatu zuen, eta oraingo Udako ikastaro honekin eskaintza hori osatzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude