“Hizkuntza biziberritzeak eragina du hizkuntza komunitatearen beraren auto-estimuan eta kohesioan”

Iruñeko Udako Ikastaroen baitan, UEUk Euskararen berreskurapenaren esperientzia eta hizkuntza gutxituen biziberritzea: ildo berri bat garapenerako lankidetzan, ikastaroa antolatu du, Garabidekoekin elkarlanean. Izan ere, zoritxarrez, gero eta gehiago dira galbidean doazen hizkuntza eta kulturak ere. Elaia eta Oihana Iñurrategi izan dira bertako arduradunak. Beraiek horrela definitzen dute ikastaroaren nondik norakoa: “Gero eta gehiago dira galera bidean dauden hizkuntza eta kulturak. Eta hizkuntza zein kultura gutxitu hauek, tresnak behar dituzte biziraun eta biziberritzeko. Erronka horretan, euskarak azken 5-6 hamarkadetan egin duen ibilbidea, aparteko tresna izan daiteke berreskurapen prozesu baten gakoak identifikatzeko. Zertan balia genezake esperientzia hori gainerako hizkuntza gutxituen biziberritzean lagungarri gerta dadin? Horra ildo bat garapenerako lankidetzan.
Baina, zein lotura dute hizkuntzen biziberritzeak eta garapenak? Hizkuntza eta identitate gutxituak biziberritzeak, munduko hizkuntz eta kultur aniztasuna bermatzea lekarke, baina ez hori soilik. Hizkuntza biziberritzeak eragina du hizkuntza komunitatearen beraren auto-estimuan eta kohesioan, gaur egungo mundu globalizatuko erronkei aurre egiteko indartuz.

Bere nortasunaren bizi-ahalegina eta horretarako garabideen esperientzia hor dauka gure herri txiki honek. Hori gainerako herriekin konpartitzen asmatzea berebiziko ekarpena izan liteke garapenerako lankidetzaren arloan. Laburbilduz, “ikastaroak Garabideren lana eta garapenerako elkarlanaren inguruan duen ikuspegia partekatzea du helburu. Lan eta ikuspegi hauek sakonago ezagutzeko”, dio Elaia Iñurrategik.

Klasean, teoria lantzeaz gain, hainbat saio praktiko ere burutu dituzte. Horrela, ikasleek haien gogoetak, ideiak, kezkak eta zalantzak plazaratzeko dinamikak proposatu dituzte, guztien artean ideia berria izate aldera. Bestalde, lehen egunean, bideokonferentziaz aritu ziren Mirian Viviana Gonzalezekin. Bera “hizkuntzalaria da eta Cauca departamentuan dihardu nasa herriarekin, nasa yuwe hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko lanean. Beraien komunitateetatik desplazatuak izan diren eta beste lurralde batzuetan berrezarri behar izan duten komunitateen hizkuntza aholkularitzan jarduten du”, dio Iñurrategik.

Azkenik, egun euskararen egoerari buruz galdetzean, ez dauka argi zein den gure hizkuntzaren egoera, baina bai zein den garapenean jarraitu behar diren urratsak. “Garabideren eginbeharra euskararen berreskurapenean, aditu eta aritu direnak Abya Yala (Hego Amerika)-n euren hizkuntzen berreskurapen lanetan diharduten indigena herrietako kideekin harremanetan jartzea da. Euskararen etorkizun, eta egoeraren inguruko hausnarketak esparru horretan aditu eta aritu direnen esku utziz”.

//

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude