Ane Ablanedo Larrion: “Gizartea aldatu nahi badugu haurtzaroa zaindu behar dugu, oraingo haurrak geroko helduak direlako”

Askotan pentsatzen dugu nolakoak garen eta nolakoak diren besteak. Eta sarritan ez diogu bueltarik ematen zergatik garen horrelako edo bestelako. Garen horren zati handiena gure haurtzaroan sortu genuen, gure sendotasun eta ahuleziak orduan eraiki ziren. Horri buruz aritu dira UEUk antolatu duen “Haur psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak” ikastaroan. Ane Ablanedo Larrion izan da ikastaroko irakaslea. Ablanedo Euskara eta Literatura irakaslea da Bigarren Hezkuntzan, Psikoterapia eta Prebentzioan aditua da eta “Hazkuntza laguntzeko ikastaro”-en koordinatzailea, UEUkide izateaz gain. Beregana jo dugu gaiari buruz gehiago jakiteko.

-Nolako garrantzia dauka haurtzaroak pertsonen garapenean?
Sekulakoa. Psikologia eskola gehienak ados daude 0-7 urte bitarteko etapa horretan sortzen dela nortasuna batez ere. Ez da definiboa, gero egongo dira aukerak hor egon diren gabeziak eta bestelakoak konpentsatzeko. Baina nortasunaren sendotasuna edo ahulezia hor sortzen da, hau da, enborraren mamia egiten da orduan. Beraz oso garrantzitsua da, batez ere lantzen ari garen 0-3 urte bitarteko tartea, gure espeziean nahiko heldugabe jaiotzen delako beste ugaztun batzuekin konparatuta. Horregatik hain zuzen ere, adin hori da gehien zaindu beharrekoa.

-Prestatuta al daude hezitzaileak haurren garapen horretan eragin positiboak transmititzeko?
Ez gehiegi, izan ere hezitzaileei edo irakasleei gehiago erakusten zaie irakasten, baina ez enpatia edo komunikazio emozionalari buruz, hori ez dute inon ikasten. Gu helduak nahiko desnaturalizatuta gaudenez, formazio bat egin beharko litzatekeela uste dut. Hezitzaileen eginbeharra sozialki ikaragarria da. Berez ume batek tokatzen ez zaion tokian egon behar du, adibidez haur eskola batean, nire ustez adin horretan egon behar ez lukeen lekuan. Baina behin hor egon behar duenez, oso garrantzitsua litzateke hezitzaileek prozesuaren nondik norakoak zeintzuk diren jakitea, gakoak zeintzuk diren jakitea eta formazio emozional hori lantzea.

-Eta gurasoak?
Gauza bera. Azkenean ume bat jaiotzen denean ama bat jaiotzen da. Inork ez digu irakasten senarekin jokatzen, eta ugaztun eme bati edo ar bati irakasten zaionean bere sena deuseztatu egiten da. Normopatak bihurtu gara, hau da, gure buruarekiko kontaktua eta gure beharren kontaktua galdu dugu eta horren ordez normak jaso ditugu. Adibidez, titia lau orduan behin eman behar dela irakasten digute, pentsatu beharrean bakoitzak badakiela noiz eman behar duen bere naturaltasun horretan. Horregatik uste dut gurasoei ere asko lagundu behar zaiela, umeek badituztelako beste komunikazio modu batzuk, batez ere haur niniek. Horretan uste dut gabezia handiak daudela, eta profesional batek ez dio guraso bati erakutsiko nola egin gauzak baina erakutsi ahal zaio enpatia garatzen, berak ikas dezan eta konfiantza eduki dezan bere jakintza natural horretan, berezkoa duen horretan.

-Gizartea gero eta heldugabeagoa dela diozue. Zein faktorek eragiten du hori?
Hasteko esan behar da hazkuntza sistemak ez direla inozenteak. Gizarte bakoitzak sortzen ditu gizarte sistema hori mantenduko duten gizakiak. Horregatik ez da inozoa gizarte bakoitzean dagoen hazkuntza sistema. Ez da gauza bera hemen jaio edo adibidez hirugarren munduko herri batean jaio: hemen titia gutxi ematen da, han asko ematen da etab. Hori horrela ulertuta nik pentsatzen dut hemen sistemari gizaki heldugabeak egitea interesatzen zaiola, sumisoak. Azken batean, gure beharrekiko kontaktua kendu eta horren ordez sinestu ahal izatea edo konfiantza eduki ahal izatea beste batek gidatuko gaituela, eta hori oso arriskutsua da. Gainera, helduen psikoterapian eta horrelakoetan ikusten dena da garai batean klinikan ikusten ziren transtornoak ez zirela orain ikusten diren bezain larriak. Hau da, atzeraka goazela. Umeek dituzten disfuntzioak gero eta larriagoak dira neurri batean, gero eta lehenago ematen direlako. Garai batean bermatuta zegoen, adibidez, umeak garai luzeago batean etxean egotea. Orain ez da hori bermatzen gurasoak lanera joan behar direlako, esaterako. Horrek sortzen du gaixotasun gero eta larriagoak egotea, ez bakarrik sintomen zentzuan, baizik eta, nortasunaren sendotasunean, gauzak errebindikatzeko indarrean… adibidez. Hori gero eta gutxiago daukagu.

-Iritsiko ote gara horri buelta ematera?
Nik uste dut horretan datzala aldaketa sozialen gakoa. Uste dut iraultzek frakasoa eduki badute hori ez delako kontuan hartu izan dela, eta aldaketa etorriko bada gu aldatze horretatik etorriko dela, aldaketa pertsonaletik. Zalantzarik gabe gizartea aldatu nahi badugu haurtzaroa zaindu behar dugu, tituluak ongi dioen bezala, oraingo haurrak dira geroko helduak. Horregatik pentsatu behar dugu nolako gizakia nahi dugun. Erlazio modu desberdin bat sortu behar da guraso eta seme-alaben artean eta irakasle eta ikasleen artean. Horregatik, zabaltzen dudan diskurtsoa prebentzioarena da, nola prebenitu geroko transtornoak eta nola prebenitu gizarte osasuntsuago bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude