Tania Martinez Portugal: “Eredu eta ideología politiko garikideari ez zaio interesatzen kritikotasuna, sormena, eta bestelako kurrikulumak eskolan lantzea”

 Aldaketa sozialerako tresna garrantzitsua izan daiteke hezkuntza. Kritikotasuna, ingurugiroarekiko errespetua, kontzientzia feminista eta bestelako baloreetan oinarritzen den hezkuntza ereduak eta alternatibak aztertuko dituzte gaur eta bihar UEUk antolatu duen “Iraultzaileak hezten: hezkuntza aldaketa sozialerako tresna gisa” ikastaroan. Tania Martinez Portugal politologo eta gizarte-ikertzailea izango da ikastaroko gidaria. Martinez Glasgow Unibersity eta University of the West of Scottland-en ibili zen Spanish lecturer gisa. Ikasketen urteetako bat Italiako Bolognako Unibertsitatean eman zuen, eta hortxe hasi zitzaion gaurko irakaskuntzaren inguruko ardura eta teoria libertarioaren inguruko interesa. Berarengana jo dugu ikastaroaren berri jakiteko.


-Zer landuko duzue ikastaro honetan?
Ikastaroak gaur egungo hezkuntza ereduaren inguruko hausnarketa kolektiboa izan nahi du, ikuspegi kritiko eta konkretu batzuk abiapuntu izanik: Pedagogia Libertarioak. Pedagogia Libertarioak anarkismotik sortu diren hezkuntzaren inguruko teoriak dira. Guk teoria soziopolitikoak aztertuko ditugu, gizartea aldatzeko bokazioa duten teoriak, besteak beste. Era berean, beste eskola eredu batzuk aztertuko ditugu, eta tresna guzti horiekin, gure hezkuntza eredu “idealaren” sormen prozesuan murgilduko gara.

 

-Teoria eta praktika uztartuko dituzue?
Noski. Ikastaroaren metodologíak berak pedagogia libertarioaren hainbat kontzeptu eta proposamen aintzat hartzen ditu, nola bestela? Klase magistralak emateak pertsonaren pasibitatea eta eredu konkretu baten erreprodukzioak ekar ditzake. Bestalde, hausnarketa kolektiboak ezagutza berriak sortzera eramaten gaitu: argi dago gure hezkuntza eredu “ideala” ez dugula praktikara eramango bi egunetan, baina ekarpen teorikoen erabilera praktikoa bai landuko dugu.

 

-Hezkuntzak gero eta indibiduo pasiboagoak sortzen dituela esaten da. Horrela al da?
Bai. Hezkuntza sitema ez da neutrala: eredu eta ideología politiko konkretu bati, garaikideari, so egiten dio. Eta horri ez zaio interesatzen kritikotasuna, sormena, eta bestelako kurrikulumak eskolan lantzea. Hezkuntza sistemaren estruktura hierarkikoak berak eta sistemak berak autoritate inposatua onartzen duten indibiduoak behar ditu aurrera egiteko. Hezkuntzak baditu laguntzaile paregabeak: merkatuaren diktadura, publizitadea, mass-mediak, sozializazio agenteek egiten duten “ispilu lana”…

 

-Iraultzaile izateko tresnarik eskaintzen al dio ikasleari hezkuntzak?
Momentu honetan irakaslea eskain dakioke. Sistemaren funtzionamendua aztertzea eta horrek hezkuntzan duen eragina ulertzea pausu garrantzitsua da. Horrela sistemari aurre egiteko mekanismoak eratzen has gaitezke, gure ingurumen eta egoerari egokituak. Teoria libertarioen ekarpen teoriko-praktikoak ere oso argigarriak izaten dira.

 

-Ba al dago alternatibarik gure ondorengoei kritikotasunik trasladatzeko?
Noski! Baina horretarako gure kritikotasuna ere landu behar dugu.

 

-Nola sor dezakegu bestelako baloreez osatutako hezkuntza eredu bat? Badago holakorik? Gurera ekarri ahal izango genuke?
Sortu izan dira Ateneoak, Paideia, Summerhill eta bestelako esperientzia txikiak; edo sortzeagatik borrokatu egin dira, Escoles en Lliuta, adibidez. Gu geurea eratzera goaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude