Bioeraikuntza: Bizitzeko eraikiz

Eraikuntzaren sektorean egon den eraldaketa prozesu handian lan egiteko, bizitzeko eta ingurunearekin harremanak edukitzeko modu arduratsu bat da bioeraikuntza. Bizitzeko eraikiz eta ez eraikitzeko biziz. Guztia, zoriontsu izateko bide gisan. Atzo eta gaur zientzia hori aztertzen ari dira Eibarko Markeskoa jauregian UEUk antolatu duen “Bioeraikuntza eta Geobiologia: bizitzeko eraiki” ikastaroan. Inhar Agirrezabal Saenz de Santamaria da ikastaroko irakasleetako bat. Arkitektura ikaslea da Agirrezabal, Bioeraikuntza masterreko ikaslea eta Auzolan ekimeneko kidea, UEUkidea izateaz gain.

Agirrezabalek “gizakia eta bere ingurumenaren arteko harremana aztertzen dituen zientzia” gisa definitu du Bioeraikuntza. “Ingurumen eraikiaren bitartez bizitza eta naturaren artean zer harreman dagoen aztertu nahi du Bioeraikuntzak”, gaineratu du irakasleak.

Ikastaroaren helburua gaian interesa duten euskal ikasleei arlo zabal horretara lehen hurbilketa egitea da. Horretaz gain, bioeraikuntzaren oinarriak azaltzea du helburu; ingurunean eragin kaltegarririk egiten ez duten praktikak eta materialak ezagutzea eta ia ahaztuta dauden teknikak berreskuratzea.

Arkitektura eta arkitektura teknikoko ikasleei zuzendutako ikastaroa da, baita eraikinen eta espazioen diseinuarekin harremana duten jardueratan dabiltzanei eta orokorrean bizi garen ingurunearekiko harremanen osasunaz eta ingurugiroaz interesa dutenei. Besterik, edozein norbanakori bideratuta ere badago, egunerokotasuneko ongizateko gaien kontzientzia hartu eta hobekuntzarako pausoak seinalatuko dira eta.

Bizitzeko eraiki beharrean, eraikitzeko bizi gara gaur egun. “Bioeraikuntzak aldaketa hori eman nahi du”, dio Agirrezabalek. “Zertarako” eraikitzen den jakin behar dela azpimarratu du, jadanik galduta dagoela bizitzearen eta eraikitzearen arteko harreman hori. “Negozioak bizirik jarrai dezan eraikitzen da; jadanik eraikitzearen oinarria zena galdu dugu”, azpimarratu du.

Bioeraikuntzak gehien bat “bi ildo” jarraitzen dituela azaldu du Agirrezabalek. Lehenengoa “ingurumenaren inpaktuaren kontzientzia” da. Bigarrena, osasunaren arloa, eraikinek gure osasunean nola eragiten duen aztertzen duena. “Gero eta patologia gehiago daude eraikitzean sortutako kalteengatik”, azaldu du Agirrezabalek. “Bizitzako denboraren %80 baino gehiago bizigune eraikietan egiten dugu, beraz, pentsa nolako garrantzia daukan osasun arloa aztertzeak”, dio.

Euskal Herrian bioeraikuntzari jarraituz egindako eraikinak badaudela adierazi du Agirrezabalek, baina gehienak, familia bakarrekoak edo norbanakoek egindako eraikuntzak direla. “Sortu ziren lehenengoak duela 20-25 urte sortu ziren”, dio irakasleak. “Poliki gauzatxoak sortzen ari dira, eta aspektu batzuk kontuan hartzen behintzat”, azaldu du. “Mugimendua bera martxa hartzen ari da”. Europan aurreratuago doaz eta bioeraikuntzari dagozkion adibide ugari dituzte: hotelak, enpresak, bulegoak, auzoak… “Hori ekarri nahi dugu gurera”, dio Agirrezabalek.

Ikastaroa biribiltzeko, lehenengo egunean egin zuten sarrera teorikoa praktikan ikusteko aukera eduki dute ikasleek. Bi obra ikustera joan dira Eskoriatzara, ikastaroko irakasle bat ari delako horretan lanean. Hasteko, baserri zahar baten berrikuntza eta birgaitzea bisitatuko dituzte; gero, buztinezko hormekin egindako lurrezko eraikin berri bat ikusiko dute. Materialak, teknikak, aztarna ekologikoa, efizientzia energetikoa… aztertuko dituzte ibilaldian.

Argazkia: Arquitecturas Colectivas

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude