Robotak, zine pantailatik gure etxeetara

Lehen pelikuletan besterik ez genituen robotak ikusten eta orain batzuk gure egunerokotasunaren parte dira. Nork ez daki nor den Star Wars filmeko R2-D2 edo Auto fantastikoko Kitt autoa. Biak robotak ziren eta telebistan soilik ikusi al zirenak. Orain munduak aurrerapauso bat eman du eta zinemako pertsonaiak mundu errealera ekarri ditu. Arlo honetan gehiago sakondu nahian UEUk “Murgildu robotikan LEGO NXTrekin” ikastaroa antolatu du. Aitzol Astigarraga Pagoaga, Elena Lazkano Ortega eta Ekaitz Jauregi Iztueta informatikariak eta “Robotika eta Sistema Autonomoak” taldeko kideak dira, baita ikastaro honetako irakasleak ere.

“Robotak lantegietan eta filmetan ikustetik eskoletan eta etxeetan ikustera pasa gara”, adierazi du Aitzol Astigarragak. Robotika, robotak ikertzen eta garatzen dituen arloa da. Robota berriz, inguruan gertatzen diren gauzen berri sentitzeko eta jasotzeko sentsoreak dituen gailua. “Ez dakit zehazki definitzen zer den robota, baina bat ikusiz gero badakit bereizten” gaineratu du irakasleak.

Ikastaroa teoriko praktikoa izan da, horretarako ikasleek LEGO NXT programa erabili dute. Programa honek, robotikan lehen pausoak eman nahi dituen pertsona batentzat pentsatua dago, erdia robotika-tresna eta beste erdia muntatzeko jolasa delako. “LEGO denok ezagutzen dugun jolasa da guztiok piezak muntatzen edo kentzen dakiguna”, gehitu du Astigarragak. Izan ere, robotika zer den ulertzeko eta ikusteko “abiapuntu” ezin hobea da. “Arrakasta komertziala izan duen lehendabiziko robota zorua garbitzekoa izan da eta gure etxeetan sartu da. Orain bilatu behar da arrakastaren gakoa, robotika nola aplikatu gure eguneroko zereginetan laguntzeko”. Robotika orain arte eremu akademikora lotuta egon da, baina pixkanaka pixkanaka zabalduz doa. “Helburua oso xumea da, robotika zer den eta zer izan litekeen ikustea”, adierazi du Aitzol Astigarragak.

“Atzeraelikadura: sentsore eta eragileak batera lanean” saioa landu dute ere ikastaroan. Atzeraelikadura sentsoreen bitartez jasotzen dugun informazioa da eta horren baitan egokitzea gu nahi dugun hori betetzeko. “Dutxan gertatzen den bezala da, erregulatzen dugula gure gustuko tenperatura lortu arte”, aipatu du irakasleak.

Ikastaroa astelehenean hasi eta gaur bukatuko da. Hiru egun hauetan ikasleak denetarik egiteko astia izan dute. Lehendabiziko egunean nozio teorikoak eta teknikoak ikasi zituzten, bigarrenean sentsoreen funtzionamendua praktikara eraman ahal izateko eta hirugarrenean, hau da gaur, ikasitakoa praktikara eramango dute. Ikasle bakoitza bere robota eraikiko du ondoren zapi jolasa latekin gauzatu ahal izateko. “Ikasleak robota eraiki dute, gero programa findu dute eta orain martxan jartzen darabiltzate”, adierazi du Astigarragak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude