Izena: izanaren zati

Identitate di-soluzioak: narrazio performatiboak generoa eta euskal identitatea uztartuz” ikastaroa martxan dago UEUko Udako Ikastaroetan. Gaur eta bihar izango dira hitzaldiak, eta ikuspuntu desberdinetatik, sexu-genero identitatea eta euskal identitatean zentratuko dira hizlariak.

Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta EHU/UPVko irakasleak “Izena eta izana: euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa” hitzaldia eman du ikastaroaren barruan. Eskisabelek antropologiako ikerketa proiektuan tesina egin du gai horren inguruan eta tesia ere inskribatuta dauka horretan. Bere ustez, izenek “uste duguna baino askoz ere gehiago” eragiten diote identitate soziokulturalari.

Izen bat hautatzerakoan alde bi ikusten ditu Eskisabelek. Batetik “gure euskalduntasun” hori islatzen dela azaldu du, euskalduntasuna hor oinarritzen dela. “Izen bat jartzean, nolabait, gure identitate kolektiboa eratzen ari gara: nor garen esaten, nor garen definitzen”, azaldu du. Bestetik, euskalduntasun ikuspegi horretaz gain, gizon izatea eta emakume izatea zer den ere definitzen dugu izenarekin.

Ikerketarekin abiatzeko “arrazoi desberdinak” zituela aitortu du Eskisabelek. Hasteko, generazio batetik bestera egon zen izen aldaketak deitu zion arreta. “Umetan uste nuen helduko zela nire bizitzan momenturen bat Idurre izateari utzi eta Rosario edo Milagros izango nintzena”, azaldu du. Izan ere, ezagutzen zituen heldu guztiek “era bateko” izenak zituzten eta ume guztiek “beste era batekoak”.

Bestetik, “eskelak irakurri eta ipuinak asmatzeko afizioak” ere zerikusia duela aitortu du kazetariak. “Batzuetan eskelak irakurriz familien istorioak asmatzen nituen nire buruan eta izenak izaten ziren horretarako pista ona”, dio.

Gizarte zientzien eremuan sartu zenean bere arduretako “generoaren auzia” zela aitortu du. Horrekin batera, bere bizitzako beste pasadizo edo anekdota bat kontatu du Eskisabelek: “Nire ahizpak lehenengo umea eduki zuenean alaba bat izan behar zuen, Amets izena jarri nahi zion eta debekuarekin egin zuen topo”, dio. Euskaltzaindiaren arabera Amets mutilentzakoa zen eta Ametsa neskentzakoa. “Hau da, erroa gizonezkoentzako eta eratorria emakumezkoentzako”, azaldu du kazetariak. Hori izan zen ikerketa martxan jarri zuen beste arrazoi bat. “Euskal izendegi bat sortu dugu ia-ia hutsetik, aurretik genekarren izendatze sistema hankaz gora jarrita, eta asmakizun horretan arreta deitzen zidan neskak Estitxu eta Maitane izateak, eta mutilak Ekaitz eta Harri, esate baterako”, azaldu du Eskisabelek. “Baneukan irudipena gizartean itsatsita dauden genero estereotipo horiek izenetara ere garraiatzen zirela”, azaldu du.

Hor erabakiorra izan da 2001ean Euskaltzaindiak hartu zuen erabakia arautegi berriarekin. Euskaltzaindiaren kasuan Eskisabelek azaldu du badagoela “uste oker bat”. Izan ere, jendeak pentsatzen du Euskaltzaindiak duela azken hitza umeen izenei buruz, eta ez da horrela, tokian tokiko epaileek dute. Baina euskal izenei dagokionez, ia epaile guztiek euskaltzaindiari egiten diote normatibizatzearen aitortza. Beraz, ia toki guztietan Euskaltzaindiaren aholkuak jarraitzen dira.

Garai batean nahas-mahas handia egon zen izen anbiguo edo mistoekin, asko izan ziren izen bera mutil zein neskentzako erabili ziren kasuak. “Egon dira izendegi batzuk gaur egun euskaltzain diren batzuk eginak izenen anbiguitate edo izen mistoen tradizio hori defenditzen dutenak”, dio Eskisabelek. Baina 2001ean Euskaltzaindiak ezezkoa eman zion horri. Euskarak berezko sisteman, bere nortasun muin horretan, beti izan dituela gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako izenak argudiatu zuen. “Nire ustez, eta ni ez naiz hizkuntzalaria, naturalizatu egiten du hizkuntzaren irakurketa bat, eta horrekin erabat makurtzen zaio egun indarrean dagoen genero ideologiari”, dio.

Eskisabelen ikerketaren oinarrietako bat gaur egun indarrean dagoen genero ideologia horren zutabea, hain justu, jendearen arteko banaketa printzipala gizon eta emakumeen artean egitea dela da, hori dela “banaketa esentziala”. Horregatik, anbiguitate hori ezabatzea da genero ideologia nagusiarekin bat egiteko euskaltzaindiak eman duen urrats nagusia. “Horrekin ez dut esan nahi euskaltzaindia gure jendartea baino erakunde kontserbadoreagoa denik, baizik eta gizarte orokorraren joerari heltzen diola”, azaldu du. Izan ere, bere ikerketan hainbat guraso elkarrizketatu dituela dio, euren seme-alaben izenen hautatze prozesuaren inguruan, eta normalean, abiaburua izaten dela neskentzako izen bat pentsatzea eta mutilentzako beste bat. “Generoaren auziari ia-ia ez zaio bueltarik ematen, guztiz naturalizatuta eta onartuta dago, jendarte osoaren arazoa da”, azaldu du Eskisabelek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude