Eta gazteok zer?”: gazteek zer esan handia daukatelako

Militantzia feminista, herrigintza, sormena eta militantzia umoretsuak, bilerak genero ikuspuntutik, sexu genero harremanak gaztetxe eta gazte asanbladetan eta, tartean, gazteen ikuspuntua. Guzti horiek ari dira aztertzen atzo eta gaur Eibarren UEUk antolatu duen “Herri-mugimenduak eta militantzia-ereduak” ikastaroan. Bete-bete egin dute ikasleek Markeskoako areto nagusia.

Gaurko ikastaroetan “Eta gazteok zer? EHko gazteon aldaketa eta joera sozio-politikoak” ikerketa aurkeztu du Amaia Nicholson kultur antropologian lizentziatuak eta ikerketaren bultzatzaileak. Proiektua GITE-IPES elkarteak 2010-2011an emandako Julio Araluze Bekaren bidez egin zuten.

Diziplina desberdinetako gaztez osatutako ikerlari talde batek hartu zuen “eta gazteok zer?” ikerketa aurrera eramateko ardura. “Egun gazteen inguruan ematen den irudi sozial eta soziologikoa ez dugu konpartitzen”, adierazi du Nicholsonek, eta hori izan zen abiapuntua. “Gazte ikuspuntutik gure errealitatera hurbildu eta horren aspektu desberdinetan sakontzeko beharra sentitu genuen”, dio. Izan ere, gaur egun gazteriari buruz eginda dauden ikerketa edo hausnarketa denak “helduek eginak” direla ikusten zutela esan du, eta horri buelta eman behar zitzaiola. “Inoiz ez zaio galdetzen gazteari zelan sentitzen duen gazte izatea”, azaldu du. Ikerketa honekin lortu zutena “badagoela estereotipoak apurtzen dituen gazte eredu bat” azaltzea izan zela adierazi du Nicholsonek.

Proiektua aurrera eramateko hainbat gazte elkarrizketatu zituzten. “Gazteek dituzten praktika politiko zehatz batzuen bila joan ginen, ez genuen adina baliatu lagina osatzeko”, adierazi du Nicholsonek. Azken batean, “praktikak egiten du gazte pertsona hori”, gaineratu du. Elkarrizketatutako gaztearen elkarrizketa egiterakoan honakoetan oinarritu ziren: gazteak egiten duen praktikaren ezaugarriak; taldetasun jarrera eta jarduera eta indibiduoaren pisua edo papera taldean; diskurtsoak: gazte izatea nola definitzen duten batik bat; eta azkenik, instituzioekiko harremana.

Ikerketatik ateratako ondorioetako bat, “diskurtsoaren garrantzia praktika zuzenaren onuran galtzen doala” da. “Esan dezakegu garaian diskurtsoek izan zezaketen indar hori ez dutela mantentzen, ez dela nahikoa erakargarria eta konbentzigarria jendea hunkitu eta parte-hartzerako saltoa egin dezaten”, dio Nicholsonek.

Beste ondorio bat, “balore pertsonal eta utilitaristak gailentzen” doazela da, “taldea edo honekiko konpromisoa ordezkatuz”, azaldu du. “Taldea jada ez da “Totem” bat bailitzan kontsideratzen: gazteek, talde baten parte direnean beraien bizi erritmoak errespetatuak izatea garrantzitsutzat joko dute askotan”.

Azken ondorio gisa, gaur egungo parte-hartzea burutzeko mekanismoak jada ez direla denak “manifestazio edo elkarretaratze bidezkoak” izanen azaldu dute, nahiz eta horiek ere mantentzen diren, orain “politika egiteko bide berriak ageri dira. Burutzen den ekimenak aspektu ludikoa izateari garrantzia ematen zaio; umorearen, ironiaren, probokazioaren… erabileraren aldeko apustua egiten da, espazio publikoaren okupazioaren aldeko jarrera aldarrikatuz (flashmove, performance,…); espazio publiko eta pribatuez gain, intimoak ere protagonismoa hartzen joango dira, gorputzaren bidez ere politika egingo delarik (janzkera, sinboloak,…); teknologia berriak politika egiteko tresna indartsu modua agertzen hasiko dira…”.

Ondorio horietaz gain beste hainbat atera dituzte gazteek ikerketan eta “etorkizunerako baliagarria” izango delakoan aurkeztu dute euren proiektua.

Ikerketak emandako fruitu den dokumental hau ikusi dute ikasleek aurkezpenaren azken zatian proiektua hobeto ezagutzeko: http://gazteokzer.gite-ipes.org/?page_id=50

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude