Zabor izatetik baliabide izatera

Azken hilabeteotan hondakinen kontuak berebiziko garrantzia hartu du gure gizartean. Gai hau lantzeko, Fernando Mijangosek koordinatuta,“Hondakinen kudeaketa eta tratamendua” ikastaroa antolatu du UEUk. Ikastaro hau, urtean zehar landuko den graduondokoaren sarrera da.

Gaur hasi da Eibarreko Markeskoa Jauregian eta Fernando Mijangos, Kimikan doktorea, EHUko irakaslea eta UEUko kidea; Juan Carlos Alduntzin, GFAko Ingurumena eta Lurralde Antolaketa arduradun ohia; Imanol Azpiroz, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako enpresa publikoko administrazio kontseilukidea, eta Joxe Mari Irazusta, Gipuzkoako Zero Zaborreko ordezkaria, klaseak eman dituzte.

Ikastaroan, azken aldian berebiziko garrantzia hartu duen gai bat jorratu da; “Atez atekoa”. Fernando Mijangosen azalpenetan, “ Atez ateko bilketa, gaikako bilketa egin beharko genukeela pentsatzen dut: papera papera, plastikoa plastikoa, metala metala… eta honela hondakin guztiekin. Nahastuko ez bagenu trataera askoz errezagoa izateaz gain, denen onurako izango litzateke. Horrez gain, hondakin organikoa erabili ahalko litzateke konpostajea egiteko. Honela ez ginateke sartuko lehengaien eskasian. Berez, orain lurrak lehengaien beharra duelako eta guk produktu berriak egiteko lurrari lehengai horiek kentzen badizkiogu azkenean lehengaien eskasia izango dugu”.

Juan Carlos Alduntzinen esanetan: “Foru Aldundian sartu ginenean, panoramaren azterketa egin genuen eta hondakin mota bakoitzari tratamendu mota bat zegokiela ikusi genuen. Hondakinen kudeaketa, zabor gisa baliabide gisa tratatzera pasa behar zela ikusi genuen”.

Hondakinen bereizketa egiteaz gain, bakoitzari dagokion tratamendua komentatu da. “Lehengai organikoak berez degradatzen dira, naturak degradatzen du. Eta hori konposta lortzeko ezin hobea da”, adierazi du Mijangosek. Horrez gain, kalean eztabaidatzen dena eraman da gaur ikasgelara.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Alduntzinen aurka aurkeztutako zentsura mozioak bertaratutakoen jakin mina handitu du. Bere esanetan, “Argi gutxi eta gezur asko” esan direla honen inguruan aipatu du Alduntzinek berak: “Hondakinen kudeaketa egokia egiteko aukera gehiago daude, baina gezur horien artean ez da modu egokian kudeatu edo ez da modu egokian kudeatu nahi izan” aipatu du diputatu ohiak. “Enpresa handien eta interes ekonomiko erraldoien” kontua dela gaineratu du.

Gaur egun bizitzen ari garen egoera eta hondakinek duten etorkizuna landu da ikastaroan. Foru Aldundian aritutako pertsonen iritziak eta esperientzia, unibertsitateko irakasleenarekin gurutzatu dira. Helburua sektore desberdinetatik etorritako ikasleak gai “multidisziplinal” honetan trebatzea da. “Hondakina ez da gure bizitzatik soberan dugun zerbait, baizik eta lehengaia, eta horri beste bizitza berri bat, beste etekin bat, atera behar diogu”, aipatu du Mijangos irakasleak.

Fernando Mijangos kimikaria, trebatua dago hondakinen balorizazio energetikoa deritzon kontzeptuan. Bizitza berri bat ematearen teknikan. Izan ere, berak EHUk 2011tik aurrera daraman proiektu batean lan egiten du. Zakarrontzira botatako olioarekin biodiesela sortzen. “Sistema hau ordezkoa da, energia berriztagarria eta ez du ura zikintzen”, aipatu du Mijangosek honen inguruan.

Azken finean, hondakin bakoitzari dagokion tratamendua aztertu nahi dute ikastaroan, bai eta tratamendu horren ondorioz bertatik atera daitezkeen etekinak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude