Historia morea argitara ekarriz

Historia historia da. Baina zuritik beltzera aldatzen da historia nork eta zer kontatzen duenaren arabera. Orain arte ezkutuan egon dena eta gehiegi kontatu ez dena bistaratzeko asmoz ariko dira gaur eta bihar UEUk antolatu duen “Euskal emakumeen historia osatzen” ikastaroan, Eibarko Markeskoa jauregian.

Orain arte ikerketa objektua gizonezkoa izan da beti eta historia gizonaren ikuspuntutik kontatu izan da. XX. mendean, ordea, lan interesgarri asko egin dira emakumearen iragana berreskuratzeko asmotan. Horietatik abiatua, Euskal Herriaren historia berreskuratzeko asmoz, euskal emakumeen bizimodua, bizirauteko lana eta erresistentzia, komunitate harremanak, nortasuna, mundu ikuskera zein pentsamoldea, aztertuko dituzte Eibarren. Ikastaroaren helburuak azken hamarkadan Euskal herriko emakumeen historiari buruz egindako lanak eta ikerketak azaltzea eta azterketa egitea dira alde batetik, eta bestetik, interesa dutenen topagunea sortzea gaia eztabaidara eramateko.

Ikastaroari Anuntxi Arana antropologo, ikerle eta idazleak eman dio hasiera. Mitologia aztertzeari ekin dio Aranak, euskal mitologian ere sexismoa “ageri-agerian” dagoela azalduz. “Euskal Herriko mitologian, salbuespenak salbuespen, gutxiago izan ohi da emakumea”. Istorio polit bi kontatu ditu Aranak. Horietan emakumea “mirakusi” moduan agertzen da adibidez, edo ez da gai bere burua defenditzeko eta senarraren premia dauka, edo kasurik gogorrenean eraso sexista zuzenak ere agertzen dira, senarrak lamia bati burni goria alutik sartzen dionean, adibidez. “Gizona defendatzaile natural moduan agertzen da sarri”, azaldu du Aranak.

Hori guztia ez da Euskal Herriko kontua eta mundura salto egin du ikertzaileak, bidaiatxo bat proposatuz eta “sexismoa lurralde denetan eta aintzinatik” badela erakutsiz.

Ikastaroaren beste atal batean, Marikita Tambourin ikerlari eta idazleak “emazteak euskal eremuan” hitzaldia eskaini du, Ipar Euskal Herriko egoera bereziki jorratuz. Tambourinek adierazi duenez ikastarorako berak duen helburua bere ikerketatik abiatuz eta besteen ikerketak ikusiz “aurreko mendeetan emakumeen egoera zein izan den aztertzea” da, hainbat aspektu jorratuz: mitologia, foruek ematen zituzten eskubideak, ohiturak, ondorengoa edo maiorazkoa… Bigarren zati batean emakume talde bereziak aipatuko ditu Tambourinek: sorginak deitzen zituztenak, agotak, heresigileak, bertsolariak… “Historia gizonezkoen ikuspuntutik kontatu izan da beti, historia beraiek kontatu dutelako”, adierazi du Tambourinek. “Anitz emakumek eragina izan dute historian eta ez da inoiz kontatu horregatik hain zuzen, historia gizonezkoek idatzi dutelako”.

Biharkoan Oihane Valerok, Haizea Belzak eta Amaia Andrieuk emango diote jarraipena ikastaroari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude