Arkaitz Zarraga Azurmendi: “Euskal komunitateak argi erakutsi du bere izaerari eutsi nahi diola, hizkuntzaren normalizazioa lortu nahi duela”

Munduari begiratzeko modu bat”. Hori da hizkuntza batean edo bestean bizitzearen aldeetako bat. Milaka hizkuntza daude munduan, eta tartean gurea, euskara. Jende asko ari da egunerokotasunean euskararen normalizaziorako ahaleginetan. Horiek guztiak eta askoz gehiago ikertzen eta lantzen duen zientzia da soziolinguistika eta hori lantzen aritu dira ikasleak Baionan UEUk antolatu duen “Soziolinguistika: kontzeptu nagusiak” ikastaroan. Gaiari buruz gehiago jakiteko Arkaitz Zarraga Azurmendirengana jo dugu, ikastaroko irakaslearengana. Zarraga soziolinguistikan aditua da, baita UEUkidea ere.

Zelan definituko zenuke zuk soziolinguistika?
Gizartearen eta hizkuntzaren arteko harremanak aztertzen dituen zientzia da. Bere adiera itxienean, hizkuntzak gizarte esparru, talde eta egoera bakoitzean nolako ezaugarriak dituen aztertzen du, gazteek erabiltzen duten euskararen ezaugarriak azaltzen ditu, adibidez. Adiera zabalago batean, gizartean hizkuntzek duten lekua aztertzen du, hizkuntza baten normalizazio prozesuan eragiten duten faktoreak identifikatzen ditu eta hizkuntza biziberritzeko prozesuan eraginkorki aritzeko moduak diseinatzen laguntzen du, adibidez. Ikuspegi horretatik, hizkuntzari, hiztunari eta hiztun komunitateari begiratzen die.


-Zer ekarpen egiten dio soziolinguistikak gizarteari?
Hizkuntzak nortasunaren zein taldeen eragile nagusiak dira. Hizkuntzaren bitartez eraikitzen da pertsonen mundu-ikuskera eta talde baten identitatea. Prozesu horiek nola gertatzen diren ulertzen laguntzen du Soziolinguistikak. Eleaniztasunaren garaian bizi gara, gure artean ehunka hizkuntza entzuten dira. Egoera hori kudeatzen eta ulertzen lagundu ahal digu, zalantzarik gabe.

-Eta euskal komunitateari?
Euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiten laguntzen dio. Euskal komunitateak argi erakutsi du bere izaerari eutsi nahi diola, hizkuntzaren normalizazioa lortu nahi duela. Beste leku batzuetan edota teoria mailan egindakoa ezagutzeak beti laguntzen du eguneroko jokamoldeak egokitzen, indarrak ondo bideratzen eta jomugak zehazten. Adibidez, hizkuntzaren kalitateari dagokionez, askotan uste eta iritzietan oinarrituta aritzen gara eta. Seguruenik, horren inguruan hausnarketa sakonagoa egiteak, teoria ezberdinen inguruko hausnarketak, eraginkorrago aritzen lagundu ahal digu.


-Zergatik da ikastaro hau garrantzitsua?
Normalizazioaren esparru ezberdinetatik heldutako ikasleak dira guztiak, gogoz eta fin ari direnak hizkuntzaren inguruan lanean. Esango nuke ez dutela gauza “berri” askorik ikasiko, baina egunerokotik burua altxatu eta abstrakzio mailan aritzeko aukera izango dute. Berez erabiltzen dutena modu ordenatu eta esplizitatuan lantzeko aukera izango dute. Askotan teoriak praktika ulertzen eta antolatzen laguntzen du. Bakoitzak dituen beldurrak, irrikak eta abarrak kanporatzeko ere baliagarria izango zaiela espero dut, esperientziak partekatzeko aukera izango baitute.


-Ikastaro hau soziolinguistika gaietan abiatzen denarentzat dela diozue. Oinarrizko kontzeptuak landuko dira?
Bai. Jende gazte asko ari da euskalgintzan eta normalizazioan eta, sarritan, denbora daramagunok, garai bateko teoriak eta bibliografiak “jan” genituenok jakintzat ematen ditugu gauza asko. Txepetx bera ezezaguna da normalizazio prozesuetan dabiltzan askorentzat. Horrekin ez dut esan nahi garai bateko teorietan oinarritutako ikastaroa izango denik, baina egungo teorien oinarri izan direnak errepasatuko ditugu ahal den neurrian. Bestetik, azken hamarkadetan emandako garapena eta sortutako ekimen batzuk aztertu eta maila teorikoan kokatzen ahaleginduko gara, Soziolinguistikaren oinarri teorikoetan, alegia.


-Klusterretik zer behar ikusten dituzue? Zer dago egiteko?

Klusterra bi eremutan aritzen da lanean: ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuetan batetik, eta ezagutzaren kudeaketan bestetik. Azken arlo horretan, besteak beste, formakuntza arloarekin kezka berezia dagoela esango nuke. Euskal Herriko Unibertsitateetan ez dago oso hedatuta gai honi buruzko heziketa eta normalizazioan ari direnek ez dute aukera handirik horretan trebatzeko. Sarri askotan intuizioak bultzatuta eta esperientziaren eskolatik edanda aritzen dira, bai euskara teknikariak, bai helduen alfabetatzeko irakasleak, bai eskola eta ikastoletakoak… Soziolinguistika eskuliburua horretan ekarpena egitera etorri zen orain bi urte eta mota honetako ikastaroek liburu mardul horren lana osatzea bilatzen dute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude