Parte-hartzea, “eraldaketarako tresna”

Partaidetza norbere izaeraren eraikuntzan ezinbesteko ezaugarria da eta era berean herri bat eraikitzeari begira oinarri-oinarrizko tresna izango dugu. Jendarte formatuago eta hobeago bat lortzeko bidean lehen pausotzat hartzen da partaidetza. Hori dela eta, UEUk “Parte-hartzea aztergai: hausnarketarako gunea” ikastaroa antolatzeko erabakia hartu zuen. Atzo hasi zen Baionako IUT unibertsitatean eta gaur bukatuko da.

Ikastaroa Urtxintxa Eskolarekin elkarlanean antolatu da eta bertako kideak egon dira ikastaroan irakasle.

Ikastaroak hiru zatitan banatuta egon da: Parte hartzearen marko teorikoa lantzea, momentuko esperientziak plazaratzea eta esperientzia horietatik abiatuz heldu berriak, gazteak eta emakumeak dituzten zailtasunak aztertzea.

Zesar Martinez, EHUko soziologia irakaslea, Iban Gallastegi, Parte Hartuz taldekoa eta Iban Galletebeitia, Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua eta Parte Hartuzko kidea, aritu ziren atzo alor honen inguruko gaiak lantzen.

Gaurko eguna “Herritarren parte hartzea eta Instituzioak” mahai inguruarekin hasi da. Aiora Aizagirre eta Izaskun Guarrotxena, biak Urtxintzako Eskolako kideak, buru egonik. Bizkaiko Urtxintxa Eskola, astialdiko trebakuntzarako eta suspertze soziokulturalerako erakundea da. Kulturartekotasuna, aukera berdintasuna eta euskara dira euren ildo nagusiak. Eta ildo horiek transmititzera etorri dira ikastarora. Ikastaroa publiko heterogeneo batentzat zuzenduta dago; udaletxeetako zinegotzientzat, herri mugimenduko partaideentzat, teknikarientzat… interesa daukaten pertsona ororentzat. “Izaera berezia baino, parte hartzeko beharra sentitzen duen pertsona izan behar da”, halaxe definitu du Guarrotxenak pertsona parte-hartzaile baten izaera. Parte hartzeko behar horretatik abiatuz, pertsona teknikoki formatu behar da. Azken aldiko moda, beharra, zer da parte hartzea? “Orain arte ez dena aipatu baina oso beharrezkoa izan dena” erantzun du Urtxintxa Eskolako kideak. Hala ere, ez da kontu hain berria. Munduan egin dira, Euskal Herrian egin dira, baina “Gipuzkoan gauzatu den aldaketa politikoaren ondoren bultzatutako kontzeptua bilakatu da” gehitu du Guarrotxenak. Azken finean, parte hartzea “eraldaketarako tresna” gisa erabili behar dugula adierazi du Izaskun Guarrotxenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude