Kantu, dantza eta jolas, euskaraz

Jolastokian edo parkean, etxeko lanetan edo lotarakoan, jolasak etengabe dauka tartea umeen bizitzetan. Eta nola egin jolas? Euskaraz! Helburu horrekin sortu da Sortzen Ikasbatuazen Kontu Txikiak proiektua, eta bide beretik, UEUk Baionan antolatu duen “Kontu txikiak eta euskaraz mintza eta jolas” tailerra. Uztailaren 4an eta 5ean, Baionako unibertsitateko jolastokia eskola batekoa bihurtu dute ikastarokoek, korrika, harrapaketan edota soka-saltoan jolastuz.

Helburua haur txikiekin aritzeko euskal tradiziozko baliabideak eskaintzea izan da: otorduetan, garbitzerakoan, lo egiterakoan eta abar, erabili ahal izateko abesti eta jolasak ikastea. Alde batetik, 0-6 adin tarteko haurrekin guraso eta hezitzaileak, hainbat arlotan, haurtxoekin euskaraz jolastu ahal izateko materiala eskaini nahi izan dute. Bestetik, euskararen erabilera indartzeko baliabideak eman nahi izan dituzte.

Haizea Makazaga Aranburu ikastaroaren antolatzailea eta Sortzen Ikasbatuaz elkarteko kidea da. Makazagak azaldu du Euskaraz Mintza proiektuaren helburua haurrek euskaraz “naturaltasunez” hitz egin dezaten lortzea da, bide moduan “jolasa” erabilita.

Ikastaroa gurasoei, irakasleei, hezitzaileei, eskoletako edozein langileri… zuzenduta antolatu dute, “gero beraiek ere haurrekin euskaraz jolastu eta abestu dezaten”, dio Makazagak.

Irakasleak azaldu duenez, ikastaro hau “ez da batere teorikoa” izaten, “oso aktiboa baizik”. “Jolastu eta abestu egiten da: soka saltoan ibili, goma, harrapaketan… haur txikiei abesteko kantu ezberdinak ere ikasten dira”, azaldu du Makazagak.

Euskaraz ez dakiten gurasoek haurrei ez dietenez gure hizkuntza transmititzen, gero ere haur horiek ez dutela euskaraz naturaltasunez egiten adierazi du Makazagak, gero ere erdarara jotzen dutela. “Guk haur eta gurasoen arteko harreman hizkuntza ez dugu aldatu nahi, baina bai haur eta gazteen hizkuntza ohiturak”, azaldu du. Horretan gurasoek eragin handia dutela “argi” daukate Sortzen Ikasbatuaz-en. “Beraz, euskaraz hitz egin ez arren euskaraz jolasten badute, hizkuntza dagoeneko barneratzen hasten dira”, dio Makazagak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude