Virginia Belategi Azpiri: “Gure sistemak ez digunez berezko deskarga biderik eskaintzen, garrantzitsua da geuk bilatzea baretu eta orekatzeko bideak”

Egunero bizi izaten ditugu estutasunak: lagunek batekin haserretu garelako, lanean arazoak ditugulako, bikotekidearekin eztabaida izan dugulako… Eta egoera gogorragoak bizi izatea ere denoi tokatu zaigu: pertsona baten galera, berri txarrak…

Horiei aurre egiteko baliabideak ematea da “Egoera kritikoak gainditzeko teknikak” UEUk Baionan antolatu duen ikastaroaren helburua. Landuko dutenaz gehiago jakiteko, Virginia Belategi Azpiri ikastaroko arduradunarengana jo dugu. Belategi Komunikazio Ikasketetan lizentziaduna da, Gestalt Psikoterapian eta PNLn trebatua. Arrisku Psikosozialen Prebentziorako teknikaria da bera, baita Hizkuntza Normalizaziorako Aholkularia eta Trebatzailea ere.

Askotan bizi izaten ditugu egoera kritikoak eta inon ez zaigu erakusten horiek gainditzen. Garrantzitsua dela uste al duzu horrelako ikastaroak egitea?
Proiektu hau geure gabezia pertsonalei erantzuna emateko nahitik dator, eta bai pertsona bai guraso bezala antzemandako kezkei irtenbidea eskaini nahi die. Beraz, erantzunak baiezkoa izan behar du derrigorrez, garrantzitsua da, bai.

Zein izan daiteke egunerokotasunean egoera zail edo estresagarria?
Gizakiok definizioz izaki sozialak garela kontuan izanda kontraesankorra eman dezakeen arren, gure estres iturririk handiena gure harreman sozialak dira: besteekin non kokatzen garen, nola ikusten dugun gure burua, egoerei ematen diegun erantzuna… Paleolitoan basapiztiak eta gosea ziren bezala, gaur egungo gizarteak ere baditu berezko estres eragile batzuk, hala nola denboraren presioa eta kontsumo gizarteak etengabe jartzen dizkigun amuak.

Gure gizartean estresatuta bizi gara, beraz. Bizi erritmoak gero eta egoera zail gehiago bizi izatera eramaten al gaitu?
Esan bezala, sasoi bakoitzak bere erronkak izan ditu. Baina beste aro batzuetan estres-aldiari nasaitzea etortzen zitzaion ondorik: bisontearekin lehiatu ostean, hil eta jan egiten zen; beste tribuekin borrokan egin ondoren, garaipena edo heriotza ziren emaitza. Gaur egun, aldiz, egunerokotasunak erronka asko ezartzen dizkigu, batzuk gainera oso abstraktuak, adibidez, bezeroen gogobetetzea, produktibitate indizeak, gazteen osasun psikoemozionala… –norbere buruari barre egitea ere komeni da-. Horrela, erronkak oso gutxitan jotzen du gailurra leher egin eta nasaitasunera bueltatzeko. Ondorioz, estresa, berez larrialdietarako egokitzapen erantzun positiboa dena, bidaide bihurtzen da eta egunetik egunera metatzen doa, kroniko bihurtu arte.

Erlaxazioa eta kontzentrazioa oinarrizkoak direla aipatzen duzu. Zer teknika erabil daiteke horiek lortzeko?
Bai, oinarrizkoak dira. Gure sistemak ez digunez berezko deskarga biderik eskaintzen, garrantzitsua da geuk bilatzea baretu eta orekatzeko bide horiek. Egungo gizartean oso hedatuta dago kirolaren kultura (gehiegitxo kasu batzuetan, nire gusturako) eta hori teknika baliagarria izan daiteke. Nolanahi ere, meditazioak eta kontzentrazioak estresa kudeatzen laguntzeaz gain, gure barruarekin konektatzen ere laguntzen digute, eta hori da, nire ustez, gaur egungo gizartearen gaixotasunetatik ateratzen lagunduko diguna, oro har oso deskonektatuta bizi garelako: ingurumenetik, besteengandik, eta larrien, gure buruarengandik. Teknikak asko dira eta denak baliagarriak. Guk ikastaroetan erakusten ditugunak arnasketaz jabetu eta burmuinaren frekuentziak jaistearekin lotuta daude, eta gehienak 3-5 minutuan egitekoak dira.

Adibide praktiko batzuk jar ditzagun. Ikasle asko dago azterketa garaian. Zein aholku emango zenieke?
Gure aholkuak bi bidetik doaz: azterketa aurretik, nahiz eta topikoa izan, aholku nagusia ondo ikastea da, ikasketa teknika egokiak erabilita eta ohitura osasungarriak izanda, hau da, jana, loa eta oxigenazioa, bai norberarena bai ikasteko tokiarena, zainduta. Azterketa unean, aldiz, ahaleginak gehiago doaz uneko urduritasuna kontrolatzera, lehen aipatutako erlaxazio ariketen bidez eta une horretan arerio nagusi bihurtzen diren geure pentsamendu ezkorrak alde batera uzten ikasiz.

Uda badator eta jaietan istiluak edo erasoak kudeatzeko bideak ere erakutsiko dituzue. Nola egin daiteke hori?
Erasoak eta istiluak era askotakoak izan daitezkeenez, motzean esango dut askoz zailagoa dela istiluetan bukatzea norbere lekuan mantentzen jakiten denean. Hori dela eta, laburbilduta, esan genezake era asertiboan jokatzeko tresnak garatzeak bereziko garrantzia duela, hau da, besteek ere eskubideak dituztela ahaztu barik, norbere nahi eta benetako premiei kasu egitea.

Heriotza jaiotzea bezain naturala izan arren, ez dugu berdin hartzen. Egoera horietarako ere eskainiko dituzue bideak.
Gure kulturan, euskal kulturan bereziki, heriotza tabu handia da. Badira inguruan beste kultura batzuk guk baino era irekiagoan bizi dutenak dolua eta horren inguruko errituak. Gure artean, aldiz, ondo ikusita dagoena da norberaren hurbileko norbaiten hiletan gogor eustea, are gehiago gizona bazara… Garrantzitsua da jakitea doluak badituela berezko fase batzuk, ezinbestean zeharkatu behar direnak, eta hori gero eta gazteago ikasi, urte gehiago izango ditugu errealitate horretara berriz hurreratzeko bidea ikasteko.

Horretaz gain, ikasleen esperientzia pertsonalak ere landuko dituzue ikastaroan.
Ikastaro hasieran ikasleei eskatzen diegu eurentzat estresagarriak diren egoerak zerrendatzea. Horien artean lehen aipatutako harreman pertsonal eta sozialak dira nagusi. Baina sarritan aipatzen diren beste eragile batzuk denboraren presioa, gauzen aurrean kontrola galtzearen beldurra eta errudun sentitzearen karga dira, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude