Gazteluko geletan, notak saltoka

Pentagrametatik burmuinetara. Horrela salto egiten dute notek instrumentu, bafle edo kaskoetatik gure barrura, eta salto horrek ematen die ahalmena malkoak, irribarreak, haserreak edo pozak sortzeko. Indar handiko tresna da musika, eta garrantzitsua da txikitatik lantzea. Horregatik, musika hezkuntza lantzeko aukera edukiko dute ikasleek gaur eta bihar UEUko “Musika-hezkuntzarako baliabide tekniko eta espresiboak” ikastaroan, Baionan.

Jurdana Otxoa Lopez de Etxezarreta izango da Baionako gazteluko orkestrako zuzendaria, ikastaroko irakaslea. Otxoa Bibolinean lizentziatua da, eta bibolin, hezkuntza musikal eta musika mugimenduko irakaslea da musika eskoletan.

Otxoak adierazi duenez, ikastaroaren helburua berak ikasitakoa “besteei islatzea” da. “Musika gelan erabilgarriak zaizkidan baliabideak konpartitzea da helburua, baita denon arteko ideiak partekatzea ere”, azaldu du. Musika hezkuntza “dinamikoagoa” landuko dute “talde lana bultzatu”.

Ikastaroa praktikoa izango dela azaldu du irakasleak. Erritmo ariketak adibidez “talde jolas eta gorputz perkusioaren bidez” jorratuko dituzte. Entzumena lantzeko, ostera, “instrumentuen bereizketarekin” jolas egingo dute. Mugimendua “dantzetan eta orokorrean mugimenduzko jolasetan” landuko dute. Bestetik, orff instrumentuak “jolas eta kantak sortzeko” erabiliko dituzte ikastaroan.

Hezkuntza ofizialean musika “gehiago” landu beharko litzatekeela uste du Otxoak. “Komunikatzeko ahalmen handia duen hizkuntza dela iruditzen zait”, dio. Musika hizkuntzaren bitartez beste hizkuntzak ikas ditzakegula azaldu du. “Gainera gure kultura musikala izan da beti eta hori mantentzea garrantzitsua dela iruditzen zait”, azpimarratu du.

Musika “komunikatzeko beste modu bat” den momentutik, txikitatik lantzea “onuragarria” dela dio ikastaroaren arduradunak. Musikarekin haurrak “ikasi eta gozatu” egiten duela azaldu du. “Txikitan jolas moduan bizi dugu musika, eta era berean, egoera hunkigarriak eta aldarteak eragiteko gaitasuna dauka”, azaldu du.

Musika “arlo guztietan erabilgarria” izan daitekeela azaldu du irakasleak, eta beste batzuen artean pertzepzioa, memoria edo komunikatzeko ahalmena garatzeko balio dezakeela. “Musika unibertsala da eta onura dakar beti”, dio Otxoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude