Mundua ikusteko beste modu bat

Komunikatzeko bide desberdinak erabiltzen ditugu. Gure iritziak eta sentimenduak plazaratzeko modu anitzak daude. Besteak beste, irudiak, marrazkiak. Denok noiz edo noiz marrazki bat egin dugu, zerbait erakusteko, edota hitzez azaldu ezin zena norbaiti helarazteko. Hori kontuan izanik, Udako Euskal Unibertsitateak “Marrazki bidez kontatuko dizut!” ikastaroa antolatzea erabaki du.

Gaur hasi da ikastaroa Miriam Peña eta Eider Eibar irakasleekin. Peña, Arte Ederretan Lizentziatua eta EHUko Arte Ederretan Tesiaren 3.urteko “Letra eta irudiaren arteko harremana Album ilustratuan” izenburuko lanaren egilea da. Eibar, aldiz, Arte Ederretan Lizentziatua ere izateaz gain, haur eta gazte literatura ilustratzailea da.

Gaur eta bihar hamasei ikaslek helburu hauek izango dituzte: ikus-hezkuntzak duen garrantziaz jabetzea, edukiak barneratzeko bide berriei buruz hausnartzea, marrazki tresna hartuz eta marrazketaren oinarrizko egiturak hezitzailearen praktikaren barruan barneratzea.

Eguna bi atal nagusitan banatuko da. Hasierako orduetan ereduen bitartez azalduko dira lortu nahi diren helburuak. Bigarren atalean aurretik baloratutako ereduak kontutan izanda praktika izango da nagusi.

Teoria praktikara eraman nahian, eta UEUko Udako Ikastaroen 40.urteurrena aitzakia harturik, Peña eta Eibar irakasleei ikastaroen urtebetetzea marrazki bidez kontatzea eskatu diegu.

 Bestetik, ikasleengana jo dugu ikastaroaren berri jakitera. Bi egunetan “gauza asko” barneratu dituztela aitortu dute, baina batez ere, marrazkia ez dela “dekorazio hutsa, betegarria edo denbora pasa”, marrazkia “hori baino askoz ere gehiago” dela ikasi dute: “komunikazio tresna ahaltsua”.

Txikitatik erakutsi digute zerbait komunikatu nahi bada ahoz esan behar dugula edo letraz letra idatzi behar dela, eta horrela da. Baina marrazten jakitearen balioa ez da hain azalekoa, eta “hitz egiten jakiteak beste” balio du.

Hezkuntza arloan izan dezakeen eragina ere landu dute ikasleek Eibarren. “Umeek marrazki bidez gauza asko barneratzen dituzte eta ez zaie horrela erakusten”, azaldu dute. “Irakasle eskolako urte guztietan gutxi edo batere ez da lantzen marrazkiek ikasleei erakusteko duten ahalmena”.

Aurreiritziak apurtzeko ere balio izan die ikastaroak: “Buruan sartuta daukagu ez dakigula marrazten, baina ez da horrela”, diote. “Gauza gutxirekin, ezerezetik sor daitezke marrazkiak gure irudimenarekin”, azaldu dute ikasleek. Marrazkiak ez direla “Picasso edo Kandinskyrenak bakarrik” argudiatu dute. “Marrazkiak denonak dira, denok sor ditzakegu eta denontzat izan daitezke”, diote. “Gu konturatu ez arren, marrazkiz inguratuta bizi gara, eta sekulako indarra daukate gure bizitzetan.”

Ikasgelan egin duten ariketetako bat dugu hurrengoa. Ikasle bakoitzari hitz bat eman diote irakasleek, eta horretaz gain, forma desberdineko bi iman. Arbel batean, forma horiekin, hitz horrekin burura etortzen zitzaiena marraztu behar zuten. Hona hemen ikasleen artelanak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude