Komunikatzen hasiz eta ikasiz

Prentsaurreko bat antolatu nahi baina ez dakizu nondik hasi? Irratian elkarrizketatuko zaituzte eta begirik ezin itxi zabiltza? UEUk horretan pentsatu du eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) elkarlanean ikastaro bat antolatzea erabaki du. Atzo hasi zen “Komunikazio-tailerra elkarteentzat” ikastaroa. Iñaki Landa, Komunikazioak eta Humanitateak lizentziatua eta EGKko Gipuzkoako koordinatzailea, eta Itsaso Estarrona, Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua eta EGKko komunikazio arduraduna, ikastaroko irakasleak dira. “Jendea ahalduntzen ahalegintzen gara gero komunikabideekin, kazetariekin, harreman on bat lortzeko”, izan dira Iñaki Landak aukeratutako hitzak ikastaroaren helburua definitzeko. Komunikabideetan lan egiten duen pertsona batentzat ongi komunikatzea beharrezkoa den zerbait da. Baina ez bakarrik komunikabideen munduan dihardutenentzat, baizik eta guztientzat. Izan ere, “edozein pertsona trebatu daiteke komunikabideen kudeaketan”, gaineratu du Itsaso Estarronak.

Komunikatzaile ona izatea, berezko dohaina edo ikasi daitekeen zerbait al da? Betiko galdera eta ondorioz, betiko eztabaida. Landak eta Estarronak bat egin dute hemen. Euren ustez, “komunikatzaile on bat izaten ikasi daiteke”. Horretarako, lanabesak erakusten dizkiete: nola muntatu prentsaurrekoa, nola egin deialdia, nola deitu komunikabideak, nola saldu albistea, nola hitz egin elkarrizketa batean… baina batez ere albistea detektatzen ikasi. “Egiten dugun guztiaren artean zer da komunikagarria bereizten jakitea da lehen pausoa”, adierrazi du Estarronak.

Ikastaroan, azalpen teorikoak, talde eztabaidak, banakako ariketak eta talde-dinamikak landu dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude