“Gauza guztien gainetik, lagun ona zen”

UEUk beren Udako Ikastaroen 40. urteurrena ospatzeko antolatutako 40 ikastaroen artean, atzo hasi zen Txillardegi omentzen duena. Bertan, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa zena omendu nahi izan du UEUk, euskal gizartearen alde borrokatu, eta baita UEUren alde lan handia egin zuelako. Atzokoan Ander Iturriotzek eman zion hasiera “Txillardegi testuz testu” izenpean doan ikastaroari, eta gaurkoan Iñaki Gaminde, Joseba Felix Tobar, Gotzon Aurrekoetxea eta Gabirel Ezkurdia izan dira soziologian doktore denari txanda hartu dienak. Guztiek izan zuten parada Txillardegi pertsonalki ezagutzeko, eta horrek indar gehiago ematen dio ikastaroari.

Gabirel Ezkurdia bere hitzaldia ematen. UEU

Txanda hartzen lehena, Gaminde izan da, eta bera, euskal azentuaz aritu da. Bertan, Txillardegik euskal azentuaren inguruan egindako lana sakontzeko parada izan dute ikasleek, eta bide batez, bere esperientzia pertsonala ere kontatu du. Hurrena, Joseba Felix Tobar izan da “Euskal Herria independentziaranzko bidean”, gaia landu duena. Bertan Txillardegik borrokatutako beste atal bat landu dute, Euskal Herriaren Independentziarena, hain zuzen ere. Ondoren, Gotzon Aurrekoetxearen txanda izan da, Txillardegiren ekarria Euskal Dialektoari gaia landuz. Azkenik, Gabirel Ezkurdia, nazioarteko gaiez aditua aritu da gaurko egunari amaiera ematen, zenbait independentzia prozesu azaltzen, Euskal Herrikoa abiapuntu hartuta.

Ikasgaiez gain, irakasleei Txillardegik haiengan izandako ekarpen pertsonalak jaso nahi izan ditugu, haiek gertutik ezagutu baitzuten hizkuntzalari, idazle eta politikaria. Lehen esan bezala, horrek bultzatu ditu irakasle hauek guztiak gaur hemen izatea, haren izena eta haren lanari jarraitasun bat emateko asmoz.

Zer izan da Txillardegi zuretzat?

Iñaki Gaminde. Orain dala 29 urte ezagutu nuen, eta bere erruz nago gaur hemen ikastaroa ematen. Izan ere, berak sartu ninduen mundu honetan, euskararen ikerkuntzan eta horrelako kontuetan. Niretzat kontu hauetan eragilea izan zen.
Joseba Felix Tobar. Batez ere lagun mina. Azken 36 ia 40 urtetan, izan dudan lagunik zintzoena izan zen. Berarekin hamaika lekuetan, hamaika egoera ezberdinetan, beti eztabaidatzen, beti kezka berarekin, Euskal Herriaren independentzia nola lortu, eta batez ere zeren bidez. Hitz batean, lagun mina.
Gotzon Aurrekoetxea. Lehenik eta behin, maisua. Ikaragarri ikasi dut harekin. Ikastolan, oso garai onean ezagutu nuen, lan asko egin nuen beragaz.
Gabriel Ezkurdia. Nik ezagutu nuen nazioarteko gaietan nenbilelako, eta batez ere, Baltikoko herriko inguruan idatzi zizkidan karta batzuk, eta horren inguruan sortu genuen halako harreman bat. Ordutik asko sakondu dut haren bizitzan, haren lanean etab. Niretzat oso erreferentzia ausarta, ez nago orokorrean ados bere ikuspegiarekin, nahiz eta beste batzuetan oso ados nagoen. Biok lotzen gintuen gai horiek sakontzeko, eta berak utzitako lanari beste bultzada bat emateko nago hemen.

Zer ekarpen egin dizu Txillardegik?

Iñaki Gaminde. Batez ere lagun ona izatea. Aparte lehen aipatutako ekarpen guzti horiek, niretzat maisu bat izan zen, baina ez irakasle gisa, baizik eta hezitzaile moduan. Beti egon zen nire aldamenean, laguntzen eta animatzen, benetan asko irakatsi zidan zentzu horretan.
Joseba Felix Tobar. Beragatik zerbait ikasi badut, hori euskararekiko, herriarekiko eta independentziaren grinarekiko joera prestutasuna izan da. Niretzat arlo hauetan eredugarria izan da. Gainera, jakintsua zen arlo guztietan.
Gotzon Aurrekoetxea. Arlo ezberdinetan, batetik euskalgintzako erreferente bat izan da, eta horregatik euskararen dinamikan asko ikasi dut harengatik, baita euskara batuaz ere, bera baita erreferente garbia. Bere irakaspen horietaz gain, bere pertsona azpimarratu nahiko nuke. Oso hurbilekoa izan da beti.
Gabirel Ezkurdia. Niretzako Txillardegi konstantzia izan da. Hau da bere posizioetan egonkorra izan da beti. Benetan koherentzia eta konstantzia handiz parametro ezberdinak landu dituenak. Gainera Glotopolitikan aitzindari bat izan zen, eta atzean gaudenontzat erreferentea da, guk gai horietan sakontzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude