Abel Camacho Romero: “Moodle aplikazioan nork bere beharretara egokitzen den instalazioa egin eta beharretara egokitutako diseinua egin dezake”

Gero eta gehiago erabiltzen da Moodle aplikazioa hezkuntza munduan. Hala ere, zenbat eta gehiago ezagutu, etekin gehiago atera dakioke aplikazioari. Gaur eta bihar, UEUko Udako Ikastaroetan praktikatzeko aukera egongo da “Ebaluazioa Moodle-n: kalifikazio-liburua eta tailerra” ikastaroan. Abel Camacho Romero izango da ikastaroko irakasleetako bat Pedro Lonbide Lizarralderekin batera. Camacho Euskal Filologian lizentziatua da, eta Santurtziko Udal Euskaltegian egiten du lan.

 


Zer da eta zertarako erabiltzen da Moodle?
Moodle ikasgela birtualak sortzeko web aplikazioa da, software librekoa eta azken urte hauetan zabalkunde handia izan duena mundu osoko eskola, institutu eta unibertsitateetan. Moodle-ren bitartez irakasleak hainbat moldetako baliabideak eta jarduerak ipini ditzake ikasleen esku eta hartara, ikas-prozesu esanguratsuak bultza ditzake. Gaur egun, Moodle hezkuntza-molde ezberdinetan erabiltzen ari da: aurrez aurreko irakaskuntzaren osagarri, eredu mistoetan nahiz e-learning testuinguruetan.

Erraza al da moodle erabiltzea irakaslearentzat? Eta ikaslearentzat?
Moodle-ren erabileran trebatzea ez da zaila, nahiz eta irakaslearen ikuspuntutik begiratuta, sofistikazio-puntu bat baduen. Moodle-ren aukera posibleak asko dira eta irakasleak nahiko lan izaten du bere beharrei hobekien erantzungo diena aukeratzen. Ikaslearen ikuspuntutik Moodle oso erreza da eta ez du zailtasun tekniko handirik.
Edozein kasutan ere, Moodle bezalako tresnen erabilerak duen zailtasun nagusia ez dator alderdi teknikotik, baizik eta pedagogikotik. Irakasleak derrigor bere hezkuntza-jardunari buruzko hainbat galderari erantzun behar die eta horren araberako erabilera teknikoa definitu. Zoritxarrez, beti ez da horrela gertatzen eta gaur egun planteamendu didaktikorik gabeko erabilera teknologikoak nagusitzen ari dira.

Bakoitzak egokitu al dezake plataforma bere beharretara?
Moodle modularra da, hau da, hainbat moduluz osatuta dago eta ez da derrigorrezkoa modulu eta funtzionalitate guztiak erabiltzea. Nork bere beharretara egokitzen den instalazioa egin dezake eta aukera guztien artetik bakoitzaren beharretara egokitutako diseinua egin. Bestalde, etengabe ari dira garatzen Moodle-rekin bateragarriak diren bestelako funtzionalitateak eta horrek ere asko aberasten du plataforma.

Moodle-k, beste batzuen artean, ebaluaziorako tresnak eskaintzen ditu. Aukera asko ematen al ditu plataformak?
Ondo bereizi behar dira ebaluazioa eta kalifikazioa. Baterako eta besterako tresnak eskaintzen ditu Moodle-k alderdi teknologikotik. Beste kontu bat da, ordea, tresna horien erabilera pedagogikoa zehaztea.

Ebaluazio motak azalduko dituzue ikastaroan (formatiboa, sumatiboa eta ko-ebaluazioa). Zein desberdintasun dago horien artean?
Ebaluazio formatiboa eta sumatiboa ebaluazioaren helburuaren arabera definitutako moldeak dira. Ebaluazio formatiboak ikaskuntza du helburu; egindakoa aztertu ondoren hobetzeko eta, azken finean, gehiago eta hobeto ikasteko bideak bilatzen ditu. Ebaluazio sumatiboak helburuen lorpen-maila neurtzen du eta kalifikazioekin lotuago dago. Kasu honetan helburua ez da ikasten laguntzea baizik eta ikasitakoa neurtzea.
Ko-ebaluazioaz ari garenean, berriz, ebaluatzaileaz ari gara eta kasu honetan, berdinen (ikaskideen) arteko ebaluazioaz, eta kontzeptu hori erabat dago lotuta ikas-prozesuekin.

Ikastaroa praktikoa izango da? Zer egingo dute ikasleek?
Ikastaro honetan, alde batetik, kalifikazio-liburuaren erabilera aztertu nahi dugu. Liburu honetan jasotzen dira ikasleak ikastaroan zehar egindako jarduera guztien emaitzak. Moodle-ren kalifikazio-liburua erabiltzen den testuingurua edozein dela (ikaskuntza presentziala, on-line irakaskuntza…) eskaintzen dituen aukerak erakutsi nahi ditugu. Bukaeran, ikasleek aldez aurretik definitutako ikas-testuinguru baterako kalifikazio-liburu bana sortuko dute, egoera horri dagozkion ezaugarriak eta erabaki pedagogikoak kontuan hartuta.
Bestalde, tailerra moduluaren erabileran ere trebatuko dira. Tailerra da ko-ebaluaziorako tresnetako bat eta bertan ikasleak egin beharreko lanaz gain, beste ikaskide batzuen lana ebaluatu behar du aldez aurretik zehaztutako irizpideen arabera. Ebaluatze-lan hori ere ebaluatu egingo da ondoren eta ikasleak bere ikas-prozesuan aurrera egiteko beste bitarteko batzuk eskuratuko ditu.

Zuek zeuen beharrean erabiltzen duzue Moodle?
2004ko udan egin genuen Moodle-ren lehenbiziko instalazioa, probak egiteko-eta erabili genuena. Hurrengo ikasturtean hasi ginen erabiltzen modu esperimentalean eta ordutik hona bide luzea egin dugu Moodle-rekin lanean.

Harrera ona al dauka irakasleen artean? Eta ikasleen artean?
Erabiltzeko duen erraztasunagatik oso harrera ona izan ohi du irakasle eta ikasleen artean. Bestalde, gaur egun nahikoa ohituta gaude guztiok mota honetako tresnetara eta, beti bezala, erabilerak egokiak egiten du erakargarri tresna bat. Erabilera ez bada ikasleen gustukoa, zaila izango da arrakasta lortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude