Txillardegi testuz testu ikasiz pausoz pauso

Udako Euskal Unibertsitateak berrogei urte betetzen ditu aurten. Hori ospatu nahian ikastaro bereziak antolatu ditu, horien artean “Txillardegi testuz testu” izenekoa.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa, hizkuntzalari, idazle eta politikaria izan zen. Hizkuntzalaritzan, euskara batua sortzearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta euskal azentuari buruzko aditu handienetako bat. Literaturan ere berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin. Horrez gain, Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa izan zen eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, hasieratik bertatik. 1973an Donibane Lohizunen Udako Ikastaroak antolatu ziren lehen aldiz. Eta Txillardegi dugu hain zuzen bertan egondako izena, pertsonaia.

Aurten, Txillardegi zendu da baina gure oroimenean presente jarraitzen du. Idazkien aditu honi asko zor zaio, eta bere bizitza guztian egindakoarengatik konpentsatzea zail samarra da. Hala ere, UEUtik berak jorratutako arlo ezberdinak, testuz testu aztertuz, zor hura kitatzen lagundu nahi dugu ikastaroaren bidez.

Gaur hasi da hizkuntzalari, idazle eta politikari honen ibilbidea omentzen duen ikastaroa. Bere idazkiak jarri dira ikasleen artean aztergai. Baina horrez gain, XX.mendean idazkien munduan murgilduta ibilitako idazleen lanak. Besteak beste, Orixe, Azurmendi, Patri Urkizu, Sarasola…

Txillardegiren nobela guztietan agerian uzten du bere pentsamendua, bere filosofia. Izan ere, idazle euskaldun honen bizitza bere nobelagintzan dago, eta bere bizitza bere politika eta filosofia izan da. Txillardegik zuen pentsamendu politikoak itzala utzi du euskal gizartean. Aldi berean, pentsamendu hori izan da hain zuzen gizartetik baztertu zuena. Ander Iturriotzek, soziologian doktoreak, ikastaroari hasiera emateko ardura eduki du. Bere aburuz, Txillardegiren politika, bere irizpide kritikoa, bere nobelagintza alde batera uztearen arrazoia izan da. Horrez gain, Txillardegi pertsona moduan ezagutu nahi izan dugu. Nor izan da Txillardegi zuretzat? Zer suposatu du? Galderei erantzun bat bilatu nahi izan diegu. “Ez dut asko ezagutu. Izan ere, 22 urte besterik ez ditut eta gaur arte ez naiz bere lanaren garrantziaz jabetu. Filosofia ikasi dut eta Joxe Azurmendi irakasleak beti izan du gogoan Txillardegi. Beraz, ikastaroa aukera ona iruditu zait bera ezagutzen hasteko” adierazi du Lohitzune Rodriguez, ikastaroko ikasleak. Txillardegi ezagutu ala ez aitortu beharra dago XX.mendeko bigarren zatian politikan eta kulturan pertsona garrantzitsua izan zela. “Ezagutzeko aukera izan nuen euskarazko agiria lortzeko azterketan eta momentu horretatik miresten dut. Literaturan aitzindaria, fonologian aditua eta intelektual petoa izan da Txillardegi” gaineratu du Txipi Ormaetxe ikasleak. Pertsona askorengatik mirestutako pertsonaia dugu Txillardegi eta “herri honen historia modernoko eredua”, Ander Iturriotzek baieztatu duen bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude