Telefonoen unibertsoan sakonduz

Smartphonetarako aplikazioak sortzea edozeinen esku egon daiteke, eta horretarako ez da Java edota OS sistemak ezagutu beharrik. Edurne Martinezek eskaini duen ikastaroan ikasleek Titanium Studio programa aplikazioak sortzen ikasi dute.

Teknologia berriak gero eta garapen azkarragoa dute, eta bide batez, gero eta ohikoagoak bilakatu da hauen erabilpena gure egunerokotasunean. Azken urteetako aurrerapen teknologikoek, smartphonen garapena ekarri dute, eta orain ia edonorren eskuetan dago horrelako gailu bat, baina benetan badakigu zer diren? “Jendeak ez daki ongi smartphonak zer diren, izan ere lehengoko mugikorren antzera erabiltzen ditu”, dio Edurne Martinezek, informatikan ingenieria eta smartphonetako garapenen arduraduna Elekan. “Ohiko aplikazioez gain (agenda, deiak egitea, mezuak igortzea etab), beste hainbat aplikazio eskaintzen ditu telefono adimentsu hauek (lokalizazioa, GPSa, etab.) eta jendeak ez dakizki hauek erabiltzen. Ez dakite benetan zer duten eskuartean”, gehitzen du Martinezek.

Atzo eta gaur, smartphonetarako aplikazioak sortzeko ikastaro bat ematen dabil Martinez, UEUren Udako Ikastaroen baitan. Bertako ikasle gehienak informatikariak diren arren, beste alorretako jendea ere baditu bere gain Elekako arduradunak, kimika esaterako. Bere ustez, programazio nozio batzuk izatea lagunduko die ikasleei, horrela aplikazioak sortzea errazago izango zaielakoan. Ikastaroaren helburua, ikasleek Titanium Studio programa erabiltzen jakitea da, eta batez ere, berak eskaintzen dituen baliabide ezberdinak kontrolatzea. Lehenengo orduetan, programaren alor teorikoa ikusi dute, berau nola instalatu, eta zeintzuk diren eskainitako baliabideak. Bigarren zatian, lehenengo orduetan ikasitakoa adibide ezberdinen bitartez praktikan jartzeko parada izan dute.

Programa dagoeneko kontrolatuta dutela, hau nola aplikatu ikasi dute, haien helburua lortzeko, aplikazio propioa egitea alegia. Adituaren ustez, programak abantaila nagusi bat eskaintzen du besteekiko, eta berau, “programatzeko dohaiak izan gabe (Android sisteman, Java eta Applen kasuan OS programak erabiltzen jakin gabe alegia), eta web teknologiak erabiliz, aplikazioak sortzeko aukerak ematen dizkigu”, da. Horrela, webguneak egiten dituzten pertsonek ere badituzte nahikoa ezagutzak smartphonetarako aplikazioak egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude