“Coachinga galdera ahalmentsuak egitearen artea da”

Gotzon Carcar Coaching-erako sarrera ikastaroa ematen dabil, UEUk bere Udako Ikastaroen 40. urteurrena ospatzeko duen egitarauaren barnean. Bera Coach pertsonala eta profesionala da, eta Trainer’s Training Masterra egin du Programazio Neurolinguistikoan. Metodo hori gero eta erabilgarriagoa da gizartean, eta adituak gizakiok noizbehinka erabili behar dugula dio.

Nondik sortu zen coaching-aren ideia?
Izen horrekin, orain dela hogeita hamar bat urte sortu zen Estatu Batuetan. Hala ere, egia da, ideia oso zaharra dela, izatez Sokratesek ere lantzen zuen.

Zein da coach batek duen filosofia?
Ezezagun guztien artean edozeina, hau da, ez dago ezer zehatzik. Coach batek baditu bere filosofia partikularrak, bere intimitatean gordeak edota aitortuak, baino filosofiak ez du zer ikusirik coaching-arekin. Galdera ahalmentsuak egitearen artea da, ez filosofia bat, nahiz eta batzuentzat hala den.

 Zein onura dakar coaching-ak gizakiari?
Coaching egiten duenarentzako, berari dagozkion onurak ekar diezazkioke prozesuak. Berdin dio zein den bezeroa, izan ere pertsonak ezberdinak gara, unibertso bakarra, ez gara errepikakorrak, eta beraz, bakoitzak bere helburuak, kezkak, arazoak eta abar ditu. Horrenbestez, norbait zerbaiten bila hastean, coach bat kontrata dezake. Bere laguntzarekin lortuko du nahi duen hori, beti ere helburua lorgarria bada.

Zer da, eta zertan datza coach prozesua?
Nire ustez, gizakiari dagokion komunikazio prozesuaren ezaugarri garrantzitsu bat da, galderen mundua. Bi dira kontuan hartu behar diren ezaugarriak:

Lehenik, prozesu batean bi pertsona daude, coach-a eta bezeroa. Coach-aren ardura galderak egitea da, bezeroarena, aldiz, erantzutea. Coach-ak bere galderen bitartez argia bidaltzen dio bezeroaren alde ilunera. Coach-ak ez daki zer duen bezeroak alde ilun horretan, eta bezeroak argia jasotzean, galderak, ohartzen da alde ilunean zer duen, berarentzat ere ezezaguna baita galdera jaso arte.

Bestalde, hori lortzeko, prozesu barruan coach-ak zintzotasuna eta barne isiltasuna landu behar ditu, ezinbestekoak baitira. Horrela libre dago, iritzirik eta epairik gabe, bezeroari errespetu osoa zor baitio. Eta aldiz, bezeroak, bere motibazioa eta konpromisoa zaindu behar ditu, duen arazoa lortu, edota konpontzeko.

Hainbeste teoria eta filosofiarekin, klaseak aspergarriak dirudite, nolakoak dira zehazki?
Ikastaroak teoriko-praktikoak dira. Saiatzen naiz ahalik eta praktikoena egiten, baina beti teoria apur bat beharrezkoa da Coaching prozesu baten markoa zein den zehazteko, hau da, zer den, eta coach-ak nola jokatu behar duen etab. Horrela, gero taldeka jartzean eta praktika lantzean, beraiek jakingo dute ondo burutzen ari diren edo ez. Gero erakustaldiak, nire erak eta manerak, metaforak, adibideak eta inpaktuko tresnak erabiltzen ditut, jendeari ahalik eta gehien irakasteko.

Beste zerbait gehitu nahi duzu?
Bai, nire ustez, pertsona orok, gure bizitzako etaparen batean behar dugu coach on bat edukitzea gure aldamenean, nahiz eta guk ez jakin, edota ez dugun onartu nahi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude