Aitzol Lasa: “Mundu guztiko boluntarioei esker etengabeko gaurkotzeak eta hobekuntzak dituen programa da GeoGebra”

Asteon Udako Ikastaroak Eibarren badira ere, ikastaro batean munduko edozein txokotatik parte-hartzeko aukera eskaintzen du UEUk: “Geogebra erabiltzen ikasi: hastapenak”. Ikastaro hori on-line egingo da, moodle plataformaren bidez. Hilabetean GeoGebra programa erabiltzen ikasteko aukera edukiko dute ikasleek.

GeoGebra matematika lantzeko software libreko programa bat da eta matematikaren arlo bat baino gehiago lantzeko balio du: Geometria, analisia, aritmetika, estatika eta probabilitatea. Programari buruz gehiago jakiteko ikastaroaren irakaslearengana jo dugu, Aitzol Lasa Oyarbiderengana. Matematikan lizentziatua da Lasa eta matematika didaktikoari buruzko doktorego tesia egiten ari da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Matematikaren Didaktika Arloan irakaslea da.

 

-Erabilgarritasun handia eskaintzen duen programa al da GeoGebra (GGB)? Zertarako erabil daiteke? Potentzial pedagogiko handia duela aipatzen duzue.
GeoGebraren antzeko softwareak egon dira lehenago ere, esate baterako, Cabri izenekoak hedapen handia izan zuen Frantzian. Software horiei “Geometria Dinamikoko Software” esaten zaie, eta ahaltsuak dira kalkulu aljebraikoa eta geometria elkartzen dituztelako . Irakasleak tresna hori erabiltzeko trebezia baldin badu, eta arbel digitalarekin eta proiektorearekin batera erabiliz gero, abantaila nagusi bat lortuko du: eredu dinamikoen gainean egingo du lan. Eredu dinamikoek oinarrizko hiru erabilera dituzte: problemen ebazpena, propietate matematikoen azalpena, eta azkenik, frogapen matematikoa.

-Erraza al da erabiltzen ikastea?
Mathematica edo MatLab ez bezala, GGB Bigarren Hezkuntzako ikasleek euren kabuz erabiltzeko diseinaturik dago, intuitiboa da. Baina horrek ez du esan nahi tresna ahaltsua ez denik. Erabiltzaile anitzentzat da aproposa. NUPen, esate baterako, Lehen Hezkuntzan erabiltzen dugu, eta Magisteritzako irakaslegaiak trebatzen ditugu tresnaren erabilpen didaktikoan; Ingenieritzako Graduetan ere erabiltzen da, mekanismoen simulazioak egiteko, adibidez.



-Oraingo honetan, edonori, baina bereziki Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzendu diezue ikastaroa. Erabilgarritasun handia eman dezake bigarren hezkuntzan?
Bigarren Hezkuntzara bideratu dugu, tresna informatiko hau etapa horretan erabiltzen delako gehien, eta ondorioz, ikastarorako bezero gehien bigarren hezkuntzako irakasleen artean aurki dezakegulako. Hala ere, esan bezala, irakaskuntza etapa guztietarako da aproposa.

-Bere bereizgarritasuna software librekoa dela da. Zeintzuk dira horrek eskaintzen dituen abantailak?
Azken hamarkada honetan, GGBk lekua hartu die Geometria Dinamikoko gainerako Software guztiei, funtsean, bi arrazoi direla medio: alde batetik, software librea da, eta horri esker lizentziarik ordaindu gabe erabil daiteke ikastetxeetan. Softwareen lizentziak ordaintzea zama eramanezina da ikastetxeentzat; gaur egun, zer esanik ez. Bestetik, kode irekikoa denez, mundu guztiko boluntarioei esker etengabeko gaurkotzeak eta hobekuntzak ditu, eta irakaskuntzako profesionalen eskutik datoz hobekuntza horiek. Horrek bihurtzen du GGB potentzial handiko tresna.

-Orain gainera euskaraz erabiltzeko aukera ere badago, ezta? Noiztik dago aukera hori?
Gurean Gonzalo Elcanok euskaratu zuen, artean Larraintzarren irakasle zela. Uste dut 2.0 bertsioa izan zela euskaraz agertu zen lehena, eta dagoeneko 4.0 bertsioak urtebete dauka. Bost edo sei urte izango dira.

-Komunitate bat dago sortuta GGBren inguruan. Nola funtzionatzen du komunitate horrek?
GGB komunitatea Institutuetan antolaturik dago. Matematika irakasleak Institutu horietan elkartzen dira hainbat ekintza aurrera eramateko: ikastaroak antolatu, material didaktikoak sortu, eta kongresuak eta bilkurak egin. Horri esker, etengabean eraldatzen eta berritzen ari den softwarea dugu, eta baliabide didaktikoak etengabe sortu, aldatu eta hobetu daitezke.

-Nolako garrantzia izan dezake baliabide teknologiko horiek euskal komunitatean txertatuta egoteak?
GGBk mundu mailako erabiltzaile komunitate bat du atzean, eta horrek egiten du berezi. GGBren wikian, eztabaida foroak daude hamarka hizkuntzetan. Software honen inguruan lan egiteak Euskal Herri mailako inpaktua izan lezake baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko matematika irakasleak GGB Institutu baten inguruan lan egiten hasiko bagina. Euskal GGB Institutu bat, demagun, UEUren moduko egitura unibertsitario baten barruan, izan daiteke Euskal Herriko matematika irakasleak eta matematikariak elkartzeko foro bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude