Orain arteko pentsamendu zabalari erreparatuz eta hausnarketa bultzatuz

Udako Euskal Unibertsitateak sustatuta, Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendean graduondokoa eskainiko da 2012/2013 ikasturtean. Euskal Herrian egon den produkzio oparo eta kritikoak hausnarketa akademiko unibertsitarioan espazio baten beharra daukala ikusita, UPV/EHUko Soziologia eta Politika eta Administrazio Zientziak, eta UEUko Soziologia eta Filosofia Sailak arduratu dira antolaketaz.

Andoni Olariaga graduondokoaren antolatzaileak adierazi duenez, “kontrakoa dirudien arren, azken bi mendeetako Euskal Herriko pentsamenduaz espresuki oraindik gure herrian ez da graduondokorik, lizentziaturarik edo masterrik egin”. Gaineratu du badela garaia “herri honek bere azken mendeetako filosofiagintzan, herrigintzan, kulturgintzan eta politikagintzan egon diren pentsalariak, paradigmak eta kezkak era orokor batean ezagutu eta kritikoki lantzeko”. Hutsune bat betetzeko sortu da, beraz, graduondokoa.

Helburu bikoitzarekin antolatu da. Lehenengo helburua, beraien lanaren oparotasun eta kalitatearengatik Euskal Herriko pentsamenduaren eta kulturaren garapenean berebiziko garrantzia duten hainbat euskal autoreen lana berreskuratzea da. Horien gainean hausnarketa sakona sustatu, XX-XXI. Mendeko Euskal Herriaren pentsamenduaren historia egiteari ekin, eta horrekin batera, egungo egoera sozio-politiko eta kulturala ulertzea. “Euskal Herrian filosofiagintzak bere espazio propioa behar du, bertako gaiak, autoreak eta pentsamendua hemengo ikuspegiarekin landuak izan daitezen”, adierazi du Olariagak.

Bigarren helburua, diziplina ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea da, Euskal Herriko pentsamenduaren historia sortze horretan ikuspegi zabala eta aberatsa eskaintzeko. “Gizarte zientzietako adar gehienak barnebildu ditugu, diziplinartekoari ateak irekiz”. dio Olariagak.

Laburtuz, graduondoko honek Olariagaren hitzetan, “azken bi mende hauetan gure herrian egon den pentsamendu zabalari erreparatu, handik edan, hausnartu eta patxadaz pentsatzeko aukera eskaintzea du helburu.” Azpimarratu nahi izan du, graduondoko hau aurretik Joxe Azurmendi eta beste hainbatek arlo honetan egindako “lan eskerga ikaragarriagatik”, eta ondorioz, “irekitako bide eta baldintzengatik” sortu dela.

Ikasleak eta metodologia

Graduondokoa Gizarte Zientzietan formakuntza duten eta EHko pentsamendu kritikoa interesatzen zaien guztiei dago zuzenduta.

Metodologiari dagokionez, alde batetik mintegi erako eskolak egongo dira. Bestetik, ikerketa lan bat ere egin beharko dute ikasleek beraien interesen araberako gaia jorratuz. Gainera, ikasitakoa praktikan jartzeko ikasleek UEUko ikastaro bat antolatuz praktikak egiteko aukera izango dute.

Eskolak ostiral arratsaldez eta larunbat goizez izango dira Bilboko UEUren egoitzan. 2012ko urriaren 26an hasiko da, eta 2013ko ekainaren 28an amaitu. Graduondokoa UPV/EHUko Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da.

Izena ematea UEUko webgunetik esteka honetan dagoen formularioa beteta egin daiteke. Matrikulatzeko azken eguna 2012ko irailaren 28a da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude