Normal
0
21
Naiara Arri
Politika Zientzietan lizentziatua eta Genero eta Garapenean espezializatua da.
Gaur egun bere ikerketa alorra trantsizio mugimenduak dira; Euskal Herrian,
batez ere. UEUk Iruñean antolatutako udako ikastaldian parte hartu du, irakasle
moduan “Trantsizioak: petrolioarekiko dependentziatik haratago” izeneko ikastaroan.
Munduan trantsizio
mugimendu asko dago; Erresuma Batuan eta Irlandan, esaterako, ehunka omen dira.
Europan ere ia herrialde guztietan aurkitzen dira. Ipar Amerikan dezente topatu
daitezke, baina Hego Amerikan aldiz ez. “Azken horiek beste errealitate batean
bizi dira, beste garapen prozesu bat izan dute eta beharbada ez dute hainbeste
premia izan”, azaldu du Arrik. Orain arte trantsizioaren kontzeptua definitu
den bezala ikusita, agian ez dator bat Hego Amerikako biztanleek bizi duten
errealitatearekin. Hala ere, trantsizioaren kontzeptuak garapena izango du eta
proiektu berrietan sartuko da, beti ere, aurrera begira eta etorkizuneko
ezaugarrietara egokituz.
Trantsizio mugimenduak
herrialdearen araberakoak dira, baina ez soilik faktore edo aldagai horren
mendean. Beste hainbat elementu ere kontuan hartzen dira, jakina. Trantsizio
mugimenduak maila lokaletik hasten dira. Ondorioz, herri bakoitzak proiektu
bakoitza bereganatzean bere baliabideak eta ezaugarriak aplikatzen dizkio.
Arrik adierazi duenez, “kontzeptuak ere izen plurala du; trantsizioak. Beraz,
ez da bakar bat; asko daude eta mota askotakoak.”
Trantsizioaren kontzeptuak
berez petrolioaren gailurraren arotik aurrerakoa aditzera ematen du.
Petrolioaren ustiapena beherantz datorren heinean, momentu honetako gure
bizitza modua eta energia kontsumo eredua ez da bideragarria. “Energia kontsumo
hori murriztu egin behar dugu nahita nahiez”. Arrik metafora batekin lotu du
kontzeptuaren esanahia. Olatu honen zain bagaude, bi ondorio eman litezke: olatu
horrek jatea edo guk surf ohol handi batekin kontrolatzea. Beraz trantsizioak
planteatzen duena guk olatu hori kontrolatzea eta gainbehera horri era
kontrolatuagoan egitea izango litzateke: “modu antolatuagoan, alegia, eta guk
geuk nahi dugun bizimoduarekin”. Azken batean, herrietan gertatzen ari dena
trantsizio bat da. Hala ere, trantsizio hitza berma kulturari lotuta dago:
“Trantsizioa maila lokal batean berma kulturaren filosofiaren gauzatzea izango
litzateke”.
Euskal Herrian, esaterako,
badaude hainbat proiektu martxan. Gasteizen, esaterako, alde zaharrean proiektu
bat martxan dute. Horretaz gain, beste hainbat herrietan ere trantsizioaren
inguruko diagnostiko batzuk egin dira. Dena den, trantsizioaren barruko beste
elementu batzuk ere agertzen dira gure gizartean. “Sindikatuek, adibidez,
kontsumo taldeak bideratzen dituzte. Horrelako gauzak, esaterako,
trantsizioaren mugimenduaren barnean daude.”
Lehenik eta behin, gauza
edo ekintza txikiak egin behar dira, ondoren osotasun batera iristeko. Trantsizioa
horretan oinarritzen da, hain zuzen, gauza edo ekintza txikietatik osotasun bat
bilatzera. “Norberak bakarrik ezin du aldaketa egin. Gauza handi batez hitz
egiten ari gara; gizarte oso bat aldatzeaz ari gara”. Trantsizioa, gainera,
jendearen arteko harremanetan oinarritzen da eta, aldi berean, harreman horiek
sendotzen ditu. Pertsonen arteko harreman zuzenak urteekin galdu egin dira eta
mugimendu horrekin harreman hauen sendotzea etorriko da.
Ondorioz, trantsizio
mugimenduak eraikitzeko momentu egokian gaudela uste du Arrik. “Orain izan
behar du, bestela ez da egongo eraikitzerik. Hobe gaur hastea eta bihar
jarraitzea, bihar hastea baino”. Horretarako, ideia freskoak eta diseinu
berriak sortu behar dira. Lehenengo pausoa gizakia ingurunearen beste elementu
bat dela jabetzea da. Horrekin batera, ekosistemari behar duen garrantzia ere
aitortu behar zaio.