Virginia Belategi, Hizkuntza Normalizaziorako aholkularia: “Helduok eskatzen diegu gazteei euskaraz egin dezaten, baina guk zer egiten dugu?”

Normal
0
21

Virginia Belategi
komunikazio ikasketetan lizentziaduna da. Horretaz gain, Gestalt Psikoterapian
eta PNLn trebatua da. Arrisku Psikosozialen Prebentziorako teknikaria,
Hizkuntza Normalizaziorako Aholkulari eta Trebatzailea ere bada. Iruñean UEUk
eskainiko dituen udako ikastaroen baitan, “Euskararekiko sentsibilizazioan eta
motibazioan eragiteko teknikak”
delako ikastaroko irakaslea da.

 

virginia belategi

Virginia Belategik irakasleak izango ditu, batez ere, ikasle Iruñean.
Horiekin trebatuko da euskararen sentsibilizazioa ikasgeletan eragiteko.
Horretarako, hainbat teknikarekin arituko da lanean. “Teknika horiek oinarri
metodologiko bat dute. Beraz, nik nire kurtsoan oinarri metodologiko horixe
azalduko dut. Metodologia hori, batik bat, heziketa emozionala eta PNLren
ildotik eratorritakoa da. Horri, gainera, erantsi behar zaio, alde batetik,
hausnarketarako teknikak landuko ditugula eta, beste aldetik, konpromisorako
teknikak.”

PNL teknikak programazio
neurolinguistikoa esan nahi du. Hau da, buruan kode edo programa batzuk ditugu
eta horien arabera funtzionatzen dugu. Kode horiek maila neurologikoan daude,
hizkuntzaren bidez kodifikatuta. Zer esan nahi du horrek? Berriro, hizkuntzaren
arabera kodifikatuta egon daitezkeela. Adibidez, nik neure buruari errepikatzen
badiot behin eta berriz ez dudala hizkuntzak ikasteko balio, argi dago ez
dudala inoiz hizkuntzarik ikasiko.

Ikastaroan hainbat helburu
ditu Belategik: “Nik planteatuko dudana, alde batetik, guk helduok zein eredu
transmititzen dugun izango da. Askotan eskatzen zaie gazteei euskaraz egitea
baina guk zer egiten dugu? Horregatik, lehenik eta behin zein den gure praktika
aztertzea izango litzateke. Hau da, gure jokabidea ikertzea eta horren
arrazoia.”
Horretarako, lehen aipatutako metodologia erabiliko du durangarrak.
Esaterako, ikasle bakoitzak euskararen inguruan izan duen ibilbidean sakonduko
dute.

Ikastaroko beste helburuetako
bat gazteek zergatik ez duten euskaraz egiten aztertzea izango da. Zein
motibazio falta duten, esaterako.
Gazteleraz hitz egiten badute, ea zergatik
egiten duten, zein jarrera edo jokabide dagoen horren atzean eta ikusi
aldagarriak diren ala ez. “Jarrera aldaketa bultzatzen saiatu behar dugu
motibazio tresnak erabiliz; hizkuntzari atxikimendua, ezagutza…
hizkuntzarekiko maitasuna sustatzea, azken finean.”

Izan ere, eskoletan lehen
euskara hutsez egiten zena orain gaztelerak menperatzen duela gero eta argiago
ikusten da. “Eskola orduetan euskaraz egiten da, hainbat eskoletako sistema
horrela eginda dagoelako, baina atsedenaldietan gazte askok gaztelerara jotzen
du. Zergatik? Helduen hizkuntza delako. Baliteke beharbada horregatik soilik ez
izatea. Azken batean, galdetu diegu gure gazteei zergatik egiten duten
gazteleraz?”, azaldu du Belategik.

Haur edo gazteak duen
bizilekuaren arabera, familia… zenbait motibazio teknika aplikatu behar dira.
Esaterako, guraso euskaldunak dituen haur baten kasua edo guraso erdaldunak eta
euskara bigarren hizkuntza moduan eskolan ikasi duen batena ez da gauza bera.
Hizkuntzarekiko lotura eta gaitasuna faktore garrantzitsuak dira. Hizkuntza bat
ikasteko gaitasuna eta horrekiko atxikimendua edo harreman emozionala ere
oinarrizkoak dira.

 Euskaldun batek izan behar
duen lehenengo gauza kontzientzia da. “Kontzientzia gabe errazagoa da gure
gizartean gaztelerara jotzea.” Gainera, euskaraz hitz egiten saiatu behar gara,
horrela gaitasuna handitzen baita eta horrek erosoago espresatzea dakarrelako.
Aldi berean, gure buruarengan segurtasun gehiago izango dugu.

Gaur egungo gizartean
kultur aniztasunean bizi gara. Belategik azaldu duenez, bi errealitate daude.
Alde batetik, atzerritik etorri baina gaztelera ama hizkuntza moduan ekarri ez
duten lagunak daude (frantsesa, ingelesa edo beraien jatorrizko hizkuntza).
“Horiek hona etorri zirenean euskara ezagutu dute eskolako hizkuntza moduan.
Ondorioz, horien seme-alabek euskaraz egiten dute eta horixe beraien lehen
hizkuntza da. Gainera, integrazio bide modura ere hartzen dute.” Beste aldetik,
Hego Ameriketatik etorritako ume eta gazteen kasua ezberdina da. Izan ere,
badute hemen erabiltzen den beste hizkuntza bat: gaztelera. Orduan, euskara
ikasteko esfortzua eta premia txikitu egiten da. Ondorioz, komunitate horretako
kideek euskara ikasteko zailtasun gehiago dituzte. Horri bizilekuaren aldagaia
ere gehitu behar zaio. “Markinako komunitate afrikarrak euskaraz egiten du,
horixe kaleko hizkuntza baita. Aldiz, Durangoko afrikarrek gazteleraz egiten
dute eta haurrek ere, nahiz eta eskolan euskaraz ikasi eta egin. Inguru
soziolinguistikoak berebiziko garrantzia du.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude