Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua izatez gain, Samira Goddik Kultura arteko Gizarte Bitartekaritza Graduondoa ere egin zuen. Ondoren, Donostian immigrazio teknikari bezala ibili da eta, egun, Gizarte eta Kultur Antropologia ikasten ari da. Aita marokoarra du eta, horregatik beharbada, kultur aniztasuna gertu bizi izan du; bere lana eta ikasketak arlo horretara ere bideratu ditu. Abenduaren 10 eta 17rako Kulturak, hizkuntzak eta lurraldeak: kultur aniztasunaren begirada ikastaroa antolatu du
Zein da UEUk antolatutako “Hizkuntzak, kulturak eta lurraldeak”
ikastaroaren helburua?
Errealitateaz jabetzea, batez ere. Lehenik eta behin, zein kulturek inguratzen gaituzten ikusi. Euskal Herrian dauden hizkuntzekin, kulturekin eta lurraldeekin marko teoriko bat planteatzen dut. Hortik abiatuz, elkarbizitzarako zubiak eraikitzeko bitartekaritza baliabideak lantzen ditugu. Kasu praktikoak ere aztertzen ditugu. Horren
bidez, gatazkak nola ebazteko aukera ikusten dugu. Hainbat faktore lantzen dira kasu horretan. Beste helburu bat gure ikuspuntua deseraikitzea izango da. Izan ere, kultura batzuenganako aurreiritzi eta estereotipo asko daude. Jarrera etnozentrista dago eta horixe lantzen ere saiatuko gara.
Aurreiritzien kasuan, gauzak aldatzen ari dira egun?
Hemen, Euskal Herrian, immigrazioa fenomeno nahiko berria da. Beraz, prozesu hori
barneratzen eta ikasten oraintxe ari gara. Kataluniari asko begiratzen diogu. Haiek kudeaketa ona eraman dute eta beraien metodologia garrantzitsua da. Baina
kultura artekotasunaz hitz egiteko ez da soilik immigrazioaz hitz egin behar. Beti hainbat eta hainbat kultura egoten dira; norberak, bere etxekoa, esaterako. Ondorioz, aniztasunean elkar bizitzen eta errespetatzen ikasi egin behar dugu.
Zer eduki emango dituzu ikastaroan zehar?
Hasiera batean datuetan oinarrituko gara, hau da, zein kulturatako, hizkuntzatako eta lurraldetako jendearekin bizi garen aztertuko dugu. Hortik abiatuta, kultura artekotasuna lantzeko metodologia ikasiko dugu. Metodologiaz gain, urteetan zein eredu hobetsi den ere ikertuko dugu. Praktikak egingo ditugu, baita hezkuntza zein kultur artekotasuna gaietan adituak diren pertsonen artikuluak irakurriko ditugu. Kultura edo herrialde zehatz batean ere zentratuko gara: Magreb, hain zuzen. Sakonki ezagutzen dudan kasua da eta, hortik abiatuz, bertakoek zer zailtasun edo erraztasun duten aztertuko dugu.
Hezkuntzaren kasuan, gai honetan hutsunerik al dago?
Egia esan, bai. Gainera irakasle askok zalantzak eta gai honekiko interesa
dituzte. Lehen esan bezala, oso fenomeno berria da eta pixkana gauzak martxan jartzen ari dira; harrera gelak, adibidez. Baina sarritan galduta sentitzen direla egia da. Irakasleek askotan aipatzen dute ez dagoela plan zehatzik, informazio sarerik…
“Hizkuntzak, kulturak eta lurraldeak”: hiru kontzeptuak elkar loturik daude.
Zein zentzutan? Zein da euren arteko aldea?
Elkar loturik daude eta euren arteko elkarreragina aztertuko dugu, baina distantziak ere nabariak dira. Lurralde batean, esaterako, hizkuntza bat baino gehiago egon daitezke eta, gainera, horietariko batzuk bakarrik ofizialak dira. Lehen egunean munduko mapa erakutsi
nien ikasleei eta bertan zenbait lurraldetan zein hizkuntza dauden, zein grafia, identitateak azaldu… Horren bidez zein lotura eta haustura dauden azaldu nahi nien.
Euskal Herria kultur aniztasunarekin aberastu egin da?
Zenbait jatorritakoak bizi diren espazio bat aberasgarria da beti. Alde horretatik, azken aldian Euskal Herria aberastu egin dela esan daiteke. Zailtasunak badaude, kudeaketa on batekin eta balore positibotzat hartuta, baina, aberatsa da, noski. Argi dago, gainera, Euskal Herrian betidanik mugimendua egon dela eta gakoa elkar ezagutu eta errespetatzen bizitzen ikastean dago.