Sormenaren baikortasuna

Normal
0
21

Ixiar Garcia sormen eragilea da eta aktibista futuristatzat definitzen du
bere burua. UEUren udako ikastaroen baitan “Sormena garatuz hezkuntza abentura
zirraragarri batera”
izeneko ikastaroa eman du Eibarko Markeskoa egoitzan.

ixiar garcia

Ez dago aspertzeko betarik Ixiar Garciarekin. Buruari eragin eta eragin,
atentzio ariketak egin, eguneroko elementuekin jolastu… Sormena lantzeko
hainbat bide eta modu daude. “Sormena jarrera bat da. Gauzen aurrean modu
aktiboago batean kokatzen gaituen gaitasun bat da”
, azaldu du Ixiar Garciak.

Ikastaro honen bidez hainbat helburu landu ditu Garciak. Bakoitzak bere
sormena detektatzeko gaitasuna landu, erraztu, eta sormenarekin topo egiteko
baliabide batzuk jarri. Asko gustatzen zaio esperimentatzea eta probokazioak
eragitea. “Egunerokotasunean esperimentatzeko probokazio txikiak egin behar
ditugu. Horrela gure sormenarekin gehiago lantzeko aukera dugu”
. Behin hori
eginda bakoitzak bere esparruan asmatzeko formula berriak eraiki ditzake,
norberari balio edota bere gaitasunaren arabera balio dituzten formulak, hain
zuzen.

Sormenak ez du adinik. Are gehiago, sormena bizitzaren edozein unetan landu
daitekeen gaia da. Gakoa norberaren jarreran aurkitzen da. “Nire ustez
ezkortasunak aukera gutxiago ematen dio sormenari ateratzeko. Pertsona orok
sinetsi egin behar du gaitasuna duela eta gaitasun horrek gauzak eralda
ditzakeela eta beste modu batera planteatzeko aukerak ematen dituela”.

Ondorioz, Ixiar Garciaren helburuetako bat pertsonei baikortasuneranzko trantsizioak
egiten laguntzea da. “Jarrera ezkorra zergatik dugun landu egiten dugu, horrek
zer ekarpen egiten digun eta zein ez. Sormen prozesuan egia da baikortasunak
asko laguntzen duela eta hori oso interesgarria da.”

UEUko udako
ikastaro hau emateaz gain, Ixiar Garcia hainbat proiektutan murgildurik dabil.
Pertsona aktiboa da eta berak ere horrela definitzen du bere burua; aktibista
futurista
gisa, alegia. “Arte Ederretan lizentziatua naiz baina ez naiz inoiz
artista kontsideratu. Nire burua definitzerako garaian konturatu nintzen
diseinatzailea eta eragile soziala izateaz gain, aktibista ere banaizela. Oso
ekintzakoa naiz, ekintza txikiak egitea asko gustatzen zaizkit; formalak eta ez
formalak. Aktibismoa aldiz, mugimendu bezala, beti gustatu izan zait. Futurismoaren
kasuan, beti gustatu izan zait etorkizunera proiekzioak egitea; imajinatzea
gaur egiten dugunak zer eragin izango duen etorkizunean, alegia.
Baina
bat-batean konturatu nintzen oso etorkizunean bizi nintzela. Orain, aktibista
momentista bezala definitzen dut nire burua. Egunerokotasunaz disfrutatzen dut
egunerokotasuneko elementuetan arreta ipiniz.”

‘We are Pink
Gorillas’
izeneko hezkuntza proiektua martxan du Garciak. Izen berezia du eta
izenaren nondik norakoak ere istorio xelebrea du bere baitan. “Perro verde
[euli edo bele zuria, euskaraz] kontzeptua azaldu nahi genuen gure proiektuan
eta ingelesez Pink Gorillas zela uste genuen. Geroago azaldu ziguten pink
elephant
bezala esaten zaiola perro verde delako
kontzeptuari. Baina gorilaren kontzeptua asko gustatu zitzaigun eta hasierako
izen horrekin geratzea pentsatu genuen. Izan ere, bilatzen duguna guk barruan
dugun animalia ezagutzea da, jarrera hori hartu eta intuizioaz, naturaltasunez
eta bat-batekotasunez gauzen aurrean berezko erantzuna izatea. Horretarako,
aurreiritziak ahaztu baino aurreiritzi horien ekarpena landu egin behar da”.

Amaitzeko,
Garciaren ustez gure gizartean sormenarentzat toki handia dago. “Edozer izan
daiteke sormena lantzeko aitzakia.
Kontua da gure gorputzari zer baimen edo
ohitura ematen diogun hor egoteko. Hezkuntzak, kulturak…, adibidez, ez dute
bide askorik egin orain arte hor egoteko, baina orain gauzak aldatzen ari dira
eta nire ustez momentu berezi baten aurrean gaude eta aprobetxatu egin behar
dugu.”

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude