AITOR SOROA: “3D-A SORMEN TRESNA BAT IZATEAZ GAIN, ERABAT KREATIBOA ERE BADELA ESANGO NUKE”

 

Aitor Soroa Etxabe (Informatikan Doktorea eta UEUko informatika saileko
arduraduna) “3D grafikoak Blender erabiliz” ikastaroaren irakaslea da.
Ordenagailuen bidez 3D irudiak sortzeko erabiltzen den Blender programaren
berri eman digu.

<img src="%3Ca%20href=" aitor soroa (3D grafikoak Blender erabiliz)

“3D grafikoak Blender erabiliz” ikastaroaz arduratu zara UEUko Udako
ikastaroetan? Zeintzuk izan dira aurrera eramandako helburuak edota ideia
aipagarrienak?

Aitor Soroa: Ikastaro irekia da, hau da, hainbat lagun motari zuzenduta
dago. Ideia nagusia ordenagailuetan hiru dimentsiotako irudi grafikoak sortzeko
programa baten berri ematea da. Blender izena du programa hori eta software
librean oinarritua dago. Blender softwarearen zenbait kontzeptu ikusi eta gero,
erabiltzaileak erabileraren oinarriak bereganatzea eta hainbat irudi sortzea
bilatzen dut. Hala ere, programa oso konplexua izanda, horrekiko hurbilpena
izango da, horren potentzialitatea ezagutaraztea.

Zertan datza Blender softwarea? 3D-an aditua izan behar duzu horren
erabileran trebatzeko?

A.S.: Alde batetik, Blender programa software librea bada ere, oso kalitate
onekoa da, merkataritzan erabiltzen diren programa bikainetatik oso gertu
dagoena. Hainbat gauzatan okerragoa izan daiteke, baina onenen top-ean dagoela
esan daiteke, hau da, goi-mailan. Horregatik, esperientzia ona bilakatu da
software librearentzat, aplikazio indartsua eta sendoa delako. Beste aldetik,
bere ezaugarri garrantzitsuenen artean daude: 3Dko irudiak sortu ahal izateko
beharrezko tresneriak integratuta dauzka eta edozeinek erabili dezakeen softwarea
da, nahiz eta hainbat kontzeptu konplikatuak izan.

Irudi grafikoak lortuko ditugu Blender-ren bidez, baina horien atzetik,
irudi geometrikoak, poligonoak… egongo dira. Beraz, irudi horien sortze
prozesua izango litzateke ikastaroaren oinarria.

Hainbat lizentziatura eta diplomaturari ondo datorkio teknika hauen
berri izatea. Zeintzuk aipatuko zenituzke?

A.S.: Lizentziatura aldetik, Arte Ederrak, Arkitektura edo horien antza
duten jakintza arloei gomendatuko nieke teknika berri honetan zaletzea. Gainera,
animazioaren mundua legoke. Azkenik, beste esparru handi bat legoke, “CutCam”
izenaz ezagutzen dena, hau da, pieza industrialen diseinuan oinarritzen dena,
baina hori ingeniaritza arloari begira legoke. Blender programa ez dago azken
esparru horri hain zuzenduta, teknika orokorrari dagokiola behintzat.

Software hau marrazketan interesa duen edonorentzat aproposa dela esan
daiteke. Maiz 3Dko proiektuak gustuko dituenarentzat lagungarria da, nahiz eta
marrazketan trebea ez izan. Beraz, aisialdirako tresna izan daiteke era berean,
lizentziatura edota edozein ikasketatik kanpo.

Filmetan zer emaitza bilatzen da 3Da aplikatzen denean?

A.S.: Oso arlo zabala da. Alde batetik, 3Dan egindako film osoak daude,
marrazki bizidunen mundutik etorri den teknika berri hori, batez ere. Baina
talde horren barruan hainbat estilo bereizi daiteke: badaude ahalik eta
errealismo handiena bilatzen duten filmak eta, era berean, errealismoa bilatzen
ez dutenak. Azken horiek, animazioaren 2D munduarekin aldera daitezke. Horretan
ez da errealismoa bilatzen, bere mundu propioa baitu; gauzak bere modu berezian
mugitzen dira.

Beste aldetik, nahasketan ere 3Dren teknika erabiltzen da, hau da, film
tradizionala grabatu eta, ondoren, post-produkzioan efektu digitalak gehitu.
Bigarren multzo horretan, errealismoa eta efektu digitalak ez nabaritzea geroz
eta gehiago bilatzen da.

3Da errealitatea moldatzeko tresna dela esango zenuke? Egokia al da
gazteak 3Dk irudikatutako gizarte honetan heztea?

A.S.: Nik 3Da marrazteko teknika bat bezala ikusten dut. Esaterako, ni
betidanik marrazkilari traketsa izan naiz, oso pultsu txarrarekin, besteak
beste. Teknika honek gauza politak egiteko bidea zabaldu dit, programak
erabiliz. Beraz, alde horretatik, horrelakoei beldurrik ez zaiela izan behar
esango nuke. Dena bezala, hirugarren dimentsioa ere ondo edo gaizki erabil
daiteke, baina printzipioz sormen tresna izateaz gain, erabat kreatiboa ere
badela esango nuke.

Horrelako ikastaro originala ematean, zer material erabiltzen duzu
jendearen arretaa deitzeko?

A.S.: Honelako ikastaroetara datozen lagunak motibatuta datozela uste dut.
Beraz, behin faktore hori edukiaren alde edukita, informazio larregi ez ematen
ahalegindu naiz, saturatu ez daitezen, baina irudi batzuk sortzea bilatzen dut
beti, errazak izango diren irudi batzuk. Horrela, emaitza ikusgarri eta
erakargarriak jasotzen dituzte ikasleek eta motibazioa areagotzen da. Hortaz,
ikastaroan 3Daren parte artistikoa lantzen dugula esan baitaiteke. Informatika
Fakultatean, aldiz, 3D teknika ikuspuntu tekniko batetik lantzen da, hau da,
informatikari bati ez zaio sormen lanik eskatzen, teknika ezagutzea
baizik. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude