Nerea Mendizabal: “Haurrari segurtasun afektiboa eman eta bere gaitasunetan konfidantza jarri behar da”

Nerea Mendizabal Etxebarria psikopedagoga, hezitzailea, eta haur masaje hezitzailea da. UEUk duen irakaslerik arrakastatsuenetarikoa da, izan ere, irakasten duen materia hainbat aldiz errepikatu dugu; “Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorra, xantaia eta mehatxuak gaindituz”.

nereamendizabal

1) Ohartu garenez, zure ikastaroak arrakasta handia du. Iazko udako ikastaroetan eskaini zen aurrena, Nafarroako udaberriko ikastaroetan eman da aurten eta orain berriro errepikatuko da udako ikastaroetan. Zergatik du horrelako arrakasta? Haurren heziketa lantzea beharrezko zeregina da, ezta?
Igeri egiten, sukaldatzen edo gidatzen ikastean normaltzat hartzen dugu, baina seme-alabekin edo ikasleekin komunikatzen ez dugu ikasten eta orain arte jaso dugun ereduak errepikatzen ditugunean, ez ditugu nahi genukeen erantzunak jasotzen. Ondorioz, eraikitzen dugun harremanetan ere zauriak eragiten ditugu.

2) Guraso edo hezitzaile izateak (bat edo beste, ala biak izan daitezke batera) jarrera aldaketa suposatzen du haurraren aurrean? Alegia, haurra zure umea edo edozein ikasle  izateak, jarrera aldaketa suposatzen du guraso/hezitzaileengan?
Bai, eta batez ere pertsona bezala ikusten. Sarritan, guk dakigunak eta haurrak ez dakienak bezala ikusten ditugu eta egoera berdinean heldu bati emango geniokeen tratuarekin oso desberdinak izaten dira. Eta haurrak, pertsonak dira, txikiagoak baina gu bezala sentitzen dute.

3) Nolako ezaugarriak izan behar ditu gaur egungo guraso/hezitzaileak?
Garbi dago guraso edo hezitzaile bakoitza dakigunarekin eta daukagunarekin momentu bakoitzean ahal dugun ondoen egingo dugula.

Haurrari bere garapen osasuntsua errazteko ingrediente batzuk: bere beharrak asetu, ezin denean ulermena adierazi, segurtasun afektiboa eskeini eta haurraren errekurtso eta gaitasunetan konfidantza jarri. Eta nola ez, geure instintoari jarraitu.

4) Ikasleak aurretik izandako arazo konkretuekin etortzen dira? Alegia, soluzio bila etortzen dira edo orokorrean, gomendio bila eta ikastera?
Denetatik. Soluzioaren esperoan asko gaude eta aldi berean, soluzio majikorik ez dut ezagutzen. Guzti hau prozesu bat da eta izandako arazoekin, jasotako gomendioekin eta bizitzen duten esperientziekin bakoitzak bere bidea eraikiko du.

5) Bukatzeko, eta ikastaroaren tituluak dioen bezala; zigorrak, xantaiak eta mehatxuak alde batera utzi behar dira, ezta? “Nola egiten da hori” galdetuko dizute askok. Zer erantzuten diezu?
Gehienak gure harremanen kalitatea hobetzeko gaitasunak edukitzeko desiratzen gaude. Tamalez, gehienak konpetitzera, epaitzera, zigortzera eta diagnostikatzera eramaten duten  eredu hezitzaile eta patroi batzuk erabiliz heziak izan gara, oso gaztetatik; aurreiritziak erabiltzera eta giza harremanetan “ondo” edo “ gaizki” dagoena adieraztera moralitate aldetik. Honetaz ohartzen eta baliabideak eskuratzen ikasi dezakegu, guri gertatzen zaiguna adierazteko eta besteari gertatzen zaiona entzuten ikasteko.

Marshall Rosenberg-ek dioen bezala, helburua ez da  haurraren jokaera aldatzea gure bidea lortzeko; zintzotasunean eta enpatian oinarritutako erlazioak eraikitzean datza, modu honetara lehenago edo beranduago denon beharrak kontutan hartuko direlarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude