Iraide Lejarretarekin batera, Iraia Oiarzabal dugu UEUko beste ikasle aurreratuenetako bat. 22 urteko gipuzkoarra Zumarragakoa da eta egun Kazetaritza ikasketak amaitzen ari da Leioan. 5 ikastaro osatu ditu gurean: Buru mapak eta Tantra Baionako iazko udako ikastaroetan, azaroan harreman harmonikoa Eibarren eta aurtengo udaberriko ikastaroetan bi egin ditu; Jendaurreko komunikazioa eta Coaching pertsonala.
1) Nola izan zenuen ikastaro hauen berri (UEUren berri orokorrean)?
Lagun batek emandako eskuorri baten bidez izan nuen lehenengoz UEUren berri. Ikastaro interesgarriak zeudela ikusi, eta ordutik ohitura dut maiztasunez web-orrian begiratzeko eta eskaintzen berri izateko. Honela, udako ikastaroetan parte hartzea erabaki nuen aurreko urtean eta ordutik beste ikastaro batzuk ere egin ditut.
2) Zergatik matrikulatu zinen?
Oso ikastaro interesgarriak dira eta udan adibidez aukera ona zen geldirik ez egoteko. Uda ostean, komunikazioarekin zerikusia duten ikastaroetan zentratu naiz gehien bat, hirurak irakasle berdinarekin eta arlo berekoak. Gainera, nire ikasketekin badute nolabaiteko lotura eta bestela ere oso erabilgarriak direla uste dut.
3) Zein irizpideren arabera aukeratu dituzu ikastaro horiek?
Nire kasuan, komunikazioaren arloa asko interesatzen zait eta horren arabera egin ditut batez ere azken hiru ikastaroak. Hala ere, beste zenbait arlotakoak ere oso interesgarriak dira eta aurrera begira zenbait egitea gustatuko litzaidake.
4) Zure ikasketentzako baliagarriak dira?
Lehen aipatu bezala komunikazioarekin lotutako ikastaroak oso baliagarriak dira bai nire ikasketei dagokionez baita beste zenbait eremutan ere. Jendaurrean hitz egiteko gaitasunak garatzea oso garrantzitsua dela uste dut.
5) Zein ezberdintasun aurkitu dituzu ikastaro hauetan beste batzuekin konparatuta? Hauek soilik unibertsitate mailako pertsonentzat dira?
Egia esan, ikastaro hauetaz gain ez ditut askoz gehiago egin, baina hemen ikusitakoagatik esango nuke ez direla soilik unibertsitate mailako jendearentzat. Are gehiago, nik egindako ikastaroetan adin eta arlo desberdinetako jendea egon gara.
6) Zein iruditu zaizu ikastarorik interesgarriena?
Egindako azken hirurak oso interesgarriak iruditu zaizkit eta horien artean aukeratzea zaila da baina nik uste “Jendaurreko komunikazioa”-ren ikastaroa dela gehien gustatu zaidana eta oso baliagarria dela uste dut. Bestalde, lehenengo moduloa “Harreman harmonikoa” eta laugarrena “Coaching” ere oso politak iruditu zitzaizkidan.
7) Nolako giroa egoten da ikastaroetan?
Oso giro polita egoten da, gertukoa. Azken finean ordu dexente ematen ditugu elkarrekin eta giro ona egotea garrantzitsua izaten da.
8) Gomendagarriak dira?
Bai, zalantzarik gabe. Nik ere web-orria begiratzen jarraituko dut interesgarriak iruditzen zaizkidan ikastaro berriak egiteko!
9) Arloren batean sartuko zenituzke berrikuntza gehiago?
Nik egia esan arlo berdinak jorratzen ditut gehienetan; komunikazioa eta psikologia eta bi hauek oso ongi daudela iruditzen zait.