Iraide Lejarreta 21 urteko basauritarra da eta Zientzia Politikoak ikasten ditu Leioan. Unibertsitateko ikaslea izateaz gain, UEUko ikasle esanguratsuenetariko bat dugu. Izan ere, iazko udaratik, 5 ikastaro egin ditu gurekin; Buru mapak, Tantra, Harreman harmonikoak (I), Jendeaurreko komunikazioa (III) eta Coaching pertsonala.
Udarako ikastaroetan parte hartzen hasi zen, baina urtean zehar eskaintzen ditugun ikastaroetako partaide ere izan da. Cum Laude ikasle honi eginiko elkarrizketa duzue honako hau.
1) Nola izan zenuen ikastaro hauen berri (UEUren berri orokorrean)?
UEUren berri unibertsitatean hastean izan nuen. Euskal unibertsitatearen aldeko ekimen desberdinetan parte hartu nuen eta bertan ezagutu nuen; UEUk euskal unibertsitatearen alde lan egiten baitu. Hala ere, ikastaroen berri irakasle batengatik izan nuen. Kurtsoa bukatu baino arinago udako-ikastaroen eskuorri bat eman zigun ikasle bakoitzari eta agertzen ziren ikastaro batzuk interesa piztu zidaten.
2) Zergatik matrikulatu zinen?
Uste dut denbora librea aprobetxatu behar dela, ondo dago uda izatea eta denbora guzti hori deskantsatzeko erabiltzea, baina horrek ez du kentzen ahal dugun heinean gure karreratik aparte formakuntzan jarraitzea. Ikusirik ikasleak izanda ez dugula denbora asko gauza berriak ikasteko, hots, ikastaro luzeagoetan matrikulatzeko, ideia ona iruditu zitzaidan UEUko ikastaroetan matrikulatzea. Hezkuntza ez da bakarrik unibertsitatean irakasten dizutena, are gehiago, uste dut hezkuntza mota hori nahiz eta kurrikulumean garrantzitsuena izan, gure bizitza eta formakuntzan parte txiki bat dela, eta unibertsitateak irakasten digunaz gain bizitzan gauza asko ikasi behar direla. Nire uste bizitza osoan formakuntza prozesu baten egon behar gara eta ez da sekula karrera bat amaitzen dugunean bukatzen.
3) Zein irizpideren arabera aukeratu dituzu ikastaro horiek?
Lehenik eta behin udako ikastaroetan matrikulatu nintzen. Hasieran buru mapak eta errezilientzia ikastaroetan matrikulatu nintzen baina errezilientzian ez zen taldea sortu eta ikusirik Baionan egon behar nintzela, beste ikastaro bat egiteko aprobetxatu nuen eta tantra ikastaroa egin nuen.
Buru mapak, ideiak sortu eta antolatzeko teknika da eta nire ikasketetarako eta bizitzarako oso baliogarria izan zitekeela pentsatu nuen. Bestalde, errezilientzia momentu txarretatik indartsu ateratzeko teknikak dira eta hau bizi garen mundu eta herri honetan ondo etorriko zitzaidala pentsatu nuen. Talderik sortu ez zela esan zidatenean penarekin geratu nintzen, eta oraindik espero dut beste saiakeraren bat egitea.
Ikusita udako ikastaroak oso onak izan zirela eta oso ondo pasatu nuela, kurtsoan zehar UEUko web gunera sartu eta aprobetxagarriak ziren ikastaroak topatu nituen eta hor agertu zen harreman harmonikoak. Web gunean bertan zeri buruzkoa zen agertzen zen eta gatazkak dauden harremanetan harreman harmoniko bat sortzeko teknikak ziren. Hau izugarria iruditu zitzaidan, ezinezkoa egiten zait kontatzea gure bitzitzan zenbat gatazka izan ditugun lagunekin, familiarekin, irakasleekin, bikotearekin… eta matrikulatu egin nitzen ea teknika majiko bat ematen zidaten gatazkak konpontzeko.
Egin ditudan beste ikastaroak harreman harmonikoaren jarraipenak dira; hau lehengo modulo da eta nik hirugarrena eta laugarrena ere egin ditut, jendaurreko komunikazioa eta coaching pertsonala.
4) Zure ikasketentzako baliagarriak dira?
Ikastaro batzuk baliagarriak izan zaizkit nire ikasketentzat, adibidez, buru mapak eta jendaurrean hitz egiteko teknikak. Hala ere, nik ez diot garrantzirik ematen ea ikastaro hauek nire karreran baliagarria izan diren edo ez. Garrantzia gehiago ematen diot nire bizitza pertsonalean eta asetasun pertsonalean izan duten garrantziari.
5) Zein iruditu zaizu ikastarorik interesgarriena?
Ba egia esan zaila egiten da bat aukeratzea, denetatik hartzen duzu zeozer zure egunerokotasunean erabiltzeko. Baina zeozer esatekotan jendaurreko komunikazioa eta coaching pertsonala esango nuke.
6)Nolako giroa egoten da ikastaroetan?
Taldeak oso txikiak izaten dira eta horrek giro ezin hobea egotera laguntzen du. Gainera metodologia oso egokia da eta parte hartzea asko ahalbideratzen du. Horrek ere nola ez, ikastaroko ikasleen artean gehiago ezagutzea ekartzen du.
7) Gomendagarriak dira?
Dudarik gabe! Ikastaro laburrak dira, dibertigariak eta asko ikasten da.
8) Arloren batean sartuko zenituzke berrikuntza gehiago?
Egia esan nire ikasketen ikuspuntutik esanda ez dago ia ikastarorik, nik zientzia politikoak ikasten ditut eta horren inguruan ez dago saiorik.
Aurtengo udako ikastaroetan baditugu politika alorreko bi gai; “Euzkadi euzkotarron aberria da? Euskal identitatearen hausnarketa XXI.mendearen hasieran” eta “Laugarren mundua. Herri indigenen kanpo-ekintza nazioarteko aldaketa-eragile”. Ea guztion atseginekoak diren!