Igor Ruiz: “Software librea ez da doakoa beti”

Software librearen zabalkundea, egun ukatu ezin daitekeen faktu bat da. Dirudienez gizartea sistema hauen alde egiten ari da, eta ez dira gutxi sistema honen alde egin duten erakundeak ere. Igor Ruiz Ingeniari informatikoa da, eta Deustuko Unibertsitateko ikerlaria. Horretaz gain, “Software Librea erabiltzen hasi nahi dut” ikastaroko irakaslea da UEUn, eta berarekin egon gara zenbait kontzeptu argitzen.

Ikastaroa oinarri teoriko eta historiko batekin hasi zen, pixka bat gaian kokatuz, eta segidan software librearen aukera ezberdinak aztertzera pasa ziren. Ikasleak horrela elementu ezberdinak ezagutzen joan ziren, eta bigarren egunean, guztiek ekarri zuten ordenagailua etxetik, software libreak eskaintzen dituen zenbait programa instalatu eta probatzeko.

Software Librearen ezaugarri nagusia da librea dela, noski, eta lau puntutan oinarritzen da libre izate hori. “Lehenengo, programa exekutatu ahal dugu; Bigarren programak nola funtzionatzen duen ikusteko eta moldatzeko libre gara; Hirugarren, lankide, senide edo auzokoekin konpartitzeko ere libre gara eta azkenik, eta ez horregatik garrantzia gutxiagorekin, egiten ditugun aldaketa eta hobekuntzak ere banatzea libre da ere”. Zalantzarik ez da dagoeneko, software libreak badituela abantaila mordoa, eta baliagarria dela egoera askotarako. Igor Ruiz-ek esan digunez, software librea bakoitzaren beharretara moldatu daiteke, bai etxean, bai eskolan, bai lanean eta abar. Etorkizunari buruz galdetzean: ”Erabiltzaileen gehiengoan eta batez ere enpresa txiki eta administrazioan, bultzada handia izan dezakete, hala ere pribatiboa beti egongo da, enpresa batzuk behar oso zehatzak dituztelako”. Askotan gertatzen omen zaio jendeak esaten duela ”hara! hau software librea da? Orain arte erabiltzen nuen eta ez nekien”. Honen adibide dira Mozilla Firefox eta VLC  bezalako aplikazioak.

Jendeak pentsatzen duenaren kontra, software libreak ez da doakoa beti. Irakaslearen esanetan: “Dirua egin daiteke honekin, enpresa asko daude horretan, ez dira super aberatsak, baina jende asko bizi da horretaz nahiko ondo, bai Euskal Herri mailan baita Europan ere”.  Enpresa hauen diru iturriak beste batzuek izan ditzaketen behar berezietara egokitzen diren aplikazioak moldatuz etor litezke, edo formakuntza ematen, edo kudeaketa zerbitzu bat eskainiz, instalazio, pertsonalizazio eta abar eginez. Libreak esan nahi du, beraz, arestian aipaturiko lau puntu horietan oinarritzen dela, hau da,  beharren arabera moldatzeko aukera ematen duela, ez doakoa dela. Erakundeen inplikazioagatik galdetu diogunean denetarik dagoela erantzun du Igor Ruizek.”Informatika eta teknologia berriek asko saltzen dute eta badira egitasmo batzuk administrazioaren aldetik ere. Euskal Autonomia Erkidegoan badaude Software Librea lantzen duten  50 bat enpresa, gehienak txikiak dira, baina mundu mailan badira honen inguruko enpresa handiak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude