“Heziketa ofiziala eta heziketa artistikoaren arteko desberdintasuna handia da”

“Arte laborategia: deskubritu/esperimentatu zure adierazpen plastikoa” izeneko ikastaro praktikoa ematen ari dira Izaskun Alvarez Arte Ederretan lizentziaduna eta Ula Iruretagoiena EHUko arkitektura irakaslea UEUko ikastaroen baitan. Beraiekin hitz egiteko aukera izan dugu Iruñeako hizkuntza eskolan.

Zer lantzen da gutxi gora behera ikastaroan?
U.I.- Izena artea eta laborategia da, orduan alde batetik saiatzen gara artearen ulermenerako irizpideak ematen. Ez dugu artea definitzen, baizik eta artea ulertzeko modu desberdinak azaltzen, ikasle bakoitzak bere kriterioa eraiki dezan, aurkezten zaion  gauza horren aurrean bera koka dadin. Oso talde heterogeneoa da, eta askotan filmina bat jarri eta guztion artean eztabaidatzen ditugu gauzak, bakoitzak bere zalantzak, kontzeptuak gehitzen ditu. Laborategiari dagokionez, guk ulertzen dugu artea adierazteko bide bat dela, lengoaia bat, eta ikasleak ikasi behar du, zenbait ariketen bitartez, adierazten. Laborategi bat da, probatzen  ikasten delako, eta esperimentatu egiten delako. Ez gaude ohituak materialarekin gauzak adierazten, hezkuntza gabezia bat dagoelako. Bakoitzak bere bidea aurkitzea da helburua, bai kriterio aldetik eta baita adierazpidetik ere.

Guztiok sor dezakegu artea?
U.I.- Sentsibilitate bat behar da, baina, guztiok idatzi dezakegu? Bai. Guztiok adieraz dezakegu plastikoki? Dudarik gabe, baina landu egin behar da. Barnean badago, atera egin behar da. Gero konturatuko gara agian ez dela gure espresio bidea, baina sentsibilitate hori ikasi, praktikan jarri eta landu egin behar da. Adierazteko, komunikatzeko bide bat  bezala ulertu behar da artea

“Hori da hori koadro itsusia” entzun dugu museoan, zer esango zenioke?
U.I.- Hori da ikusten dugunean bakarrik zentratzen garelako. Orokorrean, gizartean, oso ohituak gaude azalekoarekin bakarrik geratzen. Artea ez da hori bakarrik, arteak badauka prozesu bat, gogoeta handi bat, ez da bakarrik piezagatik ulertzen, testuinguru osoan ulertu behar da, hausnartuarazi behar dizu. Ez da bakarrik plazer estetikoa, baina artea ulertzeko erramintarik ez dugunez, hor bakarrik geratzen gara. Ez dakigu konposaketaz ezer, kolorearen erabileraz, perspektibaz… Hor daude gai asko teknikoak eta bestalde, aldarrikapen bat. Gauza asko daude koadro baten atzean, ezin gara soilik emaitzarekin gelditu.

“Hori nik ere egin nezake” Alde handia dago artea eta gizartearen artean?
U.I.- Bai, heziketarekin hasten da. Gauza matematikoak ulertzen ditugu, arrazionalki pentsatu… Arteak baditu subjektibitatea eta gai emozionalak, eta horiek hezkuntzaren aldetik ez dira gehiegi lantzen. Heziketari horregatik eman diogu garrantzia ikastaro honetan, hortik abiatu behar da. Heziketa ofiziala eta heziketa artistikoaren arteko desberdintasuna handia da.

Arteaz bizi daiteke?

I.A.- Oso zaila da. Oso jende gutxi bizi da honetaz, kontatuak dira. Zergatik?  Merkatua berez zaila delako, konplexua, askotan post mortem izaten da. Azkenean posible da gauzak saltzea, baina oso zaila da, gauza elitista izan daiteke momentu batean.

Zein da Euskal Herriko artearen egoera?

I.A.- Lana erakusteko leku gutxi daude, hori aldarrikatzen dugu. Guggenheim-ek adibidez bere artistak ditu, bere merkatua… Hala ere, Euskal Herri mailan estatuan baino kontzientzia gehiago egon liteke, baina merkatua merkatua da, eta ez bada saltzen, ez dago ezer. Donostian ez dago ezer, Bilbon zertxobait gehiago, baina orokorrean sektorea gaizki dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude