Eli Moreno:


Hezkuntzan emozioak bigarren maila batera baztertu izan dira betidanik. Ez dira haurrak emozionalki hezten, are gehiago, emozioak ezkutatzen irakasten zaie, zerbait kaltegarria balitz bezala. Emozioak lantzea, ordea, norbere burua, eta ondorioz, besteak ulertzeko bidea da, eta horrexegatik da hain garrantzitsua haurrak horretan trebatzea. Horixe landu dute, Eli Moreno psikologoarekin UEUko udako ikastaroen baitan antolatutako ‘Heziketa emozionala: berdinen arteko harremanak hobetuz’ ikastaroan.

Emozioak landu egin behar dira, ezagutu eta kontrolatu. Gure gizartea ez dago emozioak lantzera ohituta, izan ere, emozioak ezkutatzen irakatsi baitigute. Emozioak ezkutatzeak indartsuago bilakatuko bagintu bezala. Eli Moreno psikologoak, ordea, guztiz kontrakoa gertatzen dela dio, indartzen gaituena gure emozioak ezagutzea dela.

Horixe da heziketa emozionalaren funtsa, adimen emozionala lantzea. Eta adimen emozionalaren baitan, emozioez gain, beste hainbat osagai ere lantzen dira. Trebezia sozialek ere lotura estua dute adimen emozionalarekin. Komunikatzeko gaitasuna, enpatia sortzekoa edota gatazkak ebazteko gaitasuna ere landu daitezke, eta gizartean integratzeko bidea errazten dute.

Egun, hezkuntza dekretuak heziketa emozionala lantzearen inguruko argibideak biltzen baditu ere, errealitatean urrun gaude helburuetatik. Morenoren aburuz, lehentasun kontua da: “Maila akademiko ona lortzeari lehentasuna ematen zaio, eta materia asko dagoenez, ez dago denborarik emozioak lantzeko”.

Era berean, hezitzaileak kasu askotan horretarako prestatuta ez daudela uste du. “Kasu askotan aholkularitza bat edo talde eragile bat beharko litzateke, emozioak lantzeko bidean hezitzaileak gidatzeko”. Izan ere, emozioen lanketan trebatuta ez dauden irakasleak nekez irakatsi ahalko diete ikasleei emozioak lantzen.

Emozioak ulertuz
Emozioak ezkutatu beharreko zerbait direla irakatsi izan zaie haurrei urteetan zehar. Baina gure emozioak ulertzea gure burua ulertzeko bidea dela argitu digu Morenok. Eta gure burua ulertzetik helduko garela gainontzekoak ulertzera, eta ondorioz, onartzera. Funtsean, heziketa emozionalak gizabanakoen arteko harremanak hobetzera garamatza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude