Hutsune akademiko bati erantzuna eman asmoz aritu dira egunotan UEUko Udako Ikastaroen baitan antolatu duten ‘Modernitatearen auziaz: aro modernoaren proiektu filosofikoen giltzarriaz’. Unibertsitatean apenas jorratzen den Modernitatearen gaiari eutsi nahi izan diote, Andoni Olariagak eta Jon Jimenezek gidatu duten ikastaroan, aro hartan, egungo arazoen sustraia topatu dezakegulako.
Postmodernotzat jotzen da egungo aroa baina Olariaga eta Jimenez ez daude baieztapen horrekin ados. Modernitatea gainditu ordez, atzerapausoak eman direla diote, eta beraz, Erdi Aroan bizi garela esan daitekeela adierazi dute.
Modernitatearen oinarrietako bat da Estatuak gizarte soziala arautzen badu ere, ez duela kontzientzia arautzen. Kontzientzia arautu nahia elizaren ezaugarria da eta modernitateak horrekin apurtu zuela esan ohi da. Modernitateak gizabanakoari esateko edo ez esateko, pentsatzeko edo ez pentsatzeko askatasuna eman zion. Baina, askatasun hori ez da bete. Kondena politikoa jarri du adibidetzat. Estatu espainolak kondena politikoa exijitzen du, eta egite hori ez da kontzientzian esku hartzea baizik, Olariagaren hitzetan.
Filosofia gatazken aurrean
Filosofiak egungo arazoei argia ematen lagundu dezakeela defendatzen du. Izan ere, filosofiak oinarriak arakatzera garamatza, oinarriak berak zalantzan jartzera. Eta hausnarketa horretatik irtenbideak etor daitezkeela sinetsita daude. “Hainbat premisa agerikotzat jotzen dira, hor daude eta horiei buruz ez pentsatzera bideratzen gaituzte”, dio Olariagak. “Demokrazia sistemarik hoberena da”. Premisa hori zabalduta dago gizartean, onartuta dago demokrazia sistemarik hoberena dela, eta ez da ideia hori zalantzan jartzen. Filosofiak, ordea, galerak egitera garamatza. Zergatik da demokrazia sistemarik hoberena?
Horrexegatik, filosofia gizartera zabaldu beharraren beharraz mintzatu dira. Izan ere, filosofo askok beste filosofoentzat hitz egiten dute, gizartetik urruntzen dira. Olariagak dio, errealitatean dagoena onartu eta errealitatean dagoenaz hitz egin beharko lukeela filosofiak definizioz. Gizartera enfokaturik beharko luke egon, eta gauza konkretuak aztertu.
Zehaztapena ere unibertsitatearen beste gabezietako bat da bi filosofo gazte horien aburuz. Autore bakoitzaren etika orokorra ikasi ordez, dilema moral zehatzak nahi dituzte eta horiei erantzuten saiatu. “Pertsona bat torturatuz, pertsona horrek 100 gizabanako hiltzea ekiditea lortuko bagenu, torturatzea zilegi litzateke?”, planteatu du Olariagak. Eta interesgarriena, hain zuzen ere, autore bakoitzak halako premisen aurrean izango lukeen jarrera ezagutzea da.
Esparru akademikoaren hutsune horiei erantzuna ematen saiatu dira, beraz, egunotan eta, besteak beste, Agustin Arrieta, Xabier Insausti, Markos Zapian, Imanol Galfarsoro eta Joseba Gabilondo izan dituzte bidelagun. Eta bide batez, jatorria modernitatean duten arazoen muinera jo ahal izan dute, eta baita horien inguruan eztabaida piztu ere.