PERL lengoaiaren erabilpen baliagarriak


UEUko udako ikastaroen barruan mota askotariko mintegiak izaten dira, eta horietako bat da “Testu analisirako PERL erremintak” tailerra. Ikastaro hau Koldo Gojenola, Kepa Sarasola eta Aitzol Astigarragaren laguntzaz eskeiniko dute gaurtik aurrera Iruñean izango diren udako ikastaroetan.

-Lehenik eta behin, azaldu pixka bat zertan datzan PERL.
Perl akronimoaren esanahia “Practical extraction and report language” da, hau da, perl lengoaia garatu zenean asmo nagusia lengoaia sinple eta ahaltsua lortzea zen, informazioa testuetatik lortzeko extraction eta moldatzeko report. Helburu horietatik asko bete ditu lengoaiak, arrakastatsua eta erabilgarria baita arlo askotan, testuen prozesaketan eta baita ere sistemen programazioan. Dena dela, lengoaiaren egileen beste definizio ezaguna ere badugu, Pathologically Eclectic Rubbish Lister. Honek esan nahi du “Patologikoki eklektikoa den zabor biltzailea”, zehaztasunaren auzia dela medio.

-Zertarako da baliagarria?
Lengoaia hau egokia da modu errazean testuak prozesatzeko programa ahaltsuak egiteko. Horregatik oso erabilia da testuzko bolumen handiak kudeatzen diren aplikazioetan: hizkuntzaren prozesaketan edo sistema informatikoen,  fitxategiak etabar, kudeaketan.

-Zer eskainiko duzue ikastaroan?
Ikastaro honetan lengoaia honetan programatzeko oinarrizko urratsak azalduko ditugu. Programazio-lengoaia bat guztiz menderatzea denbora luzeko helburua da, baina ikastaroaren helburu nagusia jendeak oinarrizko aplikazio txikiak erabiltzea eta beraien behar berezietara egokitzen jakitea da. Hortik aurrera norberaren lana izango da hastapen horietatik sakontzea eta teknikak zabaltzea.

-PERL programazio lengoaia erabiltzeko adibiderik jarri dezakezu? Egunerokoan erabili dezakegun zerbait, aplikazio interesgarriak….
Ikastaroan bertan landuko diren ariketen bidez sustatu nahi dugu jendearengan lengoaia honen erabilerak. Programa sinpleen bidez, lortu ahal izango ditugu, adibidez, gaurko egunkarian, webaren bidez, zeintzuk diren gehien aipatu diren hitzak; enpresa edo politikarien izenak, adibidez, hau da, pil-pilean dauden gaiak, edo izen bati buruzko gaurko berriak positiboak edo negatiboak diren. Hizkuntzalari baten ikuspuntutik, hitz batekin batera ,izen edo aditz jakin bat, adibidez, erabiltzen diren inguruko hitzak azter daitezke

-Nola ikusten duzu honen etorkizuna? Aldaketarik etorriko da HTML5, software librearen gorakada eta abarrekin?
Etorkizuna asmatzea badakigu oso gai zaila dela, eta adibide askotatik dakigu ez dugula gehienetan asmatzen. Nire ustez, software librearen mugimenduan, eta mundutxo honetan PERL lengoaia ere bere ekarpentxoa egiten ari da, jendearen lana eta elkarrekintza behar da, alde batetik software honen erabileran, eta bestetik, jende askoren aportazio txikien bidez mugimendu eta tresna ahaltsuak eginez. Hortik lortuko den indarrak eman diezaioke oreka  software konpainia erraldoien bidetik datorkigun munduari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude