Parekidetasuna helburu


‘Hezkidetza: XXI. mendeko erronka’ ikastaroari hasiera eman dio Clara Perezek, gizon eta emakumezkoen berdintasun alorrean adituak. Aurreko mendeko gertakaririk garrantzitsuena, irakaslearen ustez, biztanleriaren erdia pertsona bezala onartua izan zela da. Horrexegatik, orain, XXI. mendean hezkidetzaren gaiari heltzeko prest gaudela uste du.

Sexismoa belaunaldiz-belaunaldi transmititzen dugun zerbait dela argitu du Clara Perezek hezkidetzaren inguruko ikastaroan. “Denok izan gara mutiko edo neskato, eta denok barneratu ditugu jarrera sexistak”. Izan ere, oso zail zaigu sexismotik aldentzea Perezen hitzetan; “sexismoa gure nortasunean markatuta dago”.

Parekidetasuna aldarrikatu du, ez berdintasuna. Berdinak izatea ezinezkoa dela baitio, bakoitza besteengandik ezberdina delako. Baina parean egoteko eta kide izateko maila berean egon behar dugula uste du Perezek eta horixe da, hain zuzen ere, gizartearen XXI. mendeko erronka; guztiak maila berean egotea, izan gizonezko ala izan emakumezko.

Gorputzaren kontzientzia
“Sexismoaren mekanismo nagusienetakoa gorputza bera epaitzea da”, azaldu du. Etengabe epaitzen baitugu gure burua, eta etengabe konparatzen baitugu.

Bakoitzak bere buruaren deskribapena egiteko eskatuz, emakumezko gehienak estetikoki deskribatzen dute, eta gizonezkoek aldiz, deskribapen funtzionala egiten dute. Alegia, indarrarekin edo potentziarekin lotzen dute euren deskribapena.

Emakumezkoak etengabe ideal batekin konparatzen du bere burua, errealista ez den konparaketa eginez. Izan ere, Perezek argitu duenez inoiz ez dira gainontzekoentzat nahikoa polit. Gizonezkoak ere geroz eta gehiago gerturatu “behar” dute ideal batetara; sinboloei lotuta dago euren potentzialtasuna, euren “gizontasuna”; zakilaren tamaina, edo gihartsu egon “beharra” horren adibide bi dira.

“Gorputzaren errepresioaren bitartez sexismoa erreproduzitzen dugu”, argitu du Perezek. Gizarteak arlo horretan hobetu ordez, okerrera egin duela dio. Eredu estetikoak beti existitu badira ere, egun bonbardaketa da jasaten duguna. Horrexegatik gorputzaren kontzientzia hartu beharraz mintzatu zaie ikasleei. “Gure gorputza gara, eta tokatu zaiguna da gorputzik onena”, adierazi du. Baina guzti horren zailtasunaz ere aritu da.

Gure buruarekin dugun harremanak gainontzekoekin harremanak izaterako orduan eragina duela argitu du. Ekuazio matematikoa ez bada ere, pertsona batek bere buruari tratu txarra ematen badio errazagoa izango da gainontzekoen partetik ere tratu txarrak jasotzea. Horrexegatik azpimarratu du norberak bere buruari tratu ona ematearen garrantzia.

Gaur eta bihar jardungo dute UEUko Udako Ikastaroen baitan hezkidetzaren gaia lantzen. Haurren heziketan parekotasunezko harremanak lantzearen beharra aztertuko dute, eta baita hori nola landu daitekeen ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude