UEUko udako ikastaldiaren baitan, “Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorra, xantaia eta mehatxurik gabeko harremanak” ikastaroaren azken eguna dute Eibarren. Nerea Mendizabal psikopedagogak dantzan jarri ditu ikasleak, musika pixka bat eta hankak mugitzen. Gorputza esnatzeko metodoa da hau, baten bat aho-zabalka ari baita oraindik orain.
Dantza saioa amaitu eta azalpenei hasiera eman die. Entzumenaren ingurukoa da gaurko saioa, gauzak nola esaten diren garrantzitsua bada, gauzak nola entzun ez baita gutxiagorako. Konfiantza kontzeptua azaldu du lehenik irakasleak. Guztiok omen dugu gatazka edo arazoetatik ateratzeko irtenbidea bilatzeko gaitasuna. Hasia da eztabaida; batek dio frogaturik dagoela guztiok ezin dugula gure kabuz zenbait gatazketatik atera, eta beste batzuk baietz. Minutu luze jo ondoren, guztiek adostu dute gaitasunak baditugula, beste gauza bat da hauek erabiltzeko gai garen ala ez. Ulertzerakoan ere, bakoitzak bere onena ematen omen du momentu oro. Irakasleak orduan beste zalantza bat planteatu du: nola entzun gustatzen ez zaiguna. Eta irtenbide batzuk aurkeztu ditu segidan. Hasteko gauzak norberaren buruaren aurkako eraso bezala ez hartzea da. Horrela hartuz gero, dena nahaspilatu daitekeelako. Beharrezkoa da besteak esaten duenaren atzean zer dagoen jakiten saiatzea, zer ezkutatzen duen hitz egiten duen bitartean. Ezezko bat entzuten dugunean, baiezko bihurtzea gomendatu du Nerea Mendizabalek eta hau gehitu du “gure lana entzule baino itzultzaile lana da”.
Entzutea belarria jartzea baino gehiago da, eta Nerea Mendizabalek klasean azaldu duenez, entzutean prest egon behar dugu jakiteko hitz egiten ari denak bere barruan zer duen. Alegia, lehen esan bezala, hitzez adierazten denak, batzuetan badu atzean sentimendu edo egoera zehatz bat, eta hori deskubritzen saiatu behar du entzuleak. Hala ere, psikopedagogak azaldu digunez, batzuetan ez gaude prest bestea ulertzeko, beraz momentu egokia bilatzea ere garrantzia handikoa da. Sarritan gertatzen omen da ustez badakigula besteari zer gertatzen zaion, baina asmatzea ez ei da erraza. Hala ere, diagnosia egin eta asmatzea baino, jarraipen eta babes hori eskaintzea garrantzitsuagoa da. Bestalde, Nerea Mendizabalen hitzetan “Ulermena ematea ez da bestearekin ados egotea”, hau da, beste pertsonari entzun eta ulertzeak ez du esan nahi zure ideia edo sentimenduak alde batera utzi behar dituzunik. Elkar ulertzea oso garrantzitsua da, eta behin konexio hori lortuta, handik sortzen omen dira gatazkak konpontzeko ideia kreatiboak.