Nerea Mendizabal psikopedagogo, gizarte hezitzaile, haur masajeko hezitzaile eta komunikazioan aditua, “Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak” ikastaroa ematen ari da UEUn. Gaur egun gizartean pil-pilean dagoen eztabaida dugu hau, zalantzarik gabe, eta ez dugu berarekin hitz egiteko parada galdu.
Zer lantzen da ikastaroan?
Beno, lantzen den gauzarik garrantzitsuena komunikazioa da, batez ere haurrekin dauzkagun harremanetan zigorrak, xantaiak eta mehatxuak oso ohikoak dira, eta horrek ze eragin duen, zergatik erabiltzen ditugun aztertzen dugu. Harremanean zauriak eragin ditzake, eta askotan lortu nahi dugun hori lortzeko ez da bide egokia. Komunikazio mota honekin beste alternatiba bat aurkezten dugu, nola erakutsi haurrari zer den egokia eta zer ez.
Nola esan diezaiokegu ezetz ume bati? Edo nola zigortu?
Zer egin dezakeen esanez. Hau da, esan nahi baldin badiot hori ez botatzeko, beste hau bota dezakeela esan diezaioket. Finean, esanaz ezezko horrek niregan zer eragin daukan, adibidez; hori egiten baduzu gaizki sentitzen naiz, urduri jartzen naiz, niretzat garrantzitsua da hori ondo zaintzea… umeari ulertuarazi. Gainera bere lekuan jartzen ikasi behar dugu, enpatia landu, eta aldi berean, umeari zure lekuan jarrarazi. Horren ostean ikusi behar da zer egin daitekeen hori konpontzeko. Ikastaroan hori lantzen dugu, nola adierazi guri zer gertatzen zaigun. Zigorra baino askoz zuzenagoa da bere jokaera horren ondorioak biziaraztea. Adibidez, laranja jan eta azalak sofatik botata utzi baditu, telebista gabe zigortzen baduzu ez du jokabidea eta zigorraren arteko lotura ikusiko. Aldiz, sofa garbitzera behartzen baduzu, agian ulertuko du berriro ez dituela azalak utzi behar.
Zigorra, xantaia eta mehatxua oso zabalduta daude gure gizartean? Edo gero eta gutxiago ikusten dira horrelakoak?
Oso zabalduta dago, alde batetik guk hori jaso dugulako familiatik, eskolatik, gizartetik…Batzuk hori ekiditen saiatzen bagara ere, ez ditugu eredu asko, orduan zaila zaigu. Oraindik asko entzuten dira mehatxuak, ez lehen bezalako eskandalua sortuz, besteek zer pentsatuko ote dutenaren beldur gara eta.
Zaplaztekoa bai ala ez?
Zaplaztekoa ez, legeak debekatzen du gainera. Afektuzko harreman batean ez du lekurik. Eredugarriak izan behar dugu. Zaplazteko edo ipurdikoak gainposizio batean jartzen gaitu, gu indartsuago edo boteretsuago sentiaraziz. Haurrak hori ikasten du, eta jokabidea kopiatu dezake indartsuago sentitzen den momentuetan. Koherentzia ere beharrezkoa da; Ez da jotzen! diogun bitartean ipurdikoa ematea nahikoa kontrajarria da.