“Iraunkortasunerako euskal transizioaz: herri-ekimenaren desafioak” UEUk antolatu duen jardunaldiaren barruan, Transition Town paradigmaren oinarri teoriko eta praktikoak azaldu dizkigute Joseba Azkarraga eta Larraitz Altuna HUHEZI-ko irakasle eta Lanki-ko ikertzaileek.
Transition Town kontzeptua duela hiruzpalau urte sortu zen Rob Hopkins permakultura irakaslearen eskutik. Mugimendu honen helburua Peak Oil delakoaren eta aldaketa klimatikoaren erronkari erantzuna ematea da, permakulturaren bidetik. Horretarako prozesu batzuk diseinatuko dituzte, energia kontsumoa gutxitu eta autogestiorako planak sortu eta aurrera eramateko helburuarekin. Argiago esanda, ikerketek diote petrolioa lortzeko ditugun erraztasunak laster amaituko direla, eta beraz, energia sortzeko gaitasuna ere beherantz joango dela. Energiaren gainbehera horri modu drastiko batean aurre egin beharrean, Transtition Town hauek prozesu batzuk martxan jartzea dute helburu, energia kontsumoa ahal den neurrian jaisteko. Azkarragak azaldu duenez, prozesu horren nondik norakoak tokian tokikoak izango dira, parte hartzaileek proposatutako ideiekin, irudimena eta ezagutza erabiliz.
Mugimendu honek dio orain arteko protesta bideek ez dutela askorako balio izan, eta horregatik bide berri hau proposatzen dute. Ikuspegi holistikoa eta propositiboa da, praktikoa eta baikorra. Azkarragak gogorarazi digu Transition Town-ekoek badutela lema bat, “Gobernuen zain geratzen bagara beranduegi izango da, gutxiegi. Bakarka lan egiten badugu gutxiegi izango da. Baina komunitate bezala lan egiten badugu, nahikoa izango da, garaiz”. Egitasmo ezberdinak dituzte horretarako: arazoaren kontzientzia hartu, lantaldeak osatu, komunitateak antolatu, sarean lan egin, ahazturiko lanak berreskuratu, gobernuekiko zubiak eraiki eta euren artean babestu adibidez. Erresilientzia bezalako kontzeptua ere berentzat oso garrantzitsua da, egoera zailetatik irten eta zerbait positiboa atera baitaiteke, eta hori ahaztua omen dugu. Joseba azkarragak argitu duenez, mugimendu honen jarraitzaileek kuba jartzen dute adibide bezala. Herrialde karibearrak izugarrizko energia krisiari aurre egin behar izan zion nazioarteko blokeoaren ondorioz egun batetik bestera, eta aurrera ateratzeko gai izan ziren. Energia kontsumoa jaitsi zuten, komunitateak sortu zituzten, eta bide batez herri ekimenak garatu. Habanan bertan baratzak ipiniz, adibidez.
Joseba Azkarragak esan duenez, “argi dago etorkizunak errealitate ezberdinak ekarriko dituela”, eta horri nola aurre egin da egon daitekeen zalantza. Badira ikuspegi katastrofistak, Mad Max edo The Road filmetan aurkezten direnak bezala. Badira ikuspegi tekno-fantasistak, non uste den teknologiak dena konponduko duela. Badira beste ikuspegi batzuk teknologia berdearen orekan sinisten dutenak, hau da, energiaren eta teknologien kontsumo orekatuago bat etorriko dela uste dutenak. Eta badira azkenik Permakulturan sinisten dutenak, hau da, beherakada kreatiboan esperantza jarria dutenak, Transition Town bezalako ideietan oinarriturik.
Ekimen berria izanik ere, Transition Town-ek nazioarteko maila hartu du denbora gutxian, Transition Network delakoa sortu da, ekimen edo prozesu guztiak bateratze aldera, eta honen ostean Transition Training & Consulting sortu zen, aholkularitza zerbitzua eskainiz. Larraitz Altunak adierazi digunez, mundu osoan badira dagoeneko 300 bat prozesu ekimen honi atxikirik, eta Joseba Azkarragaren ustez, Euskal Herrian funtzionatu ahal dezake, baldintza positibo asko baitaude hori gertatzeko.