“Iraunkortasunerako euskal-trantsizioaz; herri-ekimenaren desafioak” izeneko mintegiari hasiera eman dio Iñaki Antigüedad EHUko hidrogeologia irakasleak. “Euskal Iraunkortasuna: XXI. mendeko erronka” izeneko gaia landu du UEUko udako ikastaroetan.
Iraunkortasuna eta trantsizioa bezalako hitzak oso ohikoak dira egun gure artean, baina Iñaki Antiguedaden ustez trantsizioa da iraunkortasuna baino garrantzitsuago, hitz honek egunero aldaketa emateko zer egin planteatzen baitu. Hidrogeologoaren hitzetan “Garatu ez da hazi”, hau da, garapen kontzeptuak ez du hazkundearekin zerikusia izan beharrik, ez eta ongizatearekin ere. Garapen eramangarri, jasangarri eta horrelako hitzak askotan dira gure inguruan, baina EHUko irakaslearen ustez “oraina iraunezina da”, alegia, ezin du horrela jarraitu. “Krisi garaia da, ekologikoa, ekonomikoa eta demokratikoa, dena lotuta dago. Eta arazoa ez da nola atera, baizik eta atera nora sartzeko”. Antiguedad berak Einsteinen hitzak erabili ditu, eta adierazi du, ezin dela arazo bat konpondu arazoa sortu duen pentsaera beretik eta, beraz, aldaketa bat behar dela.
Iñaki Antiguedadek oso argi ditu hainbat kontzeptu. “Badira seinaleak muga jo dugula diotenak” adierazi du, eta horren ostean atzerapauso bat, eraldaketa bat beharrezkoa dela esan du. “Sistema sozioekonomikoa, ezagutzen dugun bezala ez da kudeagarria, eta ondorioz aldatu egin behar da. Mundu finitu batean ezin da hazten jarraitu eragin ekologikoa gutxituta ere”. Zenbait adituren hitzetan, iraunkortasuna sistema baten ingurura moldatzeko gaitasuna da. EHUko irakaslearen ustez, horretarako “mugak onartzea nahikoa da”, baina galdera bat planteatu du: “Zerk zer mugatu? Ingurumenak eredua ala ereduak ingurumena?”. Antiguedadek azaldu du hiru euskarri nagusi daudela honen guztiaren inguruan, ekonomia, ingurumena eta gizartea, eta hauen arteko harremana dela funtsa. Ahulgunea ekonomia da, honek markatzen baitu maiz norabidea. Bertsolarien antzekotasuna erabiliz, atzekoz aurrera ekin, lehenik epe luzeko helburua finkatu, eta gero pixkanaka bidea egin, tarteko trantsizioak markatuz.
Trantsiziorako bide orria ere beharrezkoa dela azpimarratu du Hidrogeologiako irakasleak, eta horretarako kontuan hartu behar direla elikagaiak, energia, ekonomia, landa-hiria, demokrazia, garraioa, kontsumoa eta abar bezalako kontzeptuak. Desazkundea kontzeptua aipatu du, baina hazkundearekin hausteko beharra bezala azaldu du, eredua aldatzeko beharra. Horretarako kritika eta debatea sustatu, arrazoiak sozializatu, protestak bideratu, proposamenak landu… egin behar dira. Gainera inplikazio sozial zabala bilatu behar omen da, erabaki prozesuaren arrakasta segurtatzeko, erreferentziak sortu eta zabaldu, trantsizioa prestatu azken finean. Eta esaldi borobil batekin amaitu du bere jarduna “Eraldaketarako behar dugun denbora baino garrantzitsuagoa da denbora hori zertan ematen dugun”.