‘Euskal punk eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik harago’ ikastaroaren baitan, gaur, Iñaki Barcena soziologoak, Ibai Atutxa literatur adituak eta Josu Zabala musikariak, eztanda haren lekuko eta protagonista gisa punk mugimenduak gizartea nola eraldatu zuen aztertu dute mahai inguru batean. Josu Zabalak garai haiek nostalgiaz begiratu behar ez direla azaldu digu, ordukoaz ikasi eta ikasgai horiek egungo arazoak ebazteko erabili beharko liratekeela.
Jendearen beharrak askatzeko bide izan zen punka 80ko hamarkadan. Errealitate beltzari aurre egiteko modua, askapena. Langabezia tasa itzela zuten orduko gazteek. Euren aldarrikapenek ere ez zuten erantzunik jasotzen, soldaduska egitera beharturik zeuden eta gurasoek diseinatutako etorkizunarekin ez ziren ados. Egoera hartan agertu zen nazioarteko moda hura, gabezia horietan bide egin zuena. Itxuraz azalekoa edo txoroa zirudiena, Zabalak azaldu bezala. Baina, egiaz, hainbat sektoretako jendea bildu zuena eta moda hartatik kultur mugimendu itzela sortzeko balio izan zuena. Hala definitu du musikariak Euskal Herriko punk fenomenoa.
Punka ‘anti’ mugimendua dela esan izan da askotan. Guztiaren aurkako jarrera zuelako ardatz. Euskal Herrian, ordea, konprometituagoa izan zela azaldu ohi dute. Zabalaren iritziz, gizarteak berak beharra zuen garaian heldu zen punka, kasualitate kontua ere izan zen beraz, eztanda hura. Egoera soziala puri-purian zenean heldu baitzen moda filosofiko hura eta horrexek eragin zuen hemen gizarteak punka era berezian bizi izana. Baina ez du uste punka konprometituagoa zenik, gizartea baizik.
‘Euskal Herriko punk eztanda: jendetzaren autonomia aldarrikatuz, nazio eraikuntza arazotuz’ izena ipini diote gaurko hitzaldi sorta eta mahai inguruari. Izan ere, punk mugimenduak nazio eraikuntza arazotu izan zuela ere esan ohi dute. Josu Zabalak ordea, politikaren sektore batek punka bere egin nahi izan zuela dio. Punkaren helburua, ordea, ez da nazio eraikuntza, musikariak azaldu duen eran. Punkak helburu orokorragoak zituen, autoritatearen aurka egitea, elizaren aurka, instituzioen aurka egitea, baita militarizazioaren aurka ere. Beraz, ez du uste punkak nazio eraikuntza arazotu zuenik.
Begirada atzera botatzerakoan nostalgiaz oroitzen dituzte askok garai haiek, baina ez da hori Josu Zabalaren kasua. Gaur egun daukagunari begiratu behar diogula dio eta egungo arazoak egungo begiekin aztertu behar direla. Punk fenomenoaren protagonistetako bat izan zen Zabala. Gaupasen eta gamelu lanbidearen sortzaileak direla dio musikariak. “Horiexek, besteak beste, garai hartako gaztediak utzitako kultur ondarea”, dio ironiaz. Baina hori baino askoz gehiago izan zela ere azpimarratu du. Gazte ekintzaileak izan ziren, eta ekinetik hainbat helburu lortu zituzten, intsumisoen garaipena kasu.
Egungo gazteen arazoek ordukoekin zerikusi gutxi dutela aitortzen du, baina orduan gertatutakoetatik hainbat gauza ikasi daitekeela dio. Eta punka hilda badago ere, punk pentsamenduaren hainbat ideia bizirik daudela eta bizirik mantendu behar direla gehitu du.