Marina Pintos: “Yoga ez da erlijioa, bizitzeko modu bat baizik, eta gainera oso askea”


Bizkarreko minak arintzeko yoga gomendatu zioten Marina Pintos piano-joleari eta bizitzeko modu bat aurkitu zuen. Egunotan bizimodu horren onurak irakatsi dizkie ikasleei ‘yoga-teknikak ikasle eta irakasleentzat’ ikastaroaren baitan.

-Nola azalduko zenioke zer den yoga, ezertxo ere ez dakienari?
Yoga, gauza asko batzen dituen filosofia, edo zientzia da. Bertan gizakiaren osasuna lantzen da, baina maila guztietan. Ez bakarrik fisikoki, baita ere, arlo mentalean, emozionalean… Yoga hitzak batasuna esan nahi du eta azken helburua, zure izaki gorenarekin bat egitea litzateke. Hori lortzeko prozesuan gertatzen diren ondorioak baina, oso onuragarriak eta erabilgarriak dira, beraz, alde espirituala alde batera utzita ere izugarrizko onurak dakartza yogak.

– Eta yogarekin oso lotuta dauden Asanak, zer dira?
Asanak jarrera geldi-geldiak dira. Lehenengo zatia Asanara sartzea litzateke, hau da gorputza posizio batean jartzea. Eta bigarrena posizio horretan geldi-geldi egotea; eta bitartean arnasa sakon hartzea, gorputza sentitzea, gogorturik ditugun atalak arnasaren bidez lasaitzen saiatzea, beti ere gorputzaren mugak errespetatuz eta bortxatu gabe. Geldi geldian zauden momentu horretan eta giharra luze-luze dagoen une horretan, gorputzak ‘Acetilcolina’ izeneko substantzia bat isurtzen du eta sustantzia hori gihar lasaigarria da. Horrexegatik, Asana egin ostean lasaitasun sentsazioa izango dugu.

– Yogaren baitan korronte ezberdinak daude. Gurean zein hedatu da?
Denetarik heldu da. Nik oso yoga tradizionala eta oinarrizkoa lantzen dut, hatha yoga. Eta korronte honek gorputzeko energien oreka bilatzen du. Energia positiboa eta negatiboa daukagu eta horien desorekak gaitzak eragiten dituzte eta hori ekidiea litzateke xedea.

– Ikasle eta irakasleei zuzenduta dago bereziki ikastaro hau. Zer dela eta?
Gizarteak orokorrean behar du yoga, guztiok behar dugu lasaitzea, gure osasuna indartzea, gure kontzentrazioa hobetzea… Irakasleek, gaur egun, estres maila handia jasaten dute, euren lana egiteko izugarrizko oztopoak baitituzte. Haurren jarrera, motibazio falta, gurasoen aldetik ere ez dute laguntzarik jasotzen askotan… Orduan irakaslea ongi ez badago, ezin die haurrei ezer ongi transmititu. Horrexegatik nire helburua lehenik eta behin irakaslea ondo egotea litzateke, osasuntsu egotea, baina ez fisikoki bakarrik. Eta gero, haurrei ere erakustea litzateke helburua.

– Dena den gizarte osoak yoga behar duela uste duzu?
Egia esan bai. Gure gizartean egiten eta produzitzen besterik ez dakigu. Ez dakigu gelditzen eta azkenean biziaren zentzua galtzen dugula iruditzen zait. Egite horretan egunak joaten direla. Zientzia hau eta orokorrean ekialdetik datozen filosofiak oraina bizitzera bideratzen gaituzte. Horrexegatik disfrutatzeko modua ematen digu yogak. Gainera hainbat baliabide ematen dizkizu eguneroko bizitzan oso erabilgarri zaizkizunak . Bizitzako esperientzien aurrean erreakzionatzeko beste era bat eskaintzen dizu. Gauzak lasaitasun handiagoz hartzeko, eta hobeto ulertzeko modua eskaintzen dizu, finean.

– Nola hurbildu zinen zu yogara?
Ni piano-jolea izanik bizkarreko min ikaragarriak nituen eta norbaitek yoga egitea gomendatu zidan. Hortik aurrera beste mundu bat deskubritu nuen. Arnasa hartzen ikasi nuen, nire barnea lasaitzen ikasi nuen, oso urduria bainintzen, gorputza sentitzen ere ikasi nuen eta hori ezinbestekoa da piano-jole bezala. Kontzentrazioa ere asko hobetu nuen. Gauza asko aldatu zituen yogak nire bizitzan.

– Yoga, eta orokorrean ekialdeko korronteak gurean hedatu dira azken urteotan. Moda kontua dela uste duzu?
Nire ustez beharra da eta gainera gure gizartean kontzientzia aldatzen ari dela esango nuke, oso garai berezia bizitzen ari garela. Orain arte izan ditugun baliabideek, erlijioak adibidez, behar batzuk bete izan ditu eta horregatik, horiek alboratzeak sortu dituzten hutsuneek beste behar batzuk sortu dituzte, gizakiak beste zerbait eskatzen du. Horregatik datoz hainbesteko indarrarekin ekialdeko filosofia horiek. Aldatzen ari gara, beraz, ez nuke esango moda kontua denik, baizik eta gero eta indar handiagoa izango duela uste dut. Geroz eta onartuago dago gizartean. Lehen agian sekta itxura hartzen genien halakoei, edo beste erlijio batzuekin lotzen genuen. Baina yoga ez da erlijioa, bizitzeko modu bat baizik. Eta gainera oso askea da, ez daude dogma batzuk, zer egin eta zer ez egin markatzen dutenak, dena da oso askea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude