Eleder Aurtenetxe: “Sormena eta memorizazioa lantzeko oso erabilgarriak dira buru-mapak”


Erosketak egiterakoan ezer ez ahanzteko, bertsoetako errimak ikasteko edo klase bat prestatzeko; ideiekin lan egin behar dugun edozein alorretarako dira baliagarriak buru-mapak. Gaur UEUko udako ikastaroen baitan Eleder Aurtenetxeren eskutik ‘Buru-mapak: ideiak sortu eta antolatzeko teknikak’ ikastaroari ekin dioten ikasleek euren ideiak egituratzeko arauak eta horien zergatiak ezagutu ahal izango dituzte.

–    Nola antolatu duzu ikastaroa?
Ikastaroaren helburu nagusiak buru-mapak zer diren ezagutzea eta egiten ikastea lirateke. Buru-mapak egiteko dauden arauak azalduko ditugu eta batik bat horien zergatiak aztertuko ditugu. Buru-mapak, oso sinpleak eta oso konplexuak direla era berean. Sinpleak, ulertzeko oso errazak direlako eta ikuste hutsez identifikatu ditzakegulako. Baina beste alde batetik, konplikatua zaigu horiek egitea, batik bat gauzak irudien bitartez adierazteko ohiturarik ez dugulako. Ikastaroa oso praktikoa da, buru-mapen teknika ariketen bitartez ikasten baitugu.

–    Zertan datza buru-mapen teknika?

Buru-mapen oinarria ideiak egitura erradial baten bitartez antolatzea da. Erdigunean dugun hitz edo irudi baten inguruan sei ardatz inguru sortzea da ohikoena, seitik gora memorizatzeko arazoak ditugulako. Funtsean, pentsamenduari egitura ematea litzateke eta egitura hori beti irekia izango da, etengabe sartu ahal izango dugu ideia berri bat edozein mailatan.

–    Irudizkoak zein hitzezkoak izan daitezke buru-mapak?

Bai, berez hitzez zein irudiz osatu daiteke buru-mapa bat, baina burmuinarentzat irudia askoz ere lagungarriagoa da, gure pentsamendua ikusmenean oinarritzen baita.

–    Formula magikorik bada buru-mapak egiteko?
Formula magikorik ez baina jarraibide batzuk badira. Beti ere, jarraibide horiek askatasuna emango digutela ulertuz. Hasieran, batez ere, egitura aldetik arau batzuk jarraituz teknika garatzen ikasiko dugu, buru-mapak erraz egiteko eta horiek erraz interpretatzeko. Pentsamendu intelektualari lotuta dago buru-mapen teknika.

–    Zeintzuk dira arau edo jarraibide horiek?

Zuhaitz egitura erabiltzea eta erdigunean irudi koloretsu bat jartzea. Erdigunetik 5-6 adar nagusi aterako dira, eta horietatik azpiadarrak aterako dira. Adar nagusiak, azpiadarrak baino lodiagoak dira, enfasia eta garrantzia emateko. Adarrak lerro kurbatuak behar dute izan, ez angelu zorrotzak. Testua jartzen badugu berdin egingo dugu, garrantzizkoenari tamaina handiagoa emango diogu, garrantzia gutxiago duenari baino. Edozein kontzeptu adierazteko irudia erabiliko dugu. Hitzak erabiltzekotan gako-hitza bilatuko dugu. Espazioa era argian definitu, ideiak metatu gabe. Ideian arteko asoziazioak bilatu eta adierazi, kolore, gezi edo ikurren bidez. Horiek lirateke, arau nagusiak, baina badira gehiago ere. Noski, jendeak galdetu dezake zergatik egitura erradiala? Zergatik adar kurbatuak? Guzti horiek arrazoi batzuak dituzte. Adibidez, naturan agertzen diren egitura gehienak kurbatuak direnez gure garunarentzat atseginagoa da forma hori, eta beraz, modu errazagoan barneratuko dugu. Zuhaitzak, neuronak, gure gorputza erradialak dira eta egitura hori barneratuta dugunez gauza bera gertatzen da.

–    Zertarako dira baliagarriak buru-mapak?
Lehenago aipatu bezala sormena eta memorizazioan laguntzeko tresnak dira buru-mapak. Gainera prozesua bera gozagarria da. Bizitzaren edozein alorretan erabili ditzakegu. Erosketak egiteko ere, ohiko zerrendaren ordez, buru-mapa bat egin dezakegu. Irakaskuntzarako oso baliagarriak dira, bai irakasleentzat eta baita ikasleentzat ere. Testuak, ideiak erabiltzen ditugun edozein gauzetarako, funtsean.

–    Eskuz ala ordenagailuz egiten duzue lan?
Bi modutara. Sormenerako, ideia berriak egituratzeko, asoziazio berriak berehala kokatzeko eta marrazkiak errazago pentsatu eta adierazteko eskuz askoz ere indartsuagoa da lana, baina ordenagailuz lan egitea ere oso eraginkorra izan daiteke. Estekak egiteko aukera ematen digu eta informaziora jotzeko bide zuzena ahalbidetzen du. Era berean, edoizein unetan informazioa berrantolatzeko aukera ematen dizu. Ehunka programa daude buru mapak egiteko; guk ikastaroan software librea erabiltzen dugu, xmind izena duen programa erabiltzen dugu, software librearen artean garrantzitsuena baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude